Artea

Rosalind Nashashibik Gazarekin duen inplikazio «afektibo eta politikoa» ikusgai jarri du Artiumen

Artistak azken bost urteotan ekoitzitako margolanak eta 'Occupation of The Inner Life' filma bildu ditu museoak erakusketa batean. Gazako «miseriak» bistaratu, eta Palestinako erresistentziari elkartasuna adierazi nahi izan dio Nashashibik.

Rosalind Nashashibi artista bere margolan baten ondoan, Artiumen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Rosalind Nashashibi artista bere margolan baten ondoan, Artiumen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko ekainaren 12a
13:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sandiak, harriak, zaldiak, krisantemoak eta zisneak. Sinbolo horien bidez osatu du Rosalind Nashashibi artista eta zinemagileak (Londres, 1973) Palestinaren, oroimenaren eta erresistentziaren inguruko bere azken urteotako lan multzoa. Nashashibik 2021etik 2026ra bitartean egindako margolanak eta Occupation of The Inner Life filma (2026) bildu ditu orain Gasteizko Artium museoak, Get Me A Stone erakusketan. Azaroaren 1era arte izango da ikusgai.

Artistak Palestinako gatazkarekin duen «inplikazio afektiboa eta politikoa» da erakusketaren ardatza, baina auziari lotutako berehalako iruditeriatik harago ere badoa bilduma. Aita palestinarra du Nashashibik, eta urteak dira artistak sormenerako inspirazio duela hango gatazka. Haren lanak Israelen okupazioaren eta palestinarrek belaunaldiz belaunaldi pairatutako indarkeriaren isla dira. «Azken bost urteotan, saiatu naiz hizkuntza bat topatzen pinturan nire frustrazioak lantzeko, miseriak bistaratzeko», azaldu du artistak erakusketaren aurkezpenean. «Ez nituen irudiak soilik egin nahi; sinboloak, seinaleak eta moduak ere behar nituen hizkuntza piktorikoan aurrera egiteko».

Nashashibik Palestinan gertatzen ari denari erantzuteko bere ezintasun sentipenetik abiatu zuen bilduma sortzeko beharra. «Behar bat nuen Gazan eta Palestinan gertatzen ari denari aurre egiteko. Lan honek elkartasunerako aukera bat eman dit; kontaktuan jarri nau han bizi direnekin, lankidetzan aritu gara, eta gure elkartasuna oso garrantzitsua izan da».

«Azken bost urteotan, saiatu naiz hizkuntza bat topatzen pinturan nire frustrazioak lantzeko, miseriak bistaratzeko»

ROSALIND NASHASHIBIArtista

Hain justu ere, horixe da erakusketaren indargune nagusietako bat, Beatriz Herraez museoko zuzendariaren esanetan: arteak lekukotasuna emateko eta memoria gordetzeko duen gaitasuna. «Nashashibiren irudiek galdera asko planteatzen dituzte artearen ahalmenari buruz: keinuari eta lekukotasunari buruz, pinturaren eta dokumentuaren arteko harremanari buruz. Irudiek gorputza hartzen dute gure begien aurrean, eta horretan datza haien edertasuna eta indar politikoa».

Artium museoaren eta artistaren arteko harremana ez da berria. 2021ean, Nashashibiren hainbat film aurkeztu zituen museoak, eta egonaldi haren ondorioz sortu zen A Wider Kind of Love margolana. Lan horretan, sandia erdibitu bat ageri da, Palestinako banderaren koloreekin; urte luzez debekatutako ikur nazional horren ordezko sinbolo gisa erabili izan da fruta hori gerora. «Gaur egun ikono bihurtu da, eta irudi horri ezin zaio duela bost urte bezala begiratu», esan du Herraez museoko zuzendariak.

«Nashashibiren irudiek galdera asko planteatzen dituzte artearen ahalmenari buruz: keinuari eta lekukotasunari buruz, pinturaren eta dokumentuaren arteko harremanari buruz»

BEATRIZ HERRAEZArtium museoko zuzendaria

Antzeko zerbait gertatzen da Electrical Gaza filmarekin (2015). Artiumen bildumaren parte den lan hori 2014an filmatu zuen Nashashibik, Gazan, gaur egun neurri handi batean suntsituta dagoen hiri batean. Orduko eguneroko bizimodua erakusten du filmak, azken urteotako erasoek erabat eraldatu aurretik. «Gaur egun, oraindik bidean dagoen genozidio baten erdian, paisaia horiei begiratzeak munduaren hauskortasunaren kontzientzia itzultzen digu», adierazi du zuzendariak.

Harriak, erresistentziaren sinbolo

Erakusketaren izenburuak berak ematen du Nashashibiren lanaren giltzarrietako bat. Harriak behin eta berriz ageri dira haren margolanetan, Palestinako erresistentziaren ikur gisa. Esku batzuek harriei eusten diete hainbat koadrotan, okupazioari aurre egiteko lehen keinu gisa. Irudi horien atzean, Faris Odeh gazte palestinarraren itzala dago. 2000. urtean, Bigarren Intifadan, mundu osoan ezagun egin zen israeldarren tanke bati harriak jaurtitzen agertu zelako argazki batean; handik gutxira hil zuten gaztea. Nashashibiren unibertsoan, harriak ez dira borrokaren sinbolo hutsa, «arkitektura ere badira, bizitza eraikitzeko materiala», eta, aldi berean, zapalkuntzaren kontra matxinatzeko aukera iradokitzen dute, Catalina Lozano komisarioaren esanetan.

Erakusketako beste irudi nagusietako bat zaldia da. The Return izeneko margolan sailean, Edgar Degasen zaldien irudietatik abiatu da Nashashibi, baina esanahi berriak eman dizkie. Lerroan ageri diren zaldi horiek mugimendua, iraunkortasuna eta itzuleraren ideia iradokitzen dituzte, gaur egun Palestinan zaldiak ezinbestekoak direlako zaurituak, gaixoak eta janaria garraiatzeko.

Rosalind Nashashibi
Rosalind Nashashibi, The Return margolan saileko pintura baten aurrean, Artiumen. ENDIKA PORTILLO / FOKU


Krisantemoak, zisneak, oheak, arropak eta UNRWA erakundearen siglak ere behin eta berriz ageri dira margolanetan. Elementu horien bidez, artistak erbestea, memoria eta denboraren joana lantzen ditu. Krisantemoek bizialdi luzea eta hildakoen oroimena ekartzen dituzte gogora; zisneek, berriz, zeinu bihurtuta, historiaren eta identitatearen arrastoak. Eguneroko objektuen bidez, Nashashibik etorkizunari eusteko ahalegina erakusten du, suntsipenaren erdian bada ere.

Bide berean doa Occupation of The Inner Life filma ere. Artistaren alaba tarot irakurketa batean erakusten du, haurra etorkizunari buruz galdezka ari dela. Eszena intimo horretatik abiatuta, filmak gatazka egoeretan amets egiteko aukerari buruzko galdera planteatzen duela azaldu du Nashashibik: «Nire alabak galdetzen du ea etorkizunean maiteminduko ote den, eta tarotistak erantzuten dio itxaron egin beharko duela». Metafora baliatuta, zera galdetu nahi zuen artistak: «Zer gertatzen da ametsekin eta etorkizunarekin gatazka batean bizi zarenean? Film honetan ere Palestina dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE