Norman Fosterren Agravitas proiektua gailendu zen Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lehiaketan, baina, Bilboko Arte Ederren Museoko Herri Defentsa Mugimenduak adierazi duenez, deialdi publikoaren oinarriak «urratzen» ditu arkitekto estatubatuarraren proiektuak. Plataformako kide Fernando Perez Rodriguez-Urrutia arkitektoak azaldu duenez, «deialdiaren oinarrietan gune berde gisa adierazitako inguruan eraikitzea aurreikusten du Fosterren planak», nahiz eta inguru horretan ezin zitekeen eraiki, lehiaketaren oinarriek adierazten zutenenaren arabera. Zehazki, 15 metro luze, 50 metro zabal eta beste 15 metro garai den zati bat eraikiko da mugez kanpo; Perezek zehaztu du guztira 10.000 metro kubikoko «inbasioa» litzatekeela, eta, horiek horrela, proiektuari «ebasketa» iritzi diote plataformako kideek.
Horrez gain, Iñaki Uriarte arkitekto eta plataformako kideak jakinarazi du «deialdia egin zenean indarrean zegoen Bilboko hiri antolamenduko plan orokorra ere urratzen» duela. Halaber, EAEko Ondare Kulturalaren legearen hainbat atal ere «hausten» ditu, San Fernando Arte Ederren Akademiak ondorioztatu duenez —Perezek egin zien kontsulta bati erantzuna emanez—: hain zuzen, ahalik eta esku hartzerik txikiena egitea, edozein garaitan egindako eransketak errespetatzea eta multzoaren harmonia errespetatzea ezartzen dutenak. Mugimenduko kideek diote Plan Bereziaren onespena «legez kanpoko» txosten batean oinarrituta dagoela.
Zupiria, legebiltzarrean
Eusko Legebiltzarreko PP-Ciudadanos taldeko kide Carmelo Barriok egindako interpelazioari erantzunez, Bingen Zupiriak Arte Ederren museoaren handitze proiektuari buruzko azalpenak eman zituen atzo legebiltzarrean bertan. Han esan zuen San Fernando Akademiako Batzordeak ez diela kontsultarik egin ez Jaurlaritzari, ez erakundeei eta ezta museoari ere erabakia hartu aurretik: «Ez digute proiektua defendatzeko aukerarik eman».
Salatu dute Arte Ederren Museoaren proiektuak oinarriak urratzen dituela
Bilboko Arte Ederren Museoko Herri Defentsa Mugimenduak adierazi du proiektuak ez duela betetzen hiri antolamendurako plan orokorra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak