Musika

Ruben Bladesen saltsa doinuak Gasteizko Jazzaldian entzun ahal izango dira

Roberto Delgadok eta haren orkestrako hogei musikari inguruk lagunduko diote abeslariari oholtza gainean. Uztailaren 17an egingo du emanaldia, Mendizorrotzan.

Ruben Blades, New Yorken iaz emandako kontzertu batean. ANGEL COLMENARES / EFE
Ruben Blades, New Yorken iaz emandako kontzertu batean. ANGEL COLMENARES / EFE
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko otsailaren 26a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Saltsa guztien poeta» deitzen diote Ruben Blades Panamako abeslariari. Latinoamerikako musikari ospetsuenen zerrendan dago gaur egun, eta Euskal Herrian ere haren abestien doinuez gozatzeko aukera egongo da: Gasteizko Jazzaldian joko du uztailaren 17an. Roberto Delgadoren orkestrarekin batera egingo du emanaldia, hainbatetan egin duen bezala. Delgado da taldeko burua, eta, harekin batera, hogei musikari inguruk lagunduko diote Bladesi oholtza gainean. 

Amerika osoan barrena egindako biran jada aurkeztu du bere azken lana artistak: Fotografías. Mendizorrotzara, berriz, uztailean iritsiko da. Lan berriko kantuak ez ezik beste hainbat pieza ezagun ere entzuteko aukera izango dela iragarri dute antolatzaileek, hala nola Pedro Navaja eta Decisiones.

1970. urtean ekin zion Bladesek musikari ibilbideari, eta luzea da ordutik jaso dituen aitortzen zerrenda; hamabi Grammy sari eta hamahiru Latin Grammy sari irabazi ditu, besteak beste. Azken horietako bat Fotografías diskoarekin eskuratu du, saltsa albumik onenaren kategorian. 

Musikan ez ezik, aktore lanetan ere ibili izan da; besteak beste, Robert Kirkmanek eta Dave Ericksonek zuzendutako Fear the Walking Dead telesailean —2015. urtean estreinatu zuten, eta 2023. urtean eman zuten azken atala—. Daniel Salazarren pertsonaia antzeztu du sei denboralditan, eta antzezpen horrengatik Imagen Awards sarietarako izendapena lortu zuen 2021. urtean, taldeko aktorerik onenaren kategorian.

Uztailaren 13tik 18ra egingo dute Gasteizko Jazzaldia aurten, eta datozen asteetan aurkeztuko dituzte gainontzeko artista gonbidatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.