Martxoaren 26an 45 urte bete ziren Roland Barthes idazle, semiologo eta kritikaria (Cherbourg, Frantzia, 1915-Paris, 1980) hil zenetik. Urteurrenarekin bat eginez, egun horretan bertan kaleratu zuen Katakrak argitaletxeak Dolu-egunerokoa liburua. Danele Sarriugarte itzultzaileak ekarri du euskarara.
Barthesen ohar laburren multzo bat da Dolu-egunerokoa. Hedoi Etxarte Katakrakeko editorearen esanetan, haren «autobiografia intelektual» bat da. 1977ko urriaren 25ean hil zitzaion ama idazleari; Henriette Binger zuen izena. Barthesek harreman estua zuen harekin, eta kolpe gogorra izan zen. Amaren hutsunea zela eta, heriotzaren biharamunean bertan ohar laburrak idazten hasi zen txarteltxoetan, eta amari buruzko oroitzapenak, heriotzaren inguruko gogoetak eta abar jasotzen. Horretan jardun zen 1979ko irailera arte.
1980an, auto batek harrapatu zuen idazlea, Parisko College de France unibertsitateko sarreran —irakasle aritzen zen han—. Egun batzuk larri igaro ondoren zendu zen, 65 urte zituela. Hala, ama hil ondoren idatzitako oharren bilduma Barthes hil eta hiru urtera argitaratu zuten, haren bulegoan topatu zituzten txartelak jaso eta ordenatu ondoren.
Oharren «oihartzuna»
Hainbat atal ditu liburuak: lehena, Dolu-egunerokoa deritzona, amaren heriotzaren ondorengo egunean hasten da, eta 1978ko ekainaren 21era heldu. Ondoren, egunerokoaren beste bi atal daude: 1978ko ekainetik urriaren 8ra arteko oharrak biltzen ditu lehenak, eta urte hartako azarotik 1979ko irailera bitartekoak bigarrenak. Amaieran, datarik gabeko oharrak eta amari buruzkoak bildu dituzte. Azken horiek Nathalie Leger idazle eta editore frantsesak bildu eta txukundu zituen jatorrizko bertsiorako.
«Dolua da gai nagusia, baina Barthesen kezka asko ere jasotzen dira: munduari edo idazketari buruzkoak»
DANELE SARRIUGARTEItzultzailea
Sarriugartek azaldu du hasierako ataletan oso sarri idazten zituela oharrak Barthesek —«asko jota bi edo hiru egun igarotzen zituen idatzi gabe»—, baina, denborak aurrera egin ahala, gero eta gutxiago idazten zuela. «Dolua da gai nagusia, baina Barthesen kezka asko ere jasotzen dira, munduari edo idazketari buruzkoak; eta lagunei eta egindako bidaiei buruz ere hitz egiten du».
Itzultzailearen ustez, ohar horiek oraindik ere badute oihartzunik: «Oso bizirik daude». Horietako bat jarri du adibide gisa,1977ko azaroaren 26koa: «Zeharo ikaratzen nau doluaren izaera aldikakoak».
Pasarteen xarma
Etxartek kontatu du idazlearen obraren parte handi bat puskaka idatzitako testuz osatuta dagoela —XX. mendean ohikoa zen horrela idaztea—. Literatur kritikaria zenez, Barthesek hitzaurreak idazten zizkien beste egile batzuei, eta, hain justu, testu horiekin eta jada idatzita zeuzkan beste batzuekin osatzen zituen bere liburuak. Horietako bat da Roland Barthes par Roland Barthes (Roland Barthes Roland Barthesek idatzia, 1975). Pasarteak eta egunerokoak idazteaz mintzatzen da hartan, eta honela dio: «Pasarte bat idaztea ez ote da neure buruari eskubidea ematea eguneroko bat idazteko?».
Idazleak aipatu izan zuen hasierak idaztea gustatzen zitzaiolako atsegin zuela pasarteak idaztea: «Hasierak maite ditut, irakurri nahi ditut, idatzi nahi ditut». Horrexegatik osatu zuen eguneroko bat. Etxarte: «Azken finean, egunerokoa pasarteen ekoizpena, kontenplazioa eta iraungitzea da». Pasarte horiek, batzuetan esaldi bakarrekoak izan arren, sakonak ere badira, editoreak gehitu duenez: «Unitate txikien bidez, sakonduz eta sakonduz joatea lortzen zuen».
Subjektibotasunez idaztea
Barthesen lan bat itzultzeko proposatu ziotenean, gauza bakarra eskatu zuen Sarriugartek: «bukaerako Barthesen» zerbait itzultzea. Izan ere, 1950eko eta 1970eko hamarkaden artean, besteak beste mitologiaz, semiologiaz eta estrukturalismoaz jardun zen idazlea bere lanetan, eta itzultzaileak aitortu du horrek ez diola hainbesteko interesik pizten. Idazlearen «bigarren aldia» du gustuko, zeinetan testu laburren bidez idatzi zuen.
Roland Barthes par Roland Barthes da gustuko dituen lanetako bat: «Subjektibotasuna nagusi da lan horretan, baina, aldi berean, teoriarekin eta pentsamenduarekin oso uztartuta dago». Sarriugartek uste du irakurlearekin jartzen duen distantziarekin eta sor dezakeen harremanarekin jokatzen duela. Fragments d'un discours amoureux (Maitasun diskurtso baten pasarteak, 1977) eta La chambre claire ere (Gela argia, 1980) aipatu ditu, horietan ere bizipenen bidez hitz egiten baitu egileak.
Hil aurretiko bi urteetan, Barthes irakasle ibili zen College de France unibertsitatean. Semiotikako katedra zuen, eta mintegiak ematen zituen. Dolu-egunerokoa-rekin ari zela, Le neutre (Neutroa) eta Le Préparation du roman (Eleberriaren prestaketa) mintegiak prestatu zituen. Egunerokoko oharrak bezala, mintegiak ere txarteletan prestatzen zituen, itzultzaileak kontatu duenez, eta, zeharka bada ere, horietan ere nabari da amaren heriotza . Gaur egun, mintegi horien transkripzioa eskuragarri dago frantsesez.
Liburuak argitaratzen zituenean, Barthesi behin baino gehiagotan aipatzen zioten lorratza utziko zuela literaturan. Hark, ordea, ez zituen gustuko halako adierazpenak. Halakoak entzutean, galdetzen zuen zergatik utzi behar ote zuen lorratza berak baldin eta amak ez bazuen utzi. Sarriugarte: «Ez daki zer-nolako monumentua utzi zion amari».