Martin Ciriza
Lauhazka

Santurtzi-New Ross-Cork

2026ko irailaren 13a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den ekainean Santurtzitik abiatzen zen ferry bat hartuta joan ginen Irlandara, bertan eman behar genituen bost kontzertuak jotzeko. Gehienetan, edozer egin baino lehen, horrek suposatuko dituen kalte, onura, betebehar edota ondorioak aztertzen ditugu erabaki beharrekoa berebizikoa izango balitz bezala. Besteetan, aldiz, egitea bera da garrantzitsuena. Gero gerokoak. Ziur aski, gerora, uko egin genionari erreparatu gabe, egindakoaz oroituko garelako. Kasu honetan, bidaiaren errentagarritasunaren inguruan hobe dugu ez hitz egin; horren ordez, hobe dut bidaian gertaturikoak kontatu.

Ferryan, Galizia zein Irlandako garraiolari zurrutero batzuekin topo egiteaz gain, David Marx ferryko musikariaren hiru emanaldiz gozatu genuen. Gu bere target-a ez izan arren, begirada eta irribarre batzuen bidez ongi aski erakutsi genion gure onespen eta adiskidetasuna. Horrekin, bidaiako lehenengo bi galderak suertatu zitzaizkigun: «Nola iritsi ote da David hona? Benetan bere abizena izango da, ala goitizena?». Gero, zerbitzutik kanpo zegoenean, Che Guevararen elastiko batekin agertu zen eta gure zalantzak handitu besterik ez ziren egin. Zure lantokian iraultzaile baten kamiseta eta ezizena eraman ahal izatea normalizazio baten seinale al da? Ahanzturarena? Edozein kasutan berri onik den ez dakit.

Irlandara iritsi bezain pronto, turistentzako kontsideratu genezakeen baina bertakoendako arrunta den prezioan Guinness bat hartu eta New Rose izeneko herri batera iritsi ginen. Bertako Connor izeneko gizon batek hartu gintuen bere etxean. Harremana bidaia aurretik egina genuen, bisitatuko ditugun toki guztiekin bezala. Baina kasu honetan Connorrek ezin izan zigun kontzerturik antolatu; hala ere, bere etxea ireki zigun bertan lo egin ahal izateko. Harrera Espainiaren partida bat ikusten zebilen bitartean egin zigun. Irlandako lehenengo paisaia ederrez gozatzeaz geroztik, astearte batez irekita zegoen taberna bakarrera sartu ginen. Hor berriz ere eskertu genien geure buruei Irlandara joan izana.

Bertan, herrialde horretako tabernen tamaina eta izaera labirintikoen lehenengo zantzua izan genuen. Labirintikoa benetan: txoko guztiak ikusita dituzula uste orduko, teilatuan terraza bat topatzea ez da harritzekoa. Bidaian zehar topatuko genituen protagonista ezberdinekin gatazkari buruz solas egin ondoren, behera jaitsi eta irlan travellers deritzoten irlandar ijitoekin topatu ginen. Esan beharra dut hau idazterakoan jakin dudala ez direla ijitoak; hala ere, tabernako giroa ez zen Irlandaz esperoko zenukeen giro zaratatsu eta alai hori, ezta mozkor giro bat ere. Giroa isila zen, malenkoniatsua. Abesti bakoitza gizon batek kantatzen zuen, eta gainontzekoek abestiz abestiko isiluneetan «brilliant» edo «great» batekin adierazten zuten beren sentiberatasuna, eta abestia bukatzean txalotzeak derrigorrezkoa zirudien. Ferryan bezalaxe. «Eskerrak etorri garela». Etxean arroza jaten eta etxeko jaunarekin solasean bukatu genuen eguna.

Lehenengo gaua pasatu eta gero, landa eremuan jarraitu genuen bigarren eguna. Tommyk beharbada broma gisa gomendatutako Magic Roadera joan eta ondoko ur-jauziak bisitatu genituen. Tartean furgonetan pasatutako orduak ditut gogoan Television taldearen The Dream's Dream abestiko soloarekin batera. Horrela iritsi ginen Cork hirira.

Bilbo duela 30 urte irudikatzen dudan modukoa da Cork, industriala eta musikala. Bertan ezagutu dut inoiz ikusitako binilozko disko denda politena, Bunker izenekoa. Omni eta Neutral Milk Hotel izan ziren nire aukeraketak. Dendako jabea den Danny Bunkerrekin hitz egin, egun horretan kontzerturik ez genuela aipatu eta errekaz bestaldera zegoen pubean galdetzea iradoki zigun. Zintzoki, egunean kontzertu bat emateko nagikeria puntu bat geneukan, baina gure bidaiaren xedeaz oroituta, galdetzera ausartu ginen. Zerbitzariak, Dannyk bidalitako lehenbiziko paketea izan ez ginela zioen aurpegiarekin, kontzertua emateko aukerarik ez zegoela esan zigun. Hala ere, bertan garagardo batzuk hartu genituen inoiz Iruñean zigilu bat sortzeko beharraren ametsari bueltaka. Gau aldera, derrigorrezko fish and chips laku ertzean afaldu, eta gero ostatuen ingurura joan ginen, kuriositatez, nonbait arrakasta askorik gabeko open mic delako baten atzetik.

Bidean, taberna batean entzuten genbiltzan harpa baten soinuarekin aurrera gindoazela, eta oraindik kontzertu bakar bat eman ahal izan gabe, elkarri eskertu genion bertan egotea. Eta ez zen bidaian elkarri eskerrak emango genizkion azkeneko aldia izango.

(ID_17884455458775) (/EZEZAGUNA)
Cork hiriko irudi bat. MARTIN CIRIZA JUBERA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA