Modernitatearen sorreraren nondik norakoak argitu nahian, Mapfre fundazioak urteak igaro ditu artista eta mugimendu garrantzitsu batzuek paperean egindako lanak berreskuratzen, eta ehun piezatik gorako bilduma bat osatua dute jada. Sorta horri, orain, Donostiako San Telmo museoaren bildumako beste hirurogei pieza batu zaizkio. 1864tik 1968ra bitartekoak dira guztiak, eta museoko erakusketa gelako horma arrosetan zintzilikaturik daude, irailaren 27ra arte.
Marrazkiak paperean eginak daude, eta, hain justu, horren balioa azpimarratu du Leyre Bozalek, Mapfre fundazioaren bildumaren kontserbatzaile eta erakusketaren komisarioak: «Paperean marraztea esperientzia intimoa eta isila da. Zerbait adierazteko garaian, paperera jotzea da gizakiaren lehenbiziko erreakzioa. Hots, lagun batekin telefonoz hitz egiten ari zarenean, esaterako, paper batean zentzurik gabeko irudiak marrazten hasten gara, oharkabean askotan». Horregatik, «espontaneotzat» jo du paperean marraztea. Bilduma gordetzeko lanaz eta haren zailtasun nagusiez ere mintzatu da Bozal: «Marrazkiak guztiz hauskorrak dira; argiak eragiten die, eta kontuz manipulatu behar dira. Ondorioz, zaila da marrazkiak gordetzea eta bildumatzea: zaila da marrazkiak erakustea».
«Paperean marraztea esperientzia intimoa eta isila da. Zerbait adierazteko garaian, paperera jotzea da gizakiaren lehenbiziko erreakzioa»
LEYRE BOZALÂ Erakusketaren komisarioa
Euskal Herriko eta Europako hainbat artista ezagunek modernitatea nola marraztu zuten kontatzen da erakusketan. Besteak beste, hauek osatzen dute marrazkilarien zerrenda: Pablo Picassok, Nikolas Lekuonak, Maria Paz Jimenezek, Ignacio Zuloagak eta Aurelio Artetak. Horien guztien lanak hiru ataletan banatu ditu komisarioak.
1
Akademizismotik nazioarteko bide zabalera
XIX. mendearen amaierako hainbat marrazki topa daitezke erakusketara sartu bezain pronto: Mariano Fortuny, Joaquin Sorolla eta Francisco Pradilla artisten lanak daude han bilduta. Modernitaterako bidea zabaltzen ari zen ordu hartan ia Europa osoan, eta, hortaz, hainbat artistak euren estiloa egokitu behar izan zuten. «Akademikoak izateari utzi zioten hemengo zenbait artistak, eta estilo propio bat bilatzen hasi ziren Europako estiloari jarraitzeko, hura jada aldatzen ari baitzen», azaldu du komisarioak. Hala, modernitateak paperean izandako eragina islatu nahi izan dute.
2
Abangoardiaren garapena: kubismoa eta surrealismoa
Pablo Picassoren lan batekin zabaldu nahi izan dute erakusketaren bigarren atala, kubismoaren adibide nagusietakoa baita. Bozalek iritzi dio kubismoak «errotik» eraldatu zuela pinturaren lengoaia, eta, Picassoz gain, Juan Gris eta Andre Lhote ere aipatu ditu joera horren protagonista gisa. Horrez gain, surrealismoa ere nagusituz joan zen, eta komisarioak mugimenduko figura garrantzitsutzat dauzka Joan Miro, Luis Fernandez eta Oscar Dominguez.Â
«Emakume artisten presentzia indartu nahi dugu, ez baitzuten behar bezalako aintzatespenik izan urte horietan»
SUSANA SOTOÂ San Telmo museoaren zuzendaria
Joera horren barruan, emakume aitzindari batzuek ere izan zuten protagonismoa. Horregatik, Maruja Mallo eta Remedios Varo nabarmendu nahi izan dituzte Bozalek eta Susana Sotok, museoaren zuzendariak. Haien obrak ikusgai jarrita, emakumeek surrealismoan izan zuten presentzia aldarrikatzea dute xede. «Emakume artisten presentzia indartu nahi dugu, ez baitzuten behar bezalako aintzatespenik izan urte horietan», zehaztu du museoaren zuzendariak.
3
36ko gerraren osteko artea
36ko gerra kolpe gogorra izan zen artistentzat. «Ematen zuen artistek egindako lanak ez zirela existitzen», adierazi du Bozalek. Hortaz, askok artea garatzeko beste bide batzuk topatu behar izan zituzten, komisarioak azaldu duenez, eta surrealismoak berebiziko eragina izan zuen prozesu horretan: «Surrealismotik abiatu ziren beren artea garatzeko, eta beste joera batzuekin bat egin zuten». Aldaketa horixe bera islatzen dute erakusketaren hirugarren ataleko lanek, eta Arturo Souto eta Joaquin Peinado artistak nagusitzen dira.
Nolanahi ere, urteek aurrera egin ahala, joera guztien arteko mugak deuseztatzen hasi ziren, eta, Bozalek azaldu duenez, genero artistiko guztiak nahasi egin ziren: «Nekez identifika zenezakeen eskultura edo marrazkia zen». Hala, marrazketa eta pintura uztartu ziren, bai eta eskultura eta arkitektura ere. Bigarren nahasketaren isla da, esaterako, Eduardo Txillida; haren marrazki bat topatu daiteke erakusketan.Â