Brian Dillon (Dublin, 1969) idazle eta kritikariak ama eta aita galduak zituen 21 urte zituenerako. Amaren gaixotasun kronikoak haren haurtzaroa eta nerabezaroa markatu zituen. Fikzio eta ez-fikzioko idazlea da Dillon, eta, literaturaz gain, arteari buruz ere bikain idazten du. Tracy Eminen Tate Moderneko erakusketari buruz idatzitako artikulua da azkena, Frieze aldizkariak argitaratua. Eminen lanaren berrinterpretazio berritzailea eskaintzen du bertan.
2017an Essayism argitaratu zuen, saiakerari buruzko saiakera aparta. Astiro irakurri beharreko liburua da, hitzak dastatuz, haren Theodor W. Adorno eta Walter Benjamin maiteek egingo luketen bezala. Atalez osatutako testua da: atal bakoitzak, letra etzanez (Roland Barthesi egindako omenaldi txiki modura), gai bat garatzen du, eta, amaieran, saiakeraren historiako mugarrietako aipuekin borobiltzen du. Arte komisario batek artelanak hautatzen dituen zehaztasun beraz erakusten ditu Dillonek bere egin dituen saiakeren pasarte hautatuak.
Nahiz eta saiakerari buruzko gogoeta izan, hori baino askoz gehiago ere bada Dillonen harribitxi hau. Saiakeraren defentsan, bere burua irakurle gisa nola eraiki zuen kontatzen du, eta, neurri batean, zeharkako bildungsroman bat ere bada. Bere irakurzaletasunaren hastapenak azaltzerakoan, azalkeriak alboratzen ditu. Dillonek azaltzen du amaren depresioak familia astindu zuenean irakurtzea ihesa baino askoz gehiago zela: munduarekin loturak egiteko modua zen, eta, zehazkiago esanda, munduan egoteko era bat bihurtu zitzaion.
Kontsolamenduari buruzko atalean kontatzen du nola 16 urterekin ama galdu eta biharamunean NME musika aldizkaria erosi zuen. Musika artikuluen bidez ezagutu zituen gustuko idazleak, hala nola Ian Penman eta Paul Morley. Artikulu horietako aipuek bultzatuta, liburutegietan Beat poetak eta Tom Wolferen lanak irakurri zituen. Musika iruzkinen generoa tradizionalki maskulinitatearen gotorlekua izan da. Hala ere, iruzkin horien bidez ezagutu zituen Susan Sontag, Germaine Greer eta Pauline Kael ere. Eta aurkikuntza garrantzitsuenetako bat Barthesen estiloa izan zen.
Nerabezaro gogor hura igarotzeko tresna izateaz gain, irakurtzeak bidea eman zion ulertzeko mundua hizkuntzak eraikitzen duela.
Heriotza eta estiloa
Liburuko orrialderik ederrenak gaixotasuna, galera eta hitza lotzen dituztenak dira; esate baterako, Virginia Woolfen gaixotasunari buruzko pasartea eta Barthesen Camera Lucida, hark ama galdu berritan argazkigintzari buruz idatzitako saiakera. Horiek aztertzean, agerian geratzen da Dillonen indarra irakurle eta idazle gisa. 16 urterekin ama galdu zuen irakurle gaztea ikus daiteke bertan, pentsalari frantsesak ama galdu berritan argazkigintzari buruzko gogoetak interpretatzen, eta horiek dira liburuko pasarterik zaurgarrienetako batzuk.
Jakina da euskarak ez duela halako tradizio sendorik, baina azken urteotan argi eta garbi egin da saiakeraren aldeko apustua
Barthesen Camera Lucida-k ez dio estilo akademikoari jarraitzen; ez du argazkigintzaren teknika ardatz, eta, hala ere, argazkiaren eta heriotzaren arteko harremana modu lakoniko eta sakonean aztertzen duen lana da. Gaur egun hainbat doktore tesitan aipatzen da, eta ez du hizkuntza zientifikoaren aztarnarik. Erraietatik sortutako lan humanista da, eta idazlearen ahotsak ematen dio indarra.
Adimen artifiziala unibertsitate sistema astintzen ari den garaiotan, tresna berriek azkar sor dezakete artikulu zientifiko txukun bat, baina ezin dute Barthesen edo Sontagen ahotsa erreproduzitu. Lehenengoa formula da; bigarrena, estiloa. Barthes edo Sontag eskatuz gero, AAk ematen duen emaitza pastiche hutsa izaten da. Dillonek AAren garaia baino lehen idatzi zuen saiakera, baina estiloari buruz esaten duena guztiz pertinentea da gaur egungo ekoizpen zientifikoaren homogeneizazioa ulertzeko.
Liburuaren amaieran, Dillonek aipatutako saiakeren zerrenda oparitzen dio irakurleari. Literatura onak ate berriak irekitzen ditu. Testuan ageri den NME aldizkariaren irakurle gazte sutsuaren antzera, egileak emandako iturriak aurkitzeko aukera du saiakerak irakurtzen dituenak. Zerrenda horrek, batez ere, testuinguru anglo-saxoitik eta frantsesetik edaten du.

Mundua sutan jartzeko euskarazko saiakerak
Jakina da euskarak ez duela halako saiakeragintza tradizio sendorik, baina azken urteotan argi eta garbi egin da saiakeraren aldeko apustua. Katakrakek saiakera garrantzitsuak itzuli ditu, besteak beste Stuart Hallen lan hautatuak eta Roland Barthesen Dolu-egunerokoa. Jakin aldizkariak, bestalde, artxibo lan erraldoia egin du bertako pentsamendua gorde eta zabaltzeko, eta hainbat argitaletxek ildo berriak ireki dituzte.
Lisipe sailak argitaratu du azken urteetako saiakera salduenetako bat: Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik. BERRIAk Jule Goikoetxea editorearekin hitz egin du generoaren inguruan, eta honela dio: «Ni saiakeren editorea naiz, ez literaturarena. Horregatik egiten dugu saiakeren aldeko apustua: alde batetik, askotan literatura ere badirelako; bestetik, ni editorea naizelako eta saiakerak editatzen ditudalako; eta hirugarrenik, beharrezkoa ikusten genuelako pentsamendu feministan oinarritutako bilduma bat sortzea euskaraz eta euskaldunentzat, halakorik ez baitzegoen».
Zalantzarik gabe, irakurle multzo berri bat sortu du Lisipek. Goikoetxea: «Saiakera politikoak dira, eta, beraz, gizartearen zati politizatuenek irakurtzen dituzte. Gainera, kontatutakoek erabilgarri izan behar dute gazteentzat; nire helburua marko politiko zehatzak sozializatzea delako, horrek eraldaketa politikoa ahalbidetzen duelako. Eta eraldaketa politikoan gazteak ezinbestekoak dira».
Formatu txikia
Azken apustua Alberdania argitaletxearena da, saiakera formatu txikian argitaratzeko, Patrika sailarekin. Aritz Galarraga editoreak honela defendatu du egitasmo berria: «Nik uste beharrezkoa zela Patrika bezalako sail bat, bai editore, bai irakurle bezala. Gaur egun hainbestekoa da informazio anabasa, hainbestekoa iritzi ugaritasuna, eta gero eta lausotuagoa egia dei diezaiokegun balioarekiko ziurtasuna, non oso eskergarria den idazle batek gai jakin baten inguruan duen iritzia ezagutzea. Hori baita Patrikaren helburua: esateko zerbait daukan pertsona bat gai jakin baten inguruan jardutea, estilo pixka batekin. Azken finean, bat nator Dillonekin: iruditzen zait saiakeran daudela jarrita idazle eta irakurle askoren itxaropenak; izan ere, iritziaren eta balorazioaren bidez, gaur egungo kezkei erantzun posible bat ematen lagun dezake».
Saiakerak mundua pentsatu eta eraldatzeko indarra du. Saiakera on batek mundua sutan jartzeko gaitasuna ere badu, eta Brian Dillonen liburuak saiakeraren sua berpizten du.