Katu ileak txandaletan; izenburu horixe jarri dio Saioa Alkaiza Guallarrek (Iruñea, 1991), behin-behinean, bere lehendabiziko eleberria izanen denari. 28. Igartza sariari esker idatziko du liburua, hura izendatu baitute gaur sariketako irabazle. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak (Gipuzkoa) eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka da Igartza saria, eta 10.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza. Hamasei proiektu aurkeztu dira aurten, eta Olatz Mitxelenak, Esti Martinezek eta Garazi Kamiok osatutako epaimahaiak Alkaizaren lana aukeratu du. Mariola Paskual Beasaingo Udaleko zinegotzia eta kultura ordezkariak, Bianditz Iraola CAFeko euskara arduradunak eta Xabier Mendiguren editoreak eman dute prentsaurrekoa.Â
Nahia izena du Katu ileak txandaletan obrako protagonistak, eta pobreziak eta biolentziak markatutako familia bateko alaba da. «Iruditzen zitzaidan askotan fikzioan pertsonaiek aseta izaten dituztela beren betebeharrak eta, orduan, problematikak sortzen direla oinarri oso desberdin batetik», azaldu du Alkaizak. «Ez da gauza bera zure bikotekideak adarrak jartzea frigorifikoa hondatu eta gero ezin duzunean beste bat ordaindu, edo oinarrizko arazo ekonomiko hori aseta duzunean».Â
Ez daki zehazki nola deitu: klase azpiratua, prekaritatea, pobrezia... baina anitz hausnartu du zapalkuntza horren inguruan, dioenez. «Ematen du pobreak beti besteak direla, eta askotan karakterizatu egiten dira pertsonaia horiek». Barrenetik idatzi nahi zuen Alkaizak. «Zeren gu ere izan gaitezke pobreak», zehaztu du.
«Zapalkuntza egoerekin sekulako drama bat egiten ez bada, egoera bera arruntago bihurtzen ari zara nahigabe. Ez bada hain dramatikoa, esan nahi du naturalagoa dela, edo ez dela kasu isolatu bat, behintzat»
SAIOA ALKAIZA Bertsolaria eta idazlea
Hori da, hain zuzen ere, idazleak egin duen ariketa: urrun zirudiena bizitza errealera gerturatu. Geruza anitz ditu protagonistak, baina erakutsi nahi luke elkarri hagitz lotuta daudela horiek denak. «Bazterketa jasaten duzunean eta aparteko geruza horretan bizi zarenean, errazago iristen zaizkizu beste zapalkuntza eta bazterketa denak», kontatu du idazleak, eta nabarmendu du saiatuko dela aztertzen geruza horiek zer harreman daukaten elkarren artean.Â
Xabier Mendigurenek aipatu du «nahiko gai serioak» irakurri dituela laginean baina ez zaiola iruditu biktimismotik idatzita dagoela. Aitzitik, umorea eta ironia erabili ditu bertsolariak; horra bertze mekanismo bat egoerak errealitatera ekartzeko. «Zapalkuntza gaiak superdrama batzuk bihurtzen dira, eta egoera hori bizi duten pertsonak estigmatizatu egiten dira. Urruna eta arraroa ematen du, eta gure gizartearen ehuneko handi-handi batek bizi ditu halako zapalkuntza egoerak, edozein direla ere».Â
Gai serioak darabiltzan arren, beraz, dramarik egin gabe jardungo da, eta horrelaxe lortu nahi luke barru-barrutik kontatzea istorioa. «Zapalkuntza egoerekin sekulako drama bat egiten ez bada, egoera bera arruntago bihurtzen ari zara nahigabe. Ez bada hain dramatikoa, esan nahi du naturalagoa dela, edo, behintzat, ez dela kasu isolatu bat».Â
Lehen pertsonan idatziko badu ere, kanpotik begiratzen duen narratzaile orojakile bat ere izanen du eleberriak. Eguneroko batetik ateratako pasarteak izanen dira batzuk, eta hirugarren ahots batek kontatuak bertze batzuk. Hori, ordea, aitzinerago ikusiko da, oraindik «gauza asko findu eta hutsetik sortu» behar dituelako.Â
«Harreman sexu-afektiboen gaiaz zerbait idatzi nahi nuen, eta zalantzan jarri nahi izan dut zein euskarri dauzkagun bikote bat erortzen zaigunean»
SAIOA ALKAIZA Idazlea
Digitalizazioa ere sartu nahi luke nolabait, batik bat sare sozialen erabilerari erreferentzia egiteko. Interneteko iruzkinak erabiliko ditu horretarako, erakusteko batak bertzeari egindako iruzkinek eragina izan dezaketela mundu errealean. Alegia, pantailako mundua ez dagoela hain urrun bizitza analogikotik. Baina, dioenez, digitalizazioa etengabe eraldatzen da mundu honetan, eta zalantza dauka ideia ez ote zaion zaharkituko. «Digitalizazioa azkar zahartzen da literaturan, orain modernoa dena hemendik urte batzuetara oso zaharra izan daiteke eta».Â
Amatasuna eta genero gatazkak
Nahiak bikotekide bat zuen, Lea, eta hark utzi egin du; bertze batekin joan da. «Harreman sexu-afektiboen gaiaz zerbait idatzi nahi nuen, eta zalantzan jarri nahi izan dut zein euskarri dauzkagun bikote bat erortzen zaigunean», erran du. Amatasunarekin ere ibiliko da; «mandatu patriarkala» deituko lioke protagonistak. Zaintza lanak genero sortzaile gisa aztertu ditu, eta Nahia bera generoarekiko gatazkan dagoen norbanako baten moduan irudikatu du. «Emakumetasun hegemonikoak kezkak sortzen dizkio, eta amatasuna aitzakia bat da genero binomioa lantzeko». Dena dela, zeharka jorratu nahi du gaia, ez dadin hain diskurtsiboa eta hain azalekoa izan.Â
Harremanen ideia horrekin, finean, sortu litezkeen konplexutasunak garatu nahi lituzke idazleak. Haren irudiko, harreman anitzek kontraerranak izaten dituzte, eta ideologia zurrun bat beti jar liteke kolokan. «Bizitza ez da hain sinplea, eta saiatuko naiz ez egiten hain gauza kategorikorik».Â
40 urtera bidean da Nahia, eta Alkaizak urtebeteko epea du haren bizitza idazteko. Igartza sariaren diru kopuruaren erdia orain jasoko du, irabazle izendatua izan bezain laster. Bertze erdia, aldiz, idazlana entregatzen duenean eta epaimahaiak onespena ematen dionean jasoko du.Â
Protagonista baina gaztexeagoa da Alkaiza, 34 urte dauzka, eta aspalditik aritzen da sorkuntzan. Bertsotan egin zen ezagun —Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna izan zen 2021ean, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen bigarren itzulira iritsi zen 2022an—, eta eleberria idazteko saltoa egin du orain. Aitortu du, baina, sariagatik izanen ez balitz ez lukeela sekula libururik idatziko. «Sorkuntzan aritzea da baliabide naturalak izatea eta denbora nahikoa edukitzea horri ekiteko. Sistema kapitalista zis-heteropatriarkal batean hori oso zaila da lortzen», erran du, eta eskerrak eman dizkio Igartza sariketako antolatzaileei. «Beka hauek mugarri bat dira bizitza saturatuetan denbora eskaintzeko».Â
Gauzak ongi bidean, heldu den urtean argitaratuko du Alkaizak Katu ileak txandaletan. Bukaera burutan, bertsoaren gainerako puntuak idazteari ekinen dio orain.