Udako narrazioak

Route 66

Aitor Oñate
2026ko abuztuaren 9a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00
(ID_17847996049035) Aitor Oñateren narraziorako ilustrazioa
EXPRAI

Chevroletaren transmisio automatikoak zereginik gabe utzi du Aneren eskuineko eskua. Alboko eserlekua miatzen du, mugikorraren bila. Ibairen berririk ez.

Estatu Batuetako Route 66 ospetsura etortzea Aneren apustua izan da. Oporrak igarotzeko ez ezik, bikote-bizitzak egunerokoan sortzen dituen tentsioak baretzeko ere baliatu nahi zuen bidaia. Orain, ordea, hau guztia hanka-sartze handi bat ez ote den pentsatzen du. Bien arteko arrakala etengabe handitzen ari da, etxeko desorekak erreproduzituz: planen prestaketa bere bizkar erori da, eta Ibai, bien bitartean, denbora-pasan, Bud Light latak irensten, telebistaren 88 kanalak arakatzen eta txantxa gero eta astunagoak egiten; azken bihurrikeria, Aneren mugikorraren dei-doinua Athleticen ereserkiarekin ordeztea.

Iluntze oskarbi honetan, beraz, oporren ekuatorean, mutil-laguna Motel 6ko gelan utzi eta aire apur bat hartzera irten da Ane. Airea, eta erabaki bat. Lautada infinituko autobidean, ilargia lagun, bere bizitza distortsionatzen duen harremanarekin zer egin ebatziko du: orduan soilik itzuliko da motelera. Ibairi badaezpadako abisu bat emanda —«bueltan kontu batez hitz egin behar dugu, falta barik»—, badoa.

Chevrolet alokatuaren leihoa jaisten du. Gau sargoriak beso biluzia inguratzen dio eta ilearekin olgatzen du. Tarteka mozten den country emisorako doinuak xuxurlatuz, bolantea laztantzen du, txakur bat balitz bezala. Ez, zaldi bat balitz bezala.

Country roads, take me home... —kexu da irratia, totelka— to the place I belong...

Paisaiaren handitasunak eta bakardadearen bozgorailuak bularra puzten diote, eta hitzak jakin gabe abesten hasten da. Eztarria askatzearekin batera, azeleragailua neurririk gabe zapaltzen du, zaldi mekaniko honen barruan mendebaldea konkistatzeko gertu, mendebalderantz, beti mendebalderantz...

Argi gorri eta urdinak. Instintuz, abiadura moteltzen du, ia gelditzeraino. Patruila-auto bat eta furgoneta bat bide-bazterrean. Polizia-gizona lau hankatan dago asfaltoan, autoaren azpian babestu guran. Azal iluneko hiru morroik inguratzen dute, bakero kapelak buruetan eta makilak eskuetan. Bibote horiek, hazpegi zakar horiek… Narko-exekuzio bat ote? Haietako batek linternarekin gelditzeko agintzen dionean, Anek azeleragailua sakatzen du. Leherketak sentitzen ditu bularrean (tiroak?) eta Chevya galopan jartzen du, zaldi izutu bat lez.

Azeleratzean, autoaren kontrola galdu eta errepidea uzten du, eta otutzen zaio mexikar biboteak eta cowboy sonbreiruak ez lituzkeela sekula elkarrekin imajinatuko. Arroka eta hareazko aldapa malkartsu batean behera doa orain, bolanteari ozta-ozta eutsiz, basamortu azkengabean jauzika barneratuz.

Makal bakarti batek kolpetik eteten dio ihesaldi eroa.

Gorputza haztatzen du, bala-zuloen bila. Onik dago. Ahotsak aditzen ditu berrehun bat metrora, errepidearen ertzean. Ilargiak haien siluetak salatzen ditu, han goian, bakero kapelak buruan, hilketaren lekukoarekin zer egin eztabaidatzen. Haietako bat beragana dator, astiro, patxadaz. Ane, mugikorra eskuan, haitz baten atzean ostentzen da. Marmarrak Chevroletaren inguruan. Isilune bat gero. Urratsak, oraingoan urruntzen. Ez die merezi neskatxa ezdeus baten bila hastea, bistan da.

Anek dardara bat sentitzen du eskuan.

Athletic gorri ta zuria, danontzat zara zu geuria!!!

Giharrak tenkatuta, korrika irteten da ezkutalekutik, beherantz, beti beherantz. Zurrumurru bat aditzen du aurrerago: ibai bat? Uraren hotsa iparrorratz, ez da gelditzen hara heldu arte.

—Aizu! Ez daukazu ihesbiderik! —jazarleak, arnasestuka, ez du amore eman.

Duda egiteko astirik gabe, «ez nauzue bizirik harrapatuko» erabaki, eta jauzi egiten du, bere patua ur uherretan topatzeko prest. Bere pisu guztiarekin hondoa jo, eta ipurdiko mingarri bat hartzen du. Uraren maila orkatiletaraino iristen zaio. Katamarka ateratzen da lehorrera, garaituta, umiliatuta. Kondenatuta.

Etzan egiten da, ilargiari irribarre garratz bat eskainiz. «Kito, honaino heldu naiz».

Negar-malkoek bakero bota parearen irudia lausotzen diote, gero eta hurbilago. Begirada altxatu eta… lehengo polizia da. Bizirik! Zutitzera behartu eta eskuburdinak ipintzen dizkio. Hau ez zuen espero. Narkoentzat lan egiten ote du? «Torturatu egingo naute. Torturatu eta akabatu, txakur bat bezala».

Errepidera itzultzean, hiru mexikarrak dituzte zain. Belauniko erortzen da eta azkar bukatzeko erregutzen die. Agenteak zutituarazi eta, hitzak astiro ahoskatuz, datorrena azaltzen dio.

Aneren pasaportea eta bisa behar ditu, polizia ikustean ihesi atera den immigrante ilegal bat ez dela konprobatzeko. Kolaboratzen badu, bai, orduan azkar bukatuko dute.

Aneri barre ero bat ateratzen zaio, lasaituaren lasaituaz. Dokumentazioaren argazkiak erakusten dizkio mugikorraren pantailan. «Immigrante ilegala ni?» pentsatzen du, begiak hiru mexikarrengan pausatuz.

—Gabon, andereño —haietako zaharrenak kapela ukitzen du begirunez.

Bob Uriartek, espainiera garbian azaltzen dionez, Estatuko kontrata bat dauka: «Uriarte & Sons. Highway Maintenance».

Iluntzean, kamioi baten zamatik iltze mordo bat erori da eta, McAvoy sheriffari, bere osteratxoa egiten ari zela, autoko gurpilak zulatu zaizkio. Haren abisuari erantzunez, Bob bidea garbitzera etorri da bere bi semeekin.

Uriartetarrak lanean eta sheriffa gurpilak aldatzen ari zirela, hara non agertu den zorioneko Chevya. Lau gurpilak lehertu zaizkion arren, ihesean atera da gidari gaztea, tximista baten pare. «Zoro baten pare», zehazten du semeetako batek.

Anek autoa abandonatu duen norabidean begiratzen du.

—Deitu aseguruari —aholkatzen diote, erratzak eta mahukak furgonetan gordez.

—Eraman nazazue Motel 6ra, arren —dio Anek, negarrari ozta-ozta eutsiz.

***

Telebistaren dirdira urdinkara da gelako argi bakarra. Zurrungek gauaren isiltasuna urratzen dute. Pizza kartoi bat dago lurrean; jan gabeko ertz piloa eta pare bat atal ditu barruan. Anek bi zatiak irensten ditu aurrena, eta ertzak gero, bere mutil-lagunari begiak gainetik kendu gabe. Arropa lohiak erantzi eta haren alboan oheratzen da.

Ibaik, erdi lo, leku egiten dio eta altzoan zeukan zerbeza botila lurrera erortzen zaio, bidean aurkitzen duen guztia zipriztinduz. Aneren hasperenak oihartzun egiten du pladurrean.

—Deitu egin dizut —Ibaik ez ditu begiak irekitzen—. Zer esan behar zenidan?

—Bihar, falta barik —Anek izaren artean agintea bilatu eta telebista amatatzen du.

aitor oñate gardeazabal

(Bilbo, 1976). Euskal Filologiako eta Itzulpengintzako ikasketak egin zituen, eta itzultzailea da lanbidez. Ipuin suizidak narrazio bilduma (Booktegi, 2025) eta Lohizulo (Elkar, 2025) eta Robinen neba-arrebak (Elkar, 2026) eleberriak kaleratu ditu. 2023an, Kutxa Fundazioaren Literatura Sarietan aipamen berezia jaso zuen, eta 2026an, berriz, eleberri beltzaren JJ Abasolo saria Bilboko Liburu Azokan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA