Sakrifizioa gozamen

San Sebastian santu kristauaren martirioa ardatz duten 76 sormen lan ikus daitezke gaurtik Donostiako Kubo-Kutxa aretoanGeziz jositako gorputz biluziaren inguruan 45 artistak eginiko irakurketak bildu dituzte

Francisco Leiroren egur eta metalezko eskultura handi bat nabarmentzen da Kubo-Kutxa aretoan, gaur zabalduko duten erakusketan. JON URBE / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Erdi biluzik eta gorputza geziz josita daukala. Hori da San Sebastian santu kristauaren irudirik ezagunena. Haren oinazean estasira iritsitako martiriaren figurak artista ugariren arreta erakarri du, kristautasunari lotutako lan klasikoenetatik begirada garaikide profano eta apurtzaileetaraino. San Sebastianen bizitzaren pasarte ezagunena ardatz duten 76 lan bildu dituzte Donostiako Kubo-Kutxa aretoan, San Sebastian. Esparru sakratu eta profanoari buruz. Imaginario garaikidea erakusketan. San Sebastian bezperan, gaur zabalduko dute erakusketa, eta heldu den martxoaren 27ra bitarte izango da ikusgai.

Martirioaren irudiak mendeetan sortutako ikonografia aberatsa baliatu dute Fernando Golvano eta Javier Balda komisarioek bilduma osatzeko. Golvanok azaldu duenez, San Sebastian da, Jesu Kristorekin batera, gehien irudikatu den figura erlijiosoa; bi horiek dira, gainera, biluzik irudikatu izan diren figura kristau bakarrak. Jesu Kristo gurutziltzatua heriotzarekin lotu izan da, eta San Sebastian, berriz, oinazearekin, sakrifizioarekin eta horrek eragindako gozamenarekin uztartu da. Golvanoren hitzetan, kristautasunaren irudia gainditu eta askotariko aurpegiak dituen figura gisa aurkezten du arte garaikideak. Hala, artista askok esanahi mistiko, erotiko, sexual, nartzisista edo ironiko bati lotuta irudikatu dute beren artelanetan. Haren inguruan sortutako ikonografia guztia katalogatzea baino gehiago, artisten interpretazio ugarietatik batzuk aukeratu eta biltzea izan da komisarioen helburua.

Egurrean landutako estilo klasikoko piezak jarri dituzte aretoaren sarrerako gela txikian. Kutxaren arte bildumakoak dira pieza horiek. Haiekin gela partekatzen dute obra garaikideago batzuek, tartean, Nori Ushijimaren akuarela batek, Joan Brossaren instalazio txiki batek eta Donostiako Santa Maria elizari Patti Smithek ateratako argazkiak. Bill Violaren ikus-entzunezko lan bat ikus daiteke gela berean.

Areto nagusira sartzean, askotariko lanak topatuko ditu bisitariak. Jorge Oteizak 1950ean zinkean eginiko San Sebastián eskultura txikia, izen berarekin Nestor Basterretxeak 1983an eginiko marrazki bat eta Miguel Angel Alvarezen Martirio de San Sebastián (1967) tamaina handiko olioa daude alde batean. Haien parean, Joan Priegok egurrean zizelkatutako figura dago, soinean dardoz jositako diana bat duena, eta alboan, bederatzi argazkirekin Miguel Rio Brancok osatutako erretaula itxurako konposizioa. Adonis moduan irudikatu dute santua Pierres et Gilles artistek, eta sexualitateari egin diote erreferentzia Pierre Gonord, Guillermo Perez Villalta eta Nazario Luque Verak, azken horrek irudi sadomasokistak agertuz, esaterako.

Lan «apurtzaileak»

Francisco Leiro, Jose Guinovart, Dario Villalva, Manuel Boix, Eugenio Ortiz, Francisco Leiro, Jose Ramon Amondarain, Carmen Calvo eta Mayte Vietaren lanek osatzen dute, besteak beste, areto nagusiko bilduma. Goiko aretora joateko eskaileran gora doala, Bizente Ameztoiren bi margolan topatuko ditu bisitariak.

Goiko aretoan obra «apurtzaileenak» bildu dituztela azaldu dute erakusketaren antolatzaileek. Besteak beste, Leopoldo Ferran eta Agustina Oteroren Cautivo (1998) eskultura, Equipo Limitek sinatutako margolan koloretsu bat eta Alfredo Garcia Revueltaren margolan satiriko bat daude bertan. Satiratik jo du Ramon Zurriarainek ere bere lanean, margolan batean eta hainbat postaletan Odon Elorza alkatea geziz josita irudikatu baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.