Musika

Rockari lotutako (bi) bizitza

Dennis Hopper aktorearen bizitzak ardazten du ‘Life, Death and Dennis Hopper’, Mike Scott eskoziarra buru duen The Waterboys taldearen hamaseigarren diskoa. Iruñean eta Donostian aurkeztuko dute heldu den astean.

Mike Scott, The Waterboysen zuzeneko emanaldi batean. BERRIA
Mike Scott, The Waterboysen zuzeneko emanaldi batean. BERRIA
mikel lizarralde
2025eko azaroaren 30a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dennis Hopper aktore eta zinema zuzendaria 1936an sortu zen, Dodge Cityn, Kansasen, AEBetako erdialdean. Mike Scott abeslari, gitarrista eta The Waterboys taldeko burua, berriz, Eskoziako lurretan jaio zen, Edinburgon hain zuzen, 1958an. Ia 7.000 kilometroko eta 22 urteko distantziak bereizten ditu bi artistak, baina musikariak oso gertukotzat dauka aktorea: «Hopperren bizitza gure garaiaren historia izan zen. Gazte kulturaren leherketa handian izan zen bera, Rebel Without a Cause eta James Deanekin, eta pop artearen hastapenetan Andy Warhol gaztearekin. Kontrakulturaren parte izan zen, hippyena, eskubide zibilena eta 60ko urteetako eszena psikodelikoena». 

Rock-and-rollaren eta pop kulturaren ikono bihurtuta, Hopperren bizitzak kontatzeko asko du, eta hori bera egin du Scottek Life, Death and Dennis Hopper The Waterboysen azkeneko diskoan; aktorearen bizitza kontatu, alegia.

Life, Death and Dennis Hopper-ek  25 kantu biltzen ditu, eta Easy Rider filmaren zuzendariaren bizitza osoari egiten dio errepasoa, Kansasen jaiotzen den momentutik beretik haren heriotzaraino. Hasierako asmoa EP bat egitea zuen Scottek, Hopperri buruzko lauzpabost kantu biltzea. «Baina gero eta kantu gehiago iristen zitzaizkigun, eta, hamabi bat bildu genituenean, konturatu nintzen album bat genuela han, eta gai nagusia haren bizitzaren historia zela». 

Kantu bakoitzak Hopperren bizitzako une edo gertaera konkretu bat kontatzen du, eta, diskoa modu kronologikoan egituratuta dagoenez, aktoreaz ez ezik, hark bizi izan zuen munduaz, garaiaz eta gizarteaz ere hitz egiten du lanak. Hopperren erretratu «poliedrikoa» egitea izan baitu helburu Scottek azkenerako, haren alderik «ilunenak» ezkutatu gabe. 

Diskoan, Scotten taldekideek ez ezik, beste hainbat musikari ezagunek ere hartu dute parte. Bruce Springsteenek, adibidez, zenbait hitz errezitatu ditu Ten Years Gone abestian, Steve Earlek ahotsa eta gitarra jarri ditu Kansas-en, eta Fiona Appleren ahotsa eta pianoa dira Letter From an Unknown Girlfriend balada sentituaren protagonista erabatekoak.

Musikalki, gainera, The Waterboysek inoiz grabatutako disko irekiena da Life, Death and Dennis Hopper, 25 kantuko sorta horretan countrya, soula, folka, swinga, jazza, lounge-a eta bestelakoak entzun baitaitezke. 

Eskoziako soinua

40 urtetik gorako ibilbidean, The Waterboysek behin eta berriro berrasmatu du bere soinua, eta Scotten azkeneko lanetan apenas antzeman daiteke taldeak bere hastapenetan landu zuen soinu maiestatikoaren oihartzunik. Hain zuzen ere, 1980ko hamarkadaren hasieran argitaratu zituen hiru diskoei, The Waterboys ezagutzera eman eta Scott garaiko musikan rara avis bat zela erakutsi zutenei, big music etiketa jarri zieten, alegia, musika handi gisara deskribatu. 

Rock apasionatua, epikoa bezain lirikoa, dramatikoa eta dotorea biltzen zuten The Waterboys (1983), A Pagan Place (1984) eta This is The Sea-k (1985), eta baita taldearen kantu-ereserki ezagunenetakoak ere: A Girl Called Johnny, Church Not Made With Hands, The Big Music bera, The Whole of The Moon...

Gero iritsi zen Scotten fase irlandarra, musikaria folkera eta sustraietara eraman zuena, eta Fisherman Blues (1988) lan arrakastatsua egitera. Biolina, mandolina eta txirulak aditu daitezke horretan, eta bestelako The Waterboys bat ageri da azaleratuta, folk irlandarrari lotuagoa, AEBetako country musikari keinuak egiten zizkiona, eta Van Morrisonen klasiko bat (Sweet Thing) bere eremura eramaten zuena.   

Hortik aurrera, Scotten ibilbidea gorabeheratsuagoa izan da, eta nahiz eta disko aipagarriak grabatu —baita bere izenean ere, 90eko hamarkadan—, haiek nekez lortu dute lehenengo lau lanekin lortutako mailara iristea.

Taldeak bi kontzertu emango ditu, datorren astean, Euskal Herrian. Asteartean Iruñeko Baluarten izango da, eta, segidan, asteazkenean, Donostiako Kursaalean. Eta Scottek berak adierazi duenez, azken diskoko kantuak eta material zaharra uztartuko dituzte emanaldiotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.