San Telmora ekarri dute Arrikrutzeko lehoia

Lehoiaren hezurduran oinarrituta, Pleistozenoan sakontzen du 'Arrikrutzeko lehoia' erakusketak. Otsailaren 10era arte egongo da ikusgai

Bitrina berezi batean jarri dute Arrikrutzen aurkitutako hezurdura. JON URBE / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Leizeetako hartzek leizeetan hibernatzen zuten, eta, batzuk han bertan hiltzen zirenez, ohikoagoa izan da haien hezurdurak aurkitzea; hienek ere babesleku moduan erabiltzen zituzten kobazuloak, eta azaldu izan dira haietan hildako kumeen hezurdurak. Garai batean uste zen lehoiak ere haitzuloetan bizi zirela, baina frogatuta dago ezetz. Horrek azaltzen du zergatik ez den hain ohikoa izan haien hezurdurak agertzea. Hain zuzen, Arrikrutzeko koban (Oñati, Gipuzkoa) aurkitutakoa da Iberiar penintsulako osoena. «Ez dakigu zergatik zegoen han. Baliteke animaliaren bat egotea barruan, eta haren usainarengatik hurbiltzea lehoia, eta leizean galtzea», esan du Asier Gomez paleontologo eta ikerlariak. 1966an aurkitu zuen hezurdura Iñaki Zubeldiak, eta, orain, Donostiako San Telmo museoan jarri dute ikusgai, Arrikrutzeko lehoia erakusketaren barruan.

San Telmo Museoak, Gordailuak eta Burgosko (Espainia) Giza Garapenaren Museoak antolatu dute elkarlanean, eta Gomez bera da komisarioa —aurretik, Burgosen egon da—. Erakusketari izena ematen dion haitzuloetako lehoiaren hezurdura da piezarik garrantzitsuena. Gainera, hezurrak solte erakutsi beharrean, zutik jarri dute, bitrina berezi batean, eta horrek are ikusgarriago egiten du aurkikuntza. Haitzuloan hil zen lehoi heldu batena da, eta, Gomezen esanetan, uste da animalia gutxi gorabehera 1-1,2 metro garai zela, eta 250 kiloko pisua zuela. Gaur egungo arrak baino handiagoa zen, beraz; hala ere, garai hartarako ez zen handia, Arrikrutzeko beste galeria batean, esaterako, 330 kiloko lehoi baten izterrezurra topatu baitzuten.

Erakusketan dago ikusgai azken hori ere, eta beste hamabost pieza ere bai. Izan ere, hezurduratik abiatuta, Goi Pleistozenoa (orain 126.000-11.700 urte) hobeto ezagutzeko aukera ematea da erakusketaren helburua. Besteak beste, haitzuloetako lehoiaren garaikideak ziren hienen, lehoinabarren, leizeetako hartzen eta asiar txakur basati baten aztarnak bildu dituzte.

Animaliei lotutako objektu eta erreplikez gain, labar artearen irudiak ere badaude. Horien artean, lehoien panela nabarmentzen da. Chauvet-Pont-d'Arceko (Ardeche, Frantzia) haitzuloan aurkitutakoa da, eta 447 animalia irudikapen biltzen ditu, hamalau espezietakoak. «Gure arbasoak felido handi horiekin bizi izan ziren, haitzulo askotako hormetan marraztu edo grabatu zituzten, eta estatua txiki batzuetan irudikatu. Irudi horiei esker, badakigu arrek adatsik ez zutela, edota, izatekotan, oso txikia zutela», kontatu du komisarioak.

Ez dago argi zergatik desagertu ziren leizeetako lehoiak, baina uste da azken glaziazioaren amaierako klima aldaketek eta giza ehizak zerikusia izango zutela. «Erakusketa baliagarria izan daiteke gizarteak aurrean dituen erronka batzuei aurre egiteko, ikuspegi historiko batetik. Klima aldaketa dela eta, etorkizuna jokoan dago». Gomezek azaldu duenez, erakusketaren harira, ikerketa zientifiko berriak ere ari dira egiten. Bere garaian, Zubeldiak hezurdura aurkitu zuenean, Jesus Altunak aztertu zuen, eta Alemaniako zientzia aldizkari batean argitaratu zuen ikerketa. «Orain, antzinako DNA lortzeko laginak hartu ditugu, Arrikrutzeko lehoiarenak eta Gipuzkoan dauden beste batzuenak, zeren oraingoz ez dakigu lehoiaren kronologia zehatza».

Bestelako jarduerak

Gaur irekiko dute erakusketa, eta otsailaren 10era arte egongo da ikusgai. Haren aurkezpena, berriz, atzo egin zuten, eta Gomez komisarioaz gain, han izan ziren Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua, Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendaria eta Aurora Martin Giza Bilakaeraren Museoko koordinatzaile orokorra. Erakusketa antolatzeko erabilitako zorroztasun zientifikoa nabarmendu dute.

Hain zuzen, erakusketarekin batera, dibulgazio liburu bat ere atera dute, eta bestelako jarduera batzuk ere antolatu dituzte: besteak beste, Juan Luis Arsuaga Giza Bilakaeraren Museoko zuzendari zientifikoak eta paleoantropologoak Climas, ecosistemas y evoluciĂ³n humana hitzaldia eskainiko du abenduaren 12an; Gomez komisarioak (azaroak 22 eta azaroak 29), hezurduraren azterketa egin zuen Altunak (abenduak 13) eta hezurdura aurkitu zuen Zubeldiak (urtarrilak 24) erakusketaren inguruan duten ikuspegia azalduko dute; eta familientzat antolatutako tailerretan (azaroak 17, abenduak 1 eta urtarrilak 26), Arrikrutzeko koban aurkitutako lehoiaren garezurra berregiteko aukera izango da Cova Orgaz eskultorearen laguntzarekin. Jarduera horrek 5 euroko kostua izango du familiako, eta gainerakoak doakoak izango dira.

Erakusketa amaitzen denean, Gordailura itzuliko dituzte haitzuloko lehoiaren piezak, eta museoko ordezkariek nabarmendu dute pixka batean ez dela haiek ikusteko aukerarik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA