Literatura

San Karlosen mirariak

101 atalez osaturiko autohagiografia bat ondu du Karlos Linazasorok: ‘Ez naiz ondo akordatzen’. Haren «filiek eta fobiek» osatzen dute muina, umorez.

(ID_13650688) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-02-28, Donostia. Karlos Linazasororen \'Ez naiz ondo akordatzen\' eleberriaren aurkezpena
Karlos Linazasoro, Donostiako Elkar liburu dendan. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko otsailaren 28a
17:30
Entzun

Santu jakin baten bizitza eta obra goraipatzen dituen generoa da hagiografia. Autohagiografia, baina, Karlos Linazasoro idazlearen asmazioa dela esan liteke, norbere santutasunaren aldarrikapena ez baita ohikoa, ezta literatura katoliko zabalean ere. Linazasorok, izan ere, berezkoa du berritasunerako grina, eta, alde horretatik, aldiro harritzen du Xabier Mendiguren editorea: «Badu emana, irudimena, injenioa eta bere buruari beti koska bat gora eginarazteko apeta». Eta badu, bestalde, «lanerako gogoa, egileak berak ‘madarikazioa’ dela esan izan duen arren».

«Euskal literaturan agintzen dutenek izendatu ninduten santu».

 KARLOS LINAZASOROIdazlea

Santu izendapenaren nondik norakoa azaltzea izan du lehendabiziko puntua Linazasorok: «Euskal literaturan agintzen dutenek izendatu ninduten santu, hau da, Euskarazaintzak, Euskaltzaindiak, Nafarroako, Akitaniako eta Euskadiko gotzaindegiek, itzultzaile eta editoreen elkarteek, Jakiundek eta bestek». Idazlea, izenburuan berean iradoki duenez, ez da zerrenda osoaz akordatzen, ez eta noiz jaso ote zuen horien denen gutuna ere, «duela hiruzpalau urte» izan zitekeela besterik. Nolanahi dela ere, «literaturan santu» izendatzeko idatzi zioten, hain zuzen, santutzeko bi baldintzak edo mirariak beteak zituelako. Lehen miraria, gaztetan ez zela enfant terrible bat izan: «Hemen gehienak izan ziren, baina ni oso onbera, esanekoa eta zintzoa izan nintzen». Eta bigarren miraria, «literatur ibilbidean gutxienez hamar aldiz porrot egin izana». Azken porrot sonatua «iazko soneto liburua» izan duela esan du.

Literaturan santu bilakatzeko baldintzak bere alde izan ditu, beraz. Alabaina, Bilboko Santutxu auzoko santuarekin alderatu du bere burua: «Hari San Frantziskito deitzen diote; ni ere halakoa naiz, hau da, santua, baina txikitxoa».

Filiak eta fobiak

101 atal laburretan banatu du autohagiografia. Kopuru hori idatzi izana, baina, ez da ausaz gertatu, 101 dalmaziarren istorioari egindako keinu nabarmena baita: «Haurra nintzela garrantzi handia izan zuen liburu horrek». Atalez atal, bere bizitzari eta idazletzari lotutako gauzak kontatu ditu, batik bat «filiak eta fobiak», baina biografia eta literatura bereizi gabe, zehaztugabetasunez. «Fikzioa eta errealitatea ezin ditut banatu», argitu nahi izan du, eta bere memoria eskasari bota dio errua. Baita datetan, toki eta pertsona izenetan edo esanetan ager litezkeen akatsena ere. «Ez dut propio egin», esan du.

Kezka iturri nagusietako bat euskara bera du Linazasorok, eta hainbat ataltxo eskaini dizkio gaiari, esate baterako, 42.a. Ergatiboarena du izenburua.

Ironiak, bestalde, garrantzi handia du, baita kolore guztietako umoreak ere, «bereziki beltzak, oso beltzak eta basatiak». Barre egin behar, eta bere burua ere ez du salbu utzi. «Ezin eraman dut umorerik ez duenik, eta pertsona perfektuak ezin ditut nire aurrean ikusi», aitortu du.

Barreak barre eta umoreak umore, irakurgai horietarik asko ezerosoak izan litezkeela ohartarazi du, halere; besteak beste, aldatu delako, eta jada ez delako gaztetan bezain onbera eta zintzoa: «Ostia ugari banatzen dira hemen, hain zuzen, santua naizelako eta hori delako santuaren eginkizuna». Alde horretatik, testu jostalariak aurkituko ditu irakurleak, baina baita «gaiztoak, sakonagoak, erudituak eta poetikoak ere, eta denak ludikotasunez zipriztinduta». Funtsa, haren esanetan, irakurlearekin jolas egiteko gogoa baita.

«Ostia ugari banatzen dira hemen, hain zuzen, santua naizelako eta hori delako santuaren eginkizuna».

 KARLOS LINAZASOROIdazlea

Gomendioak irakurleari

Egilearen aburuz, atalak liburuan ageri diren ordenan irakurtzea da biderik egokiena, zenbait testuk lotura baitute aurrekoarekin. Horrez gain, testuak «poliki eta lasai» irakurtzea gomendatu du, atal bakoitzari zukua ateratzearren. Halaber, eskatu du liburua jarraian  ez irakurtzeko, dosifikatzeko: «Egunean lauzpabost atal baino ez». Bere autohagiografia irakurtzea «kanabisa erretzearen pareko» dela ere esan du: «Konprobatu dudanez, testuak sei aldiz irakurrita estasira iristen zara, eta lurretik metro batera-edo lebitatzen duzu».

Xabier Mendiguren editoreak ere egin du oharrik: «Oharkabean pasatu litekeen adarjotze asko dago: esate baterako, datu okerrak edo inon ageri ez diren hitzak». Denak ere santutxo baten jolas txikiak dira, irakurlearen arreta bereganatzeko espresuki asmatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.