Rockaz bustiko dute Miarritze

Aguxtin Alkhatek eta Interzone taldeek beren grabaketak aurkeztuko dituzte Bi Harriz Lau Xori jaialdian

Interzoneko Serge Teyssot-Gay eta Khaled al-Jaramani. PHILIPPE GASSIES.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2013ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Noir Desir taldearen musika ezagutu dutenek Serge Teyssot-Gay taldekidearen gitarraren soinua segidan ezagut dezakete. Zehatza bezain sarkorra, Damaskoko (Siria) kontserbatorioko eta Homseko Institutuko irakasle izan zen Khaled al-Jaramani oud jotzaile eta kantariarekin elkartzen duena, Interzone taldearen soinua sortzeko.

Damaskon zuten elkar ezagutu. Noir Desierrek hara eramanik, han entzun zuen Khaled al-Jaramani lehen aldiz Teyssot-Gayk. AEBetako armadak Iraken zibilez betea zen gune bat bonbardatu zuela eta, hori salatzeko egin zuen zuzenekoa. Horrek txunditu zuen gitarra jotzailea. Orduz geroztik, hiru grabaketa dituzte burutu elkarrekin. Hirugarrena dute Waiting for Spring izenekoa (Intervalle Triton), Miarritzera ekarriko dutena. Bi Harriz Lau Xori jaialdiaren karietara, Atabalen ariko dira etzi, 21:00etan. Carol Robinson klarinetearekin, Ibrahim Maalouf tronpetarekin eta Keyvan Chemirani zarb perkusioekin izango dituzte lagun. Beren musika esplikatzeko, erran daiteke Teyssot-Gayren gitarra elektrikoa eta oud instrumentuaren arteko elkarrizketa sakon bat dela, Khaled al-Jaramaniren kantuek jositakoa.

Berez, Interzone taldearen izena William Burroughsen Naked Lunch (1962) eleberritik dator. Tanger (Maroko) hirian idatzi zuen liburua. Junkie baten gogoaren gainbehera amesgaiztoko bat kontatzen du liburuak. Hainbat muga hausten dituenak, erokeria guztiak biltzen dituen herri batean, Interzone deitzen dena. Kamarek eta radarrek itoa eta definitua da, hemen, bikote musikariak «zartarazi» nahi duena, Teyssot-Gayk France Culture irratia azaldua duenez: «Guretzat Interzone-ak zirrituak dira, gure askatasuna bilatzeko guneak».

Alkhat, elektrikora pasatuta

Interzone aitzin, gitarra elektrikoak ere entzunen dira, Aguxtin Alkhat heletarrak taldearekin aurkeztu duen Ihes egin (Uso Pop) lehen diskoarekin. Willis Drummond eta Sister Simone & The Holy Balls taldeko musikari batzuekin elkarturik. Aspaldiko musikaria bada Alkhat; bere hitzak eta musikak idazten ditu, etabere sorkuntzak atxiki ditu. Baina akustikotik elektrikora pasatu den bezala, lagun musikariek gordetzen zuen hori askatzen lagundu dute, gitarra jokoa bezala, baita ahotsa ere. Bihar Saran dute lehen aurkezpena, Pleka ostatuan, 19:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.