Patricio Guzman. Zinemagilea

«Sanoa da fikzioaren eta dokumentalaren mugak ondo definitzea»

Dokumentalaz maitemindu zen nerabezaroan. Geroztik, garbi izan zuen dokumentalak egin nahi zituela. 40 urte daramatza horretan. Giza Eskubideen Zinema Jaialdian omendu dute aurten.

gorka erostarbe leunda
Donostia
2013ko apirilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Txileren azken 40 urteetako historia politikoa landu du batez ere bere dokumentaletan Patricio Guzmanek (Santiago, Txile, 1941). Chile, la memoria obstinada (1997) eta Chile, una galaxia de problemas (2010) eman zituzten Giza Eskubideen Donostiako Zinema Jaialdian aurreko astean. Hankan oinazea izan zuen duela aste batzuk. Makuluak ez ditu traba motel, baina, etengabean bere bidea egiteko. Dokumentalen mundu zailean ere geldialdirik gabe egiten du aurrera.

Violeta Parra, Salvador Allende, Pablo Neruda, Augusto Pinochet... Ez zarete behintzat kexatuko Txilen dituzuen pertsona dokumentagarriei dagokienez.

Pinochetek erabateko higuina sortzen dit. Izugarria da hainbeste talentu duen herrialdea inoizko pertsonaia erdipurdikoenetako batek gobernatua izatea. Oso gizon ergela eta biolentoa zen. Ez dut ikusten aipatu dituzun beste pertsonaien zerrenda horretan.

Baina dokumental baterako pertsona gisa ere ez?

Ez. Ez nuke egingo dokumental bat Pinocheti buruz. Egingo nuke dokumental bat Nixon [Richard] eta Kissingerri [Henry] buruz, eta Pinochet bigarren maila batean utziko nuke.

Dokumental askotarako ematen du Txilek. Zein geratzen zaizu egiteko?

Txileko estatu golpea izan zen legeriaren eta erakundetzeen (unibertsitatea, sindikatuak, parlamentua...) suntsiketa. Horrek guztiak askorako ematen du. Galde dezakezu nola den posible oraindik II. Mundu Gerrari buruzko filmak egiten jarraitzea. Berdina da. Iruditzen zait Txilen gertatua gainditzeko ehun urte inguru beharko ditugula gutxienez. Kolpearen ondorioak oraindik ere oso sendoak dira. Esparru mugagabea da gaia.

Gaia ez da agortzen. Baina ez duzu beldurrik zu agor zaitzan?

Ez, inondik ere ez. Gustatzen zaidalako egiten dut. Beti interes handia sentitu izan dut estatu kolpeak sorturiko historiaren inguruan.

Memoria berreskuratzea da gehien interesatzen zaizuna?

Urte asko dira gauza berari buruzko filmak egiten ari naizela, baina, era berean, guztiak desberdinak dira. Bide berriak aurkitzen dituzu, zaharberritu egiten zara gauza berari buruz hitz egin ahal izateko, eta batez ere gaiari buruzko beste alor batzuk jorratu ahal izateko. Hainbeste gauza egin daitezke, eta egin beharko lirateke: antzezlan gehiago, nobela gehiago, eta abar gai beraren inguruan. Eta egongo da pentsatzen duenik astuna naizela, baina ez nago ados. Ez ditugu egin mila film gaiaren inguruan. Fikziozko film luzeak ez dira dozenara iristen. Gainerakoak dibertimendu filmak dira.

Non dago sekretua letra larrian idatzitako historia ez baizik eta letra txikian idatzitakoa atzeman eta film bilakatzeko?

Txilen letra larriz eta txikiz idatzitako historiak biak daude nahikoa distortsionaturik. Allenderekin egin den moduan, hainbeste gezur esan bada, hainbeste iraindu badute, haren gobernuaz ez bada ezer onik esan, ezta bere garairako iraultza baketsu oso originala planteatu zuela... ez bada ezer esaten desagertutako jendeaz, edo ez badakigu non dagoen jende hori, zer historia da iritsi zaiguna? Nork idatzi zuen historia hori. Nik eta nire belaunaldiko kideek bizi izan genuena ia-ia ez da ikusten eskoletako testuetan. Nik ez dut sinesten Txileko historia ofizialean. Ezta Latinoamerikakoan ere. Gure historia gezurretakoa da. Latinoamerikan orain hasiko da loratzen historiaren zientzia. Orain artean nork egin du historia? Bospasei aristokratak egin dute, nahierara; ipuinak idatzi dituzte.

Eta zer ekarpen egin diezaioke idatzi beharreko historia horri zinemagile baten begiradak?

Pintore batek, edo poeta batek, edo sortzaile batek egin dezakeen ekarpen bera egin dezake. Hainbeste gertakari bizi izan genituen aurreko mendean, non harrobi tematiko izugarria dugun lantzeko.

Dokumentalaren urrezko aroa bizi dugula diote askok. Gaur egungo baliabideek ematen duten erraztasunagatik da, edo gaur egungo gizarte egoera lazgarri orokortuak eragiten du hori?

Dokumentala beti egon da krisian, Lumiereren garaitik gaur egunera arte. Oso herrialde gutxi daude dokumentalak jendearengana iristeko gaitasuna izan dutenak sistema politikoak ahalbidetuta. Frantzia, Suitza , Belgika... Alemania pixka bat, Ingalaterra beste pixka bat. Horrez gain, toki jakin batzuk daude: New York, Buenos Aires, San Frantzisko, Hong Kong, Montreal. Horietan badago energia edo aktibitaterik dokumentalaren inguruan. Baina dokumentalaren inguruko kritika sendo bat duten herrialdeak lauzpabost dira. Egia da aurrera ere egin dugula. Duela 20 urte ezinezkoa zen Cannesko jaialdiko sail ofizialean sartzea dokumental batekin. Orain, bai, orain posible da.

Dokumentala errealitatearen isla da, ala errealitatetik abiatu baino ez da egiten?

Dokumentala ez da errealitatearen fotokopia. Egile baten bidez kontatzen den errealitatea da. Egile batek errealitateari behatzen dio, gai bat aukeratzen du eta dokumentala osatzen du, baina subjektiboa da. Haren begirada, haren ikuspegia gailentzen da.

Noiz harrapatu zintuen aurrenekoz dokumental batek?

15 eta 18 urte bitartean osatu zen nire bokazioa. Betiko markatu ninduten bospasei film ikusi nituen. Besteak beste, Frederic Rossifen Morir en Madrid [1963], Espainiako gerrari buruzkoa. Zerbait arinxeagoa jartzearren, bazen film bat L'Amérique insolite izenekoa, François Reichenbachena. 50eko hamarkadan Amerikako Estatu Batuak zeharkatu zituen bere kamerarekin, eta film kritiko bat egin zuen. Era berean, asko gustatu zitzaidan H.G. Clouzoten El misterio de Picasso [1956]. Maisulana da. James Alagarren The Living Desert [1953], Louis Malleren Le monde du silence [1955], Jacques-Yves Cousteauri buruzko aurrena. Ikusi nituenean aktorerik eta dekoraturik gabeko film horiek, maitemindu egin nintzen zinema egiteko modu horretaz. Orduan hasi zen nire dokumentalista ibilbidea.

Gaur egun beste zein erreferente dituzu? Esaterako, zeinen dokumentalismotik sentitzen zara hurbilago, Michael Moorerenetik edo Werner Herzogenetik?

Ez bata eta ez bestearenetik. Michael Moore gustatzen zait, AEBetako gizartearen kritikaria baita. Gizarte horrek ez ditu kritikari asko, eta osasungarria da bakarren bat egotea behintzat. Zuzenean ezagutzen dut, eta asko errespetatzen dut, baina zinema egiteko haren modutik dezente urrun nago. Werner Herzog asko miresten dut. Baina nahiago ditut haren fikziozko filmak, dokumentalak baino. Oso irregularrak dira dokumentalak. Little Dieter Needs to Fly [1996] maisulana iruditzen zait eta Cave of Forgotten Dreams ere [2010] gustatu zitzaizkidan, baina beste asko oso esperimentalak eta nire sentsibilitatearekiko oso urrunak iruditzen zaizkit. Aldiz, Nicolas Philibert frantsesa eta Ignacio Aguero herrikidea oso gertukoak sentitzen ditut. Eta baita Frederick Wiseman estatubatuarra ere. Desberdinak dira gure filmak, baina begirada antzekoa dugu.

Generoen arteko uztarketaz, dokumentalaren eta fikzioaren artekoaz asko hitz egiten da azkenaldian.

Nik uste dut mugak badaudela generoen artean. Eta nahiko garbiak dira. Nik uste dut sanoa dela muga horiek definitzea. Dokumentalak errealitateko istorioak kontatzen ditu errealitatearen beraren materialekin. Dokumentala errealitatearen atomo txikiak harrapatzen saiatzen da. Fikzioa, ez. Fikzioa planifikatua da, burdinazko gidoia izaten du. Egitura piramidala dauka. Oso diziplinatua da, oso garestia delako, besteak beste. Dokumentala horizontala da. Askotan, hiru pertsona baino ez gaude eta: kamera, soinu arduraduna eta egilea. Gure pertsonaiak pertsona arruntak dira, kalekoak. Eta ez diegu ordaintzen, truke borondatezko bat dago. Horrek harremanak asko aldatzen ditu zinemagile eta aktoreen artean. Pertsonaiaren eta zinemagilearen artean kontratu bat dago, baina ez idatzia, eta ezta ordaindua ere. Akordio ekonomiko horrek markatzen du diferentzia.

Eta bien arteko uztarketa interesgarriak ez dira posible?

Hori dena esanik, musikan 60ko hamarkadatik aurrera fusioa izan zen bezala, badago gaur egun ere doku-fikzioa egiteko moda komertzial bat. Bigarren mailako aktore horiek onak balira, gidoi horiek konplexuak balira, nik ez daukat inolako arazorik. Baina adibide bat jarriko dizut. Aurreko astean Frantziako Arte kateak, zeinak nahiko prestigio gainbaloratua duen, Zientziaren historia unibertsala izeneko sail bat estreinatu zuen. BBCren eta Discovery Channelen arteko produkzio tipiko bat. Mesopotamiari buruzko kapituluarekin hasi eta gaur egungora arte iristen da, mikropartikularen aurkikuntzara arte. Sei kapitulu dira, 52 minutukoak, eta 6.000 urte laburbiltzen saiatzen dira. Sintesi hori ezinezkoa da. Teknikoki oso ondo egindako saila da, eta oso polita da. Trikimailuak oso ondo eginda daude, baina modu horretako produkzioen muturreko sinplifikazioa atzerapauso bat da. Telebista kultura hori sustatzen jarraitzen badugu, uler liteke Italiak oraindik nola ematen dion konfiantza Berlusconiri. Telebistak errealitatea sinplifikatzen du, eta gizartea deshezten du, errealitatea eta historia sinplifikatuz. Hori oker handi bat da.

Claude Lanzmannen Shoah izan liteke horren kontrako eredua.

Dudarik ez. Shoah film bakarra da. Zoragarria. Errenazimenduko norbaiten obra da Shoah, hain da handia. Nazismoaren suntsiketa hain sakon aztertzen duen film bakarra hori da. Sakon eta zorroztasun handiz. Lehen aldiz Kanadan ikusi nuen, eta ezin nuen sinetsi. Gero, egilea ezagutu nuen. Txilera gonbidatu nuen, eta Santiagoko zinema jaialdian eman genuen, bi zatitan banatuta. Bakoitzean lau ordu pasatxoko emanaldia, hortaz. Bigarrenez ikusi nuen bera ondoan nuela... Lan izugarria da, baina salbuespena da.

Fikzioak ba al du, oso txikia izanagatik, zuk landua izateko aukerarik?

Fikziozko filmak ikustea gustatzen zait, baina ez egitea. Ez naiz eroso sentitzen jendez beteriko plato batean. Bukaturiko produktuaren miresle izan ninteke, baina ez fikziozko zinemaren fabrikazio prozesuarena, beraz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA