Rodrigo Cuevas (Oviedo, Espainia, 1985) Asturiasko herri txiki-txiki batean bizi da, Vegarriondan, naturaz inguratuta. Artistak aspaldi aukeratu zuen hango giro patxadatsu eta idilikoa folklorea, performancea, ironia eta popa uztartzen dituen musika egiteko. Eta han du jatorria bere azken lanak ere: Manual de belleza. Trilogia moduko baten amaiera da disko berria, Manual de cortejo (2019) eta Manual de romería (2023) lanen ondoren.
Ikusi gehiago
Lan berria musikariaren unibertso artistikoaren birdefinizioa da, estetikaren arau estuak urratzeko proposamena. Izan ere, «inperfekzioan dago edertasuna», esan izan du Cuevasek. Eta, hain zuzen ere, ideia horren bueltan eraiki du lan osoa: utopia txikiz osatutako babesleku baten antzera, munduaren zaratatik ihes egiteko leku baten modura. Baina disko berriaren ezaugarri bereizgarriena kolaboratzaileen zerrenda da; belaunaldi, genero eta estetika oso desberdinetako artistak bildu ditu, batzuetan nekez imajina daitezkeen konbinazioetan: Ana Belen, Zahara, Rozalen eta Mala Rodriguez, besteak beste. Diskoa aurkezteko bira egiten ari da artista, eta gaur Donostiako Kursaalean izango da, 19:00etatik aurrera.
Cuevasen ibilbidea ulertzeko, ezinbestekoa da bere sormenaren baitako kontraesanak konprenitzea. Bere sustraiak bertako kulturan eta ahozko tradizioan sakon errotuak daude. Haurtzaroan xurgatu zituen Asturiasko eta Galiziako herri kantuak, errituak eta hizkera, gero, urteen poderioz, bere proposamen artistikoan modu ausartean berrasmatzeko.
Bartzelonan eman zituen urteek mugarria ezarri zuten haren bidean. Kataluniako Musika Eskola Garaikidean ikasi zuen, eta, kontatu izan duenez, etapa hura «ezinbestekoa» izan zen, ez soilik musika ikasteko, bere nortasuna eraikitzeko ere bai. Garai hartako giro irekiak eta estilo nahasketak arrastoa utzi zioten. Bestelakoa da, guztiz, gaur egun duen bizitza. Naturaz inguratuta bizi da, ia bakartuta. «Ez dakit hau ote den behar dudana, baina niri mesede handia egiten dit». Tradizioa maite du, baina, oinak lurrean, idealizatu gabe.
Gorputz disidenteak eta askatasuna
Galiziako eta Asturiasko tradiziotik edaten duen arren, Cuevasen musika folklore etiketatik harago doa. Artistak hasieratik uztartu ditu herriko musika eta garaikidetasuna, eta argitara eman dituen estudioko hiru lanetan tradizioak eta erritmo elektronikoak elkarrekin bizi dira, diskurtso erabat kontziente eta politiko baten bilduta. «Tradizioa ez da museo batean gordetzeko pieza bat; etengabe eraldatzen den zerbait da, eta guk ere eraldatu egin behar dugu», azaldu du elkarrizketa batean.
Cuevasen proposamen artistikoa ezin da ulertu gorputzaren presentziarik gabe. Oholtza gainean sortzen duen pertsonaia —camp, barrokoa, probokatzailea— posizionamendu politikoa da. Manual de belleza lanean, gorputz disidenteen presentzia are agerikoagoa da aurreko lanen aldean. Artistak berak esan izan du «plazerak eta desirak» ere badirela borrokarako tresnak, eta diskoa bada, neurri batean, askatasun horretarako dei bat ere.
«Mundua gure nahietara eginda ere, distopia bihurtuko litzateke», dio artistak. Esaldi horrek laburbildu dezake azken diskoaren ideia nagusia: idealismoa eta kritika eskutik doaz. Diskoak biltzen dituen hamar kantuetan ere ageri da ikuspegi hori. Pasarte batzuetan edertasuna ez da perfektua, baizik eta kontraesankorra: desiraren eta minaren artekoa, plazeraren eta zaurgarritasunaren artekoa. Cuevasek berak azaldu du abestiak «plazer eta lasaitasun une txikiak» direla, baina beti dutela bigarren geruza bat, ironiaz edo kritika sotilez betea.
Esaterako, Un mundo feliz kantan utopia ironiko bat irudikatzen du Cuevasek: mundu bat non denak kabitzen diren, non arauak apurtzen diren eta non askatasunak eguneroko bizitza gidatzen duen. Abestiak badu, gainera, balio sinbolikorik: Massiel abeslariak parte hartu du, eta horrek lotura zuzena sortzen du iraganeko farandularen eta egungo diskurtso disidenteen artean. «Esan zidaten: 'Badakizu Massielen gustukoa zarela?'. Eta nik: 'Ba, esan diezaiotela deitzeko'». Eta deitu zion. Estudioan elkartu, eta «magia» egin zuten, musikariak azaldu duenez.
Edertasuna ez da beti positiboa, botere eta arrisku iturri ere izan daiteke. Ideia horrek zeharkatzen du diskoaren zati handi bat, kontrastez beteriko ibilbide batean: BLZA kantan —Mala Rodriguezek parte hartu du—, Una muerte ideal abestian —Grande Amore taldearekin batera egin du—, edo Xardineru boleroan.
Lanaren beste indarguneetako bat aniztasuna da. Tarta Relenarekin egindako El pañuelo kantuak ahozko tradiziora eramaten du entzulea; La playa piezak egunerokoaren kronika ironikoa eskaintzen du; La fiesta kantuan, herri musikaren oihartzunak elektronika garaikidearekin nahasten dira; eta Sácame a bailar pasodobleak —Ana Belenekin batera ondua— maitasunaren eta desiraren kontakizun samurra proposatzen du.