«Nahi genuena lortu dugula eta esan behar genuena esan dugula sentitu dugu, eta horregatik erabaki dugu lan polit batekin amaitzea». Sarah Cracknell Saint Etienne musika taldeko abeslariaren hitzak dira horiek, baina banda osatzen duten beste bi musikariekin, hau da, Bob Stanleyrekin eta Pete Wiggsekin hartutako erabakia izan da Saint Etienneri amaiera ematea, hirurek aitortu dutenez. Stanleyk jarri zuen mahai gainean 35 urteko bidea bukatzeko proposamena, eta Cracknellek, berriz, agurreko album bat egitekoa. Horren emaitza da International, Saint Etienneren hamahirugarren eta azkeneko diskoa.
Bere kasa eta garaian garaiko modei izkin eginez mugitu izan da beti Saint Etienne taldea. 1990ean sortu zuten Wiggsek eta Stanleyk —Cracknell urtebete geroago batuko zitzaien—, eta hasieratik erakutsi zuten indie-popa, 1960ko hamarkadako doinuak, elektronika eta eurodancea uztartzeko nahia. Gerora ere beren bidea egin dute beti, dantzarako doinu askotan malenkoniatsuak landuz, eta beren musikara folk arrastoak ere gehitu izan dizkiote sarritan, baina horrek ez du apaldu taldearen nortasuna.
Joan den urtean taldeak The Night diskoa argitaratu zuen, ambient musikatik gertu dagoen eta dantzarako aukera gutxi ematen duen album intimista. Hura taldearen corpusetik dezente aldentzen den lana izanik, Cracknelli, Stanleyri eta Wiggsi iruditu zitzaien ez zela egokia Saint Etienneren ibilbideari bukaera emateko, eta taldearen nortasun zeinu agerikoenak bilduko zituen lan bat grabatu behar zutela agur esateko. Eta ideia horrekin iritsi da International. Cracknell: «Uste dut gure disko onenetakoa dela, oso pop eta oso dantzagarria. Gainera, oso dibertigarria da».
Kolaborazio ugari
Glad diskoa irekitzen duen kantuak —International-en lehen singlea ere izan zen— erabat baieztatzen ditu Cracknellen hitzak. Aldi berean alaitasuna eta malenkonia barreiatzen dituen hit bat da, dantzarako gonbita egiten duena. «Malenkonia izan da urte hauetan guztietan gehien jorratu izan ditugun emozioetako bat, eta kantu horretan oso presente dago». Kantu horretan Tom Rowlandek (The Chemical Brothers) eta Jez Williamsek (Doves) parte hartu dute, eta diskoko gainerako kantuen beste ezaugarri bat ere aurreratzen du detaile horrek: International kolaborazioz josita dago.
Agurreko festara aspaldiko eta gaurko lagunak gonbidatu dituzte, hala kantuak idazteko nola ahotsarekin edo beste tresnaren batekin parte hartzeko. Horrela, Janet Planetek abestu du Brand New Me pop kantu itsaskorrean, Vince Clarkerekin (Depeche Mode, Yazoo) idatzi dute Two Lovers dantzagarria, eta Paul Hartnollek (Orbital) Take Me To The Pilot elektronikoan parte hartu du.
Eta orain zer? Badirudi 2026an taldeak agurreko kontzertu batzuk emango dituela, eta horrekin iritsiko dela erabateko amaiera. «Agurreko festa handi bat egiten saiatuko gara».