Desamodioari egin dakioke aurre terapian, edo denbora pasatzen utzita. Sabrina Carpenter abeslariak (Pennsylvania, AEB, 1999), ordea, disko oso-oso bat eskaini die aitzineko bikote harremanek eragindako desamodioei: Man’s Best Friend abuztuaren 29an argitaratu zuen. Hamabi kantu dauzka, eta «pop sintetiko feminista» gisa deskribatu dute kritikariek. Abesti bakoitzak egoera jakin bat islatzen du, Carpenterren momentu bat, eta entzuleek harrera bero-beroa egin diote azken hilabeteotan.
Izan ere, diskoa orain bi aste eskas argitaratu arren, ekainaren 5ean publikatu zuen lehen singlea: Manchild. Amy Allen eta Jack Antonoff musikariekin batera sortu zuen abestia; haiek hala adierazita, «country zertzeladak dituen pop abesti bat da, hitzetan tonu jostalaria darabilena». Hain justu, «gizonen jokabide heldugabeari» egindako kantu bat da, eta molde beretik daude eginda gainerako 11 kantuak ere.
Carpenterrek bere alde satirikoa atera du azken diskoan —zazpigarren albuma du—, eta irudikatu nahi izan duen pertsonaia nolakoa den azaldu du azken egunotan: «Gizarte kapitalista batean gizonari emandako pribilegioengatik etsita hazten den emakume bat». Hamabi kantuetan aitzinera egin ahala, Carpenter pribilegio horiek geldiarazten saiatuko da, abesti batetik bertzera joan ahala konturatuko baita harreman horiekin duen lotura toxikoaz.
Artista ezagutzeko modu bat da Man’s Best Friend, eta, hark CBS Mornings telebista kateari berriki kontatu dionez, «hagitz modu kontzientean» aukeratutako gaiak landu ditu, baina, era berean, «sentitutakoa» idatzi du. Jorratu dituen gai horien artean dira, erraterako, desira sexuala, emakumearen deshumanizazioa, gizonen heldutasun falta eta genero rol estereotipatuak.
Horren guztiaren artean oreka bat bilatzen saiatu da Carpenter, eta argitu du ez dela hain erraza buruak eta bihotzak erabaki bera hartzea. Teorikoki, baina, ahalegindu da ideiak argi edukitzen: «Zure buruarekin larrua joko dudala uste duzu? Tira, arrazoi osoa duzu», dio kantu batean, kasurako. Beldur izatetik boterea izatera igaroko da diskoan: «Ez zaitez kezka, nik eragingo dizut kezka», dio bertze batean.
Ez da kanturik aditu behar barneko hitzak zeri buruzkoak izanen diren jakiteko; haien izenburuekin aski da kasu gehienetan: We Almost Broke Up Again Last Night, Nobody’s Son, Never Getting Laid, When Did You Get Hot? edo Goodbye dira horietako batzuk. Nahiko lasaiak dira kantu gehienak, House Tour izan ezik; axolagabe eta harro agertzen da artista.
Telebistako elkarrizketa hartan errandakoaren arabera, gizartearekiko «haustura sozial bat» bizi du. Bere burua zaindu nahi luke, eta horretarako mugak jartzen hasi behar duela ondorioztatu du. Hala dio Goodbye kantuan: «Agurrak esan nahi du bizitza osorako galduko nauzula. Horri ezin zaio maitasuna deitu; hori bukatu egin behar da».
Kontrolaren galera
Carpenterrek ideiak argi eduki arren, diskoa argitaratu zuenean entzuleen esku utzi zuen interpretazioa, eta elkarrizketan azaldu du gai jakin bati kantatuta ere nork bere zentzua eman diezaiokeela kantu bakoitzari. Baina, behintzat, jendeak hausnartu dezan nahi luke: «Emakume gazteok hagitz kontziente gara noiz daukagun kontrola eta noiz uzten diogun edukitzeari, edo zer tokitan ez dugun inoiz izan». Hortaz, albuma bera ikasketa prozesu gisa definitu du: «Ziur aski gaizki bukatuko den egoera batean noiz ari zaren sartzen jakiteko modu bat da, nahiz eta egoera horietatik ere ikasi egiten den».
Artistak jakinarazi duenez, «egoera triste eta mingarri batetik» sortu da albuma; hain zuzen ere, hortik askatu zenean eta jarrera aldatu zuenean. Min hartzea eta harremanak haustea «heldu egitearen parte» dela gaineratu du, eta, beraz, modu naturalean bizi du desamodioa. «Ez nuke maite izan ditudan pertsonen etsai bihurtu nahi».
Barnean pilatzen dena hobe da kanpora ateratzea, eta horretan ari da Carpenter. «Negar egiteko eta atsekabetzeko denbora nahikorik eduki gabe idazten hasi nintzen, baina ez zentzu erromantiko batean, baizik eta bizirik irauteko modu bat zelako». Ikasketa prozesutik ondorio bat atera du, beraz: pilatzen dena usteldu egiten da.
Ikasketa hori, baina, ez da amaitu diskoa aterata; aitzitik, artistak azaldu du oraindik ere jarraituko duela hanka sartzen, eta eroriko dela berriro. «Behin min hartuta ere zilegi da berriz leku berean erortzea, eta behin sendatuta ere zauriak ireki daitezke berriro». Bide batez, onartu du desamodioa «esperientzia bat» izan dela beretzat.
Bikotekide ohiak haserretu ote zaizkion galdetu dio kazetariak telebistan, eta hark nahiko lasai erantzun dio ezetz, kontzientzia garbi duela horretan. «Iruditzen zait nahiko gardena naizela kontatzen ditudan gauzetan, eta argi dago nik sentitzen ditudan bezala idazten ditudala; nire aldea kontatuta bakarrik, alegia. Baina uste dut kantuekin nahiko ohoratuak sentitu direla nire bikotekide ohi guztiak».
Abuztuko disko honen aitzinetik, ibilbide luzea egina da artista. Aktore modura egin zen ezagun, 2014an, Disney Channel telebista kateko Girl Meets World telesailean. Urte hartan bertan egin zuen jauzi musikara, eta lehen kantua atera zuen argira: Can't Blame a Girl for Trying. Geroztik, modu jarraituan eta iraunkorrean egin du lan musikan, baina joan den urtean lortu zuen gaur daukan fama, Short n' Sweet albumari esker.