Mungiako bertso eskolako kideek tabernetan-eta saioak egiten zituzten ostiraletan, 1990eko hamarkadaren erdialdean. «Gizon bat hurbiltzen zitzaigun, Mateo Sagasti zena, eta esaten zigun berak bazekizkiela bertso batzuk buruz», adierazi du Asier Legarretak (Mungia, Bizkaia, 1973). Zortzi Nobio zeukan izena Sagastik gogoratzen zuen bertso sorta hark. 11 ale zortziko txikian. Legarretak uste du garai hartan herrian «modan» jarri zituztela bertso haiek. «Baina Sagastiri galdetu ea norenak ziren, eta ez zekien zehazki». Hasi ziren inguruko herrietan galdezka — «askok zekizkiten buruz»—, eta azkenean deskubritu zuten Eustakio Larrabeiti Eulea-renak (Loiu, 1848, Galdakao 1936) zirela. «Estilo diferentea zuten gure eskualdeetan, Txorierrin eta Uribe-Butroen, kantatutakoekin konparatuta, eta konturatu ginen kalitatezkoak zirela, gainera». Jakin-minez hasi zen Legarreta Eulearen bizitzan eta obran arakatzen, eta Eustakio 'Eulea' ilbindu traspunte (Laukizko Udala) liburua kaleratu du orain gutxi.
Legarretak Eulearen lau bertso sorta zeuzkan bilduta 1990eko hamarkadaren amaierarako: Gatikako Bernarda, Jose Ramon Bilbaoren motiboak, Franzisko Orbegozokoari jarriak eta Zortzi Nobio. Jesus Etxeberria Gatikako abadea ere liluratuta zegoen bertso sorta haiekin, eta Legarretaren antzeko egitasmoa zeukan. «Esaten zidan Eulearen bizimodutik tiraka zebilela, baina segituan amaitzen zitzaiola kordela». Etxeberria zenak emandako informazioari esker aurrera egin ahal izan zuen Legarretak.
Uste du ikerketak ez diola «lan gehiegi» eman. «Kasualitateen bidez bideratu da dena». Bertso paperak lortuz joan zen, argazki originalak bilduz…. Haren familiatik bizirik dagoen pertsona bakarrarekin ere elkarrizketatu zen: Edurne Zugazaga bilobarekin, Zaldibarren. Bien bitartean, dezentetan jo zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegira, Bilbora, hango mikrofilmetan Euzkadi aldizkarian arakatzeko.
Izan ere, Laukizko berriemaile izan zen Eulea garai batean. «Bertsotan egiten zituen kronikak». Batez ere, Euzkadi-n ateratzen ziren haren bertso-paperak. «Batzuek esaten zuten Eustakiok ez zekiela bat-batean bertsotan egiten. Baina demostratu dugu ez zela egia». Eta bat-batean bazekiela demostratzeko argazki batzuk aurkitu zituen Legarretak: «Han zegoen Eulea Kepa Enbeita Urretxindorra-rekin, jelkideen mitin batean. Aurkezleak ziren, baina bat-batean ere bota zituzten bertso batzuk».
«Ironia finekoa» zen bertsotan. Bazuen, gainera, beste abilidade bat. «Hemen, gure eskualdean, errima eta metrika aldetik bertsoek ez zuten Gipuzkoakoen indarrik. Errima aldetik pobreagoak ziren. Xabier Amurizak berak azaldu izan du». Baina Euleak bazuen beste «sentsibilitate» bat. «Bere bertsoek errima nahiko aberatsak zituzten. Ez ziren soilik hoskideak». Horrek esan nahi du Gipuzkoatik «eredu on bat» eduki zuela. Amurizak berak adierazi zuen Bizkaikotik aldentzen zela Eulearen bertsokera: «Baladen ingurutik aldendu eta erromantzera pasatzen zela azaldu zuen». Hori jakin zuenean, zera galdetu zion Legarretak bere buruari: «Nor ote zen Eustakio Eulea?».
Gai «oso errekurrenteak» erabiltzen zituen bertsolaria, adibidez. «Normalean erlijioa eta abertzaletasuna ziren ardatzak, eta gero bere inguruan gertatukoei buruz hitz egiten zuen». Lagunei bidaltzen zizkien gutunak ere bertsotan izaten ziren: «Muxikako enbeitatarrei bidalitakoak, Galdakaoko Madariagatar Markeliñeri…». Politikari buruzko aipamenak ere, ohikoak: «Espainiako Gerra Zibila hastear zenean hil zen, baina berak Karlistaldiak ezagutu zituen. Sarjentua izan zen Hirugarren Karlistaldian. Garai hartako Madrilgo eta hemengo politika liskartsuaren berri eman zuen». Guztira 17 bertso sorta bildu ditu Legarretak: «Lau Euzkadi-ren filmotekara joan aurretik, eta 13, ondoren». Neurriari dagokionez, «normalean» zortziko handia erabiltzen zuen.
«Bazegoen zerbait»
Eulearen ibilia aztertuz, Legarreta konturatu da Muxikako bertso eskolaren aurretik ere Bizkaian izan zirela bertsolariak: «Bazirudien Muxikan sortu zela Bizkaiko bertsolaritza». Haren ustez, Txorierri eta Uribe-Butroe eskualdeei buruz bazegoen «ideia faltsu» bat. «Esaten zen gurean koplariak zirela. Ibiltzen zirela bertsotan, baina hala moduz. Egia ez dela demostratu dugu». Hortaz, iruditzen zaio «Muxikatik haratago» ere izan zela «kalitatezko» bertsolaritza, «ez zela basamortua, orain arte uste moduan».
Laukizen eule lanetan ibiltzen zenari esker izan da. Hortik, Larrabeitiren ezizena. Hortik, liburuaren izenburua. «Ilbindu-k josi esan nahi du, eta trespunte-k, berriz, eule lanean atzera puntada bat ematea». Ilbindu traspunte, esapide hori, Gatikako Bernarda sortako 19. bertsoan erabili zuen, «bere kontrako trama bat adierazteko». Hori dena eta gehiago erakusgai, irakurgai jarri du Legarretak, Sagastik kantatutako haien atzetik ibilita.
Sagastik kantatutakoen atzetik
Eustakio Larrabeiti 'Eulea' XIX. mendean jardundako bertsolariari buruzko liburua osatu du Asier Legarretak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu