Donostiako 53. Jazzaldia

Salvadorren aitortza Laboari

Mikel Laboa hil zela hamar urte pasatu ondoren, Iñaki Salvadorrek kontzertu berezia joko du haren omenez, gaur, Donostiako Viktoria Eugenian. Laboaren kantuak jazzera ekarri ditu

Iñaki Salvadorrek gidatuko du Mikel Laboaren omenez gaur Donostiako Viktoria Eugenian egingo den kontzertua. GORKA RUBIO / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Ez da Mikel Laboaren musika aitzakia hartuta kontzertu bat eskaintzen duen lehen aldia. Ez da urteetan bidelagun izandako musikariari aitortza egiten dion aurrenekoa ere. Baina berezia izango da Iñaki Salvador piano jotzaileak gaur Donostiako Viktoria Eugenia antzokian 12:30ean emango duen kontzertua. Laboaren heriotzaren hamargarren urteurrenaren harira prestatu du emanaldia, eta Donostiako Jazzaldiaren karietara oholtzaratuko dira musikariak, Salvadorren gidaritzapean. Hark egin ditu abestien moldaketak, eta, jaialdiaren testuinguruan, jazz ukituz eta inprobisazioz betetako kontzertua izango dela aurreratu du. Taula gainean izango dira Ainara Ortega eta Maria Berasarte abeslariak, Angel Unzu gitarra jotzailea, Hasier Oleaga bateria jotzailea, Javier Mayor de la Iglesia kontrabaxu jotzailea eta Salvador bera.

«Oso kontzertu berezia izango da niretzat. Egin izan ditut horrelako kontzertuak lehenago, baina ez Donostian, eta Laboa eta biok batzen gaituen hiria da hau», nabarmendu du Salvadorrek. Piano jotzailea 25 urtez aritu zen Laboarekin lanean, eta hasieratik bukaerara haren ekoizpen guztietan parte hartu zuen, harik eta hura hil zen arte, 2008ko abenduaren 1ean. «Gogoan dut haren azken kontzertua ere: Jazzaldian izan zen, Zurriolako hondartzan, Bob Dylanen aurretik. Asko hitz egin izan da kontzertu horretaz. Argi dagoena da berezia izan zela», azpimarratu du Salvadorrek. Piano jotzaileak badu ibilbide propioa jazz munduan, eta, orain, atzera begirako berezi bat eskaini nahi izan dio Laboari: «Inolako nostalgiarik gabe. Gaurkoa festa bat izango da, omenaldi bat».

Gainontzeko musikariek ere izan zuten harreman zuzena Laboarekin, musikari moduan edo lagun gisa. Horregatik, Salvadorrek uste du oholtza gainean lortuko dutela «Laboa giro» hori sortzea. Abesti guztien moldaketa jazz ikuspegitik egin du piano jotzaileak, eta hiru egunez entseatu dute musikari guztiek elkarrekin: «Jakina, izango da inprobisaziorako tartea. Hori da jazza, oinarri bat izatea eta horren gainean inprobisatzea», gaineratu du. Abesti zaharrak eta ezagunak joko dituzte, baina Laboaren gustukoak zirenak eta hain ospetsuak ez direnak ere eramango dituzte kontzertura: «Egon zen bolada bat jendeak Txoria txori eta Izarren hautsa eskatzen zizkiguna, eta Mikelek ez zituen jo nahi. 20 minutuko Lekeitioak kantatu nahi zituen, besterik ez», gogorarazi du Salvadorrek. Gaur, zaharrak eta berriak, biak joko dituzte: Baga, biga, higa; Sorterriko koplak; Lizardi; Kantuz... baita Txoria txori eta Izarren hautsa ere: «Ez ditut horiek jotzen ezagunak direlako; ezagunak izan arren, gustatzen zaizkidalako jotzen ditut», ihardetsi du piano jotzaileak. Edonola ere, kantu batzuk eta besteak Salvadorren ohiko jazz ukituarekin blaituta entzun ahal izango dira.

Jazzaz ere bazekien Laboak

Berezia izanagatik, ordea, ez da Laboaren musikagintzatik erabat arrotza izango kontzertua: «Jakina, Mikelek maite zuen jazza. Musika estilo horren, Joan Sebastian Bachen eta musika garaikidearen jarraitzaile sutsua zen», nabarmendu du Salvadorrek. Gainera, egin du jazzaren eta Laboaren arteko zubia: «Jazz musikariak aurrerakoiak dira, abangoardistak. Mikel ere ausarta eta arriskatu zalea zen».

Abangoardista zen Laboa, baina ez zion sekula publikoari bizkar eman. Horregatik izan zen hain maitatua, Salvadorren ustez. Berak ere musikari eta lagun gisa miresten zuelako egingo dio orain aitortza. Baina, nostalgiatik urrun, gaurkoa musikaren ospakizuna izatea nahi du: «Oso gertukoa nuen, eta dagoeneko pasatua dut dolua. Horregatik, poz handiz izango gara gaur taulan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.