Federico Guzman artista espainiarraren Tuiza —hassanieraz elkarlana esan nahi du— artelana da egitasmoko irudi nagusia. Bojadorko (Mendebaldeko Sahara) emakume errefuxiatuen laguntzaren eraiki duen haima bat da, koloretako oihalez osatua. Guzmanek azaldu duenez, "tragedia" alde batera utzi, eta "bizitza eta elkartasuna ospatu" nahi izan dituzte sahararrek obraren bidez. Donostiako San Telmo museoan egongo da uztailaren 3ra bitartean, eta haren barruan egingo dira Hondar artean egitasmoko ekitaldi gehienak. Jarduera horiek sarrera librea izango dute, leku guztiak bete arte.
Saharako herria pairatzen ari den okupazioa ardatz hartuta, hainbat gairen inguruko hausnarketa sustatzea da proiektuaren helburua: besteak beste, lankidetza, nazioarteko ordena, bakearen eraikuntzan emakumeek duten rola eta giza eskubideak landuko dituzte. Horretarako, bihar hasi eta ekainera bitartean, hainbat ekintza izango dira: hitzaldiak, zinema zikloak, erakusketak, egonaldi artistikoak, familientzako tailerrak...
Bihar bertan ekingo zaio programazioari, Oporrak Bakean egitasmoaren inguruko hitzaldi baten bidez. 11:00etan izango da, Tuiza-n, eta, bertan, Saharako haurrak oporretan etxean hartzeko progamari buruzko infomazioa emango dute. Datorren asteartean, leku berean, Euskal Herrian bizi diren sahararrek hango kultura nolakoa den erakutsiko dute, 17:00etan hasita: jolas tipikoen saio bat egingo dute, eta Minetu eta Ergueibi artistek kontzertu bat emango dute jarraian. Asteazkenean, berriz, 18:30etan, feminismoari eta erresistentziari buruzko solasaldi bat izango da.
Mohamed Fadel Euskal Autonomia Erkidegoko Saharako ordezkariak eskerrak eman ditu, egitasmoak "gatazka bat ikustera ematen duela" esanez.