Familiak eman du aktore, gidoigile eta idazle ezagunaren heriotzaren berri. Kentuckyko bere etxean zendu da, 73 urtetan, Sam Shepard (Illinois, 1943 — Kentucky, 2017). Alboko esklerosi amiotrofikoa zuen, eta gaitzak erasanda eman du azken hatsa.
Aurpegi anitzeko sortzaile izan da Shepard, eta narratiban bezala interpretazioan sari handietako bi lortu izan dituen sortzaile bakanetakoa: Pulitzer saria irabazi zuen, 1979an, Buried child (ume lurperatua) lanarekin; eta Oscar saria eman zioten, 1983an, The Right Stuff filmean bigarren aktore gisa egindako lanagatik.
Berrogei liburu argitaratu zituen, antzerkia, saiakera eta memoriak tartean, baina musikaria eta gidoilaria ere izan zen, eta ezagun bihurtu zen Steel Magnolias, The Pelican Brief eta Black Hawk Down filmetan izan zuen esku hartzeengatik, eta Paris, Texas filmaren gidoilari gisa egindako lanengatik, besteak beste.
Illinoisen hazi eta hezi zuten, eta nekazaritza ikasketak egin zituen, baina antzerki talde ibiltari batekin lanean hasi zen 1962an, eta New Yorkera joan zen gerora, antzerki giroan buru-belarri sartzeko. Antzerkia eta gidoiak idazten hasi zen laster, eta baita sariak irabazten ere, eta fama irabazi zuen alor horietan, oso gazterik. Patti Smith, Bob Dylan eta besteren inguruan film eta dokumental laburrak egiten ere hasi zen urte haietan.
Ingalaterran bizi izan zen 1971 eta 1974 artean, emaztearekin eta semearekin, baina San Frantziskora itzuli, eta idazketari eman zitzaion hurrengo urteetan. Lan horren emaitza izan zen 1976 eta 1980 artean osatu zuen trilogia: Curse of the starving class (1976, Klase gosetuaren madarikazioa), Buried Child (1979, Ume lurperatua) eta True West (1980, Egiazko Mendebaldea). Pulitzer sariaz bestelakoak ere eskuratu zituen horiengatik. AEBetako familia desegituratuen eta herri txikietako giroaren deskribapen eta gertaera gordinak agertzen dituzte liburuek, eta famara bultzatu zuten Shepard.
Garaitsu horretan hasi zen zineman aktore gisa lanean ere, eta 1983an Jessica Lange ezagutu zuen; gerora, elkarrekin ezkondu eta bi ume izan zituzten. 1983an, Paris, Texas filmak, Win Wendersen enkarguz egindako lanak eman zion onarpena nazioartean. 1990eko hamarkadan zineman jarraitu zuen lanean, denbora gutxiago emanez idazketari.