Roman Maiz 'Okelar'-en lagunarteko bertsoak bildu dituzte liburu batean

Inazio Maritxalarren grabazioetan oinarrituta osatu dute Nikolas Zendoiak, Pello Esnalek eta Joxemari Iriondok

Roman Maiz Okelar bertsolaria, duela hiru hilabete egindako argazkian. JOXEMARI IRIONDO.
Juan Luis Zabala
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
«Izan ere, bertsolari maitagarririk bada, horixe da Roman Maiz, Okelar bertsolaria. Eta norbaiten bertsoek plazaratzea merezi badute Okelarren bertsoek merezi dute». Pello Esnalek idatzitako hitzak dira, Roman Maiz, Okelar bertsolaria liburuaren hitzaurretik jasoak. Joxemari Iriondorekin eta Nikolas Zendoiarekin elkarlanean, Roman Maiz Okelar-en bertsoak jaso ditu Esnalek liburu horretan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eman du argitara bilduma hori, Auspoa sail ezagunean, 322. zenbakiarekin. Liburua egiteko oinarri nagusia Okelar parte hartzaile zuten hainbat saioren grabazioak izan dira, Inazio Maritxalar Mutrikuko bertso eskolako kideak urteetan jasoak.

Roman Maiz Okelar 1928an jaio zen, Mutrikuko (Gipuzkoa) Laranga bailarako Pikoaga baserrian, baina bi urte geroago familia osoa herri bereko Ibiri bailarako Okelar baserrira aldatu zen. Bertsozale amorratua ez ezik, bertsolari fin eta iaioa da Okelar, baina plazako eta jendaurreko bertso lanean ez da inoiz eroso sentitu; lagunarteko eta festa giroko saioetan eman du bere onena.

Ez da Ramon Maiz, Okelar bertsolaria liburu berria Okelarren bertsoekin osatuta argitaratzen den aurrenekoa. Mutrikuko bertsoeskolak Okelar liburua argitaratu zuen 1993an, Romani eta haren anaia Modesto zenaren omenez; eta 2009an, Okelar. Ahotik paperera. 25 urte liburua, DVD batekin hornitua, Okelar anaiak bertso-paperen 25. urteurrenean.

Inazio Maritxalarren enkarguak jarri zituen lanean Nikolas Zendoia lehenik, Pello Esnal eta Joxemari Iriondo ondoren. Maritxalarrek Okelarren hainbat bertso saio zituen grabatuak, haien transkripzio oharrez hornitua egin zuen Zendoiak, eta ondoren, oinarri sendo horren gainean, liburua osatu Esnalek eta Iriondok.

Liburuan jasotako saio guztiek «ezaugarri nagusi bera» dute, Esnalek dioenez: «jolasean eta festa-giroan eginak dira». Horrek eragin argia du saioen eta bertsoen izaeran: «Lagunarteko saioak izaki, bertsolariek berek aukeratuko dute gaia, nondik nora eraman saioa, noiz hasi eta noiz amaitu jardun bakoitza…; hitz batean, gaurko plazetakoak ez bezalako saioak dira. Egunean eguneko egoerak agintzen du, unean unekoak eta lekuan lekukoak».

Lagunartez lagunarte

Liburua «lilura eta liluramendu baten emaitza» da, Esnalek azaldu duenez. «Aspaldi liluratu zen Jon Azpillaga bertsolari handia Okelarren bertsoekin, lehenago Uztapide liluratu zen bezala. Eta Azpillagak, egun batean, Inazio Maritxalarri eman lilura horren berri, eta Mutrikuko Santa Eskean parte hartzera gonbidatu. Eta Inazio ere, Romanen bertsoekin liluratuta, pentsatzen hasi nola Roman baserri-zulotik aterako. Eta modua aurkitu. Eta Roman lagunartez lagunarte ibili bertso kantari, saioz saio Jon Azpillaga lagun duela, eta beste zenbait bertsolari tartean».

Azpillagaz gain, Patxi Etxeberria, anaia Modesto, Joxe Makazaga Ziolar, Jon Mugartegi, Juan Mari Narbaiza eta Nikolas Zendoia izan zituen bertso lagun Okelarrek lagunarte horietan, eta haiek saio horietan kantatutako bertsoak ere jasota daude liburuan Okelarrek kantatu zituenen ondoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.