Z belaunaldia edo kristalezko belaunaldia esaten zaie 1997. urtetik aurrera jaiotakoei. Horietako bat da Julen Apella, eta, hain justu, bere belaunaldikoen parrandak, harremanak, ikasketak, ametsak, ezintasunak eta abar azaleratu ditu Sakelako bihotzak nobelan (Elkar). Agustin Zubikarai saria irabazi zuen iaz, Abizen berri bat lanarekin, eta urtebeteren buruan ondu du nobela. «Ikasketa prozesu bat izan da; izan ere, funtzio bat ematen diot literaturari, eta zera da, nire inguruan ikusten dudan hori ulertzen saiatzea». Poesia liburu bat idaztetik dator, eta, prozesuak «erabat» ezberdinak izan diren arren, biak «asko gozatu» dituela aitortu du.
2023. urtean kokatzen da nobela, pandemia osteko normaltasuna berreskuratu zen garaian. 21 urteko bi lagun min dira protagonistak: Jokin eta Felix. Jokinek Arte Ederrak ikasi zituen, eta orain master bat egiten ari da. «Ez daki oso ondo zer egin bere bizitzarekin. Konfinamenduan depresioak jota egon zen, eta bere bizitzari buelta bat ematen ari da, hortik atera nahi duelako», kontatu du idazleak. Izaera bizia du, karismatikoa eta kaotikoa, baita jendea erakartzeko eta liluratzeko gaitasuna eduki ere. Idazlearen hitzetan, ohikoa da horrelako lagunen bat izatea. Felix, ostera, bestelakoa da: «Hotzagoa da, arrazionalagoa eta objektiboagoa. Bizitza egonkor eta orekatua eduki du beti, baina, Jokinen antzera, krisian dago». Gradua amaitu du, eta ez daki zer egin. Maitane bere bikotekidea, Erasmus programaren barruan, beste herrialde batera joan da ikastera, eta harremana irekitzea erabaki dute.
Nerabezarotik helduarorako trantsizioan daude bi gazteak, «linbo» moduko batean: «Jada ez dira nerabeak, baina oraindik ez dira heldu funtzionalak ere. Ez dute lan egonkorrik, ezta etorkizunerako plan zehatzik ere». Fase hori protagonistek nola bizi duten azaldu du Apellak nobelan, besteak beste garapen psikologikoa, soziala eta identitarioa erakutsiz. Sara Fantovaren Jone, batzuetan filmarekin lotu du lana une batean, Sakelako bihotzak liburuak badituelako filmean islatzen diren ezaugarri batzuk.
«Ikasketa prozesu bat izan da; izan ere, funtzio bat ematen diot literaturari, eta zera da, nire inguruan ikusten dudan hori ulertzen saiatzea»JULEN APELLA Idazlea
Askotariko gaiak landu ditu nobelan: «Gazteok bizi dugun prekaritate laborala, harreman eredu berriak, egun hainbestetan aipatzen den hiperestimulazio terminoa eta horren ondorioak, eta egungo komunikazio edo komunikazio ezaren ereduak, besteak beste». Komunikazioa, esaterako, gai unibertsala eta eternoa da idazlearentzat; beraz, hori egungo egoeretara egokitu du. Inozentzia ere bada landu dituen gaietako bat: «Batetik, inozentziaren galera bat dago. Haurtzaroko eta nerabezaroko inozentzia puntu hori galtzen ari dira protagonistak, baina, era berean, inozentziaren beharra ere badute».
Edonola ere, Apellak ez du uste nobela belaunaldi jakin baten elementuetan sostengatzen denik. «Nik beti defendatu izan dut literatura arte unibertsal eta eterno bat dela, gaur arte behintzat. Nobela honetan ere gai eta kezka unibertsalek hartzen dute istorioaren zati nagusi bat». Maitasuna, desira, beldurra eta komunikazio arazoak dira, besteak beste, kezka unibertsal horiek. Mendez mende, hainbat lanetan islatu dituzte gai horiek, baina, «obra edo nobela bat ona den edo ez esateko», idazlearen ustez gako garrantzitsu bat kontuan hartu behar da: «Unibertsalak eta eternoak diren gai horiek egungo testuingurura ekarri behar ditu autoreak. Arazo horiek eguneratu behar ditu, alegia».
Distantzia hartzea
«Pertsonaien kezketan eta alderdi psikologikoan oinarritu naiz; ez nuen drama existentzialista bat egin nahi». Horregatik, hirugarren pertsonan kontatu du istorioa. «Arteak dio literaturak egin behar duela barneratutakoa eta pentsatutakoa zirikatu, eta zalantzan jarri. Nire burutik atera nahi nuen, eta distantzia puntu batetik kontatu». Distantzia hartze bat dago, narratzailea ere hotza eta urrunekoa baita. Ironia erabili du, eta pertsonaien pentsamenduetan sartu eta atera aritu da.
Distantzia hartze horrek pertsonaiekin beste harreman mota bat edukitzeko aukera ematen du, Apellaren ustez. «Hala ere, pertsonaiak askotan patetiko samarrak dira, eta irakurlea agian ez da haien kezkekin identifikatuta sentituko. Zaila da belaunaldi baten izenean hitz egitea, eta ez dut uste hori denik kasua».