Literatura

Sara Torres: «Desioarentzako ainguralekuak behar ditugu»

Sara Torres idazleak gaztelerazko literaturaren zaleen arreta erakarri zuen 'Lo que hay' eleberriarekin, eta pentsamendu erotikoa «desheterosexualizatzeko» bideei eskainitako saiakera bat kaleratu du orain: 'El pensamiento erótico'. Bilbon aurkeztu du.

Sara Torres idazlea Bilboko La Sinsorgan egon zen aurreko astean, Katixa Agirrerekin batera. LA SINSORGA
Sara Torres idazlea Bilboko La Sinsorgan egon zen aurreko astean, Katixa Agirrerekin batera. LA SINSORGA
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko otsailaren 1a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ama hiltzen ari zen bitartean, ni maitasuna egiten ari nintzen». Poeta gisa hasi arren, duela lau urte, Lo que hay nobelarekin hasi zuen bere prosako ibilbidea Sara Torres idazleak (Xixon, Espainia, 1991), eta testua abiatzen duen lehen esaldi horrekin berehala piztu zuen gaztelerazko literaturaren irakurleen arreta. Bere amaren heriotzarekin eta bere maitaleekin bizitakoak harilkatzen ditu liburuko narratzaileak nobelan. Eta bi mutur horien arteko tentsioan, sexuaz, heteroarauari izkin egiten dioten maitasun ereduez, familia harremanez, gaixotasunaz, zaintzez, eta, oro har, doluaz egindako gogoetak txertatzen ditu idazleak. Estreinaldi arrakastatsu horren ostean heldu zen La seducción eleberria, 2024an, eta kaleratu berri du bere lehen saiakera: El pensamiento erótico.

Egileak berak liburuaren hitzaurrean onartzen duenez, pentsamendu erotikoa «desheterosexualizatzeko» aukera aztertzeko saiakera bat da liburua, eta, Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan egin du hura aurkezteko bira zabalaren lehen saioetako bat, Katixa Agirre idazleak lagunduta. Bertan izango zela iragarri eta ordu gutxira amaitu ziren sarrera guztiak, eta goraino betetako areto hori bera izan daiteke idazleak gaur egun jasotzen duen harrera beroaren erakusgarri argienetako bat.

«Pentsamendu poetikoak eta erotikoak zabaldu egiten ditu oinordetzan jasotako inertzia hertsagarriak». Torresek hala azaldu zuen oinordetzan jasotakoaren eta hari izkin egiten dioten alternatibak bilatzearen arteko tentsioa Bilboko aurkezpenean. Azaldu zuenez, funtsean errealitatea eta irudimena antolatzeko ordena bitarra eskaintzen du mundua gidatzen duen ordena heterosexual eta produktiboak, eta, haren hitzetan, erosek eskain dezake bestela pentsatzen, maitatzen eta bizitzen saiatzeko indarra. «Eros heteropatriarkalarenaz erabat bestelako kontakizun bat egiten saiatu naiz».

Lehoi emeen plazera

Dokumentalak ikusten ari den neskato baten irudiarekin abiatzen du liburua egileak, eta bateko edo besteko piztien bizimodua —eta batez ere parekatzea— interpretatzen eta nabarmentzen duen off-eko ahotsaren ikuspegi heterosexuala nabarmentzen du. «Lehoi emearen bizitzaren segundo gutxi batzuek hartzen dute dokumentaleko narrazioaren erdigunea», dio. Eta, aldiz, planoz kanpo geratzen da gainerako guztia. Eta, hain zuzen ere, «bestetzat» hartzen den hori guztia hizkuntzan txertatzea izango da Torresek pentsamendu erotikoa izendatzen duenaren egitekoa. Eta lehen irudi narratibo horretatik abiatuta, hamaika pentsalari eta egileren lanak baliatzen ditu gero proposamen hori aberasteko: hala nola, Monique Wittig, Safo, Sara Ahmed, Anne Carson, Sokrates, Gloria Anzaldua, Judith Butler, Gilles Deleuze, Audre Lorde, Mary Oliver eta Anne Dufourmantelle.

Baina saiakera formatura errenditu aurretik ere, agerikoa zen egilearen gogoetarako zaletasuna. Esate baterako, hil berri zaion amarekiko zuen maitasuna «iluna» zela esaten du Lo que hay eleberriko narratzaileak lehenik, eta horri buruzko hausnarketa proposatzen du gero: «Uste dut maitasunik intentsuenek, urteetan irauten dutenek, antz handiagoa dutela lupetzarena —batzuetan ilun, eta tarteka argiak erreta— beste edozerena baino. Baina purutasunarekin fantaseatzen dugu halere, anbiguotasunik eta gatazkarik gabeko kariño entrega konstantearekin».

Orain saiakeran sakonago landu dituen maiteminari buruzko hainbat gogoeta ere topa daitezke nobelan. Narratzailea, adibidez, ohartzen da bere bikotekidea Bartzelonara iristean zaila izango dela ordura arte maitale izan duenarekin biltzen jarraitzea. «Ekintza xume, ofizial eta produktiboen etena eskatzen du maiteminak. Asetasunez bizitako nagitasun bati etekina ateratzeko beharra du, eta orduan agertzen da zabal eta esanguratsuen. Helduen denboraz erredimitzeak bilakatzen du maitemina iraultzaile».

Bere lehen nobelan egin bezala, La seducción bere bigarren nobelan ere maitasuna da kontakizunaren muinetako bat. Kataluniako kostaldean argazkilari baten eta hura baino hogei urte zaharragoa den idazle baten arteko harremana kontatzen du liburuak. Berez, argazkiak egiteko gonbidatu du idazleak, baina han uko egiten dio argazkietan ateratzeari. Buruan baino ezingo ditu atera argazki horiek, eta horrek haren desioa elikatuko du. Hori da sinopsia, eta, egilearen hitzetan, heteroarautik harago desioak har ditzakeen formak aztertzea izan zuen  erronketako bat.

Eta, hain justu, orain arteko poemetan eta eleberrietan azaleratutako gai horietan sakontzeko gonbit intelektualago bat da haren saiakera. Eta Bilbon ere Torresek argi utzi zuen beretzat joan-etorrikoa dela sorkuntzaren eta pentsamenduaren arteko bidea. Eta aurkezpenean pornografiaren eta erotismoaren arteko ezberdintasunei buruzko galderari emandako erantzunean ikusi zen hori argien.

Hasteko, galderak proposatutako bi terminoei izkin egin, eta sakoneko debatea benetan esplizitutasunari buruzkoa dela esan zuen, eta orduan heldu zen bere eleberriei buruzko aipamena. «Arte eta zinema feministak denbora darama esplizitutasuna esploratzen, eta, horretarako, kapitalaren espektakulu hutsa den porno mainstream-etik erabat urrundutako ikuspegi bat baliatu du. Esplizitutasunak aukera eman die disidentziei ikusezintasunera erreprimitutakoa erakusteko. Batzuetan ezinbestekoa izan zaigu zenbait gorputz eta zenbait keinu elkarrekintza esplizitutan ikustea garunak hori ere posibilitatetzat erregistratu ahal izan dezan. Zeren eta, normatibotasunaren irudiak eta sexutzat jotzen denari buruzko gramatika jakin bat besterik ez badugu jasotzen etengabe, irudiak beharko ditugu desioaren bestelako irudimen bat pentsatzeko. Eta irudirik gabe, zaila izango da hori lortzea. Irudi indartsuak behar ditugu. Horregatik, nire nobeletako sexu eszenak oso esplizituak izaten dira, errepertorioa eman nahi dudalako. Irudimen horrek irudiak behar ditu. Errepertorioa behar dugu. Desioarentzako ainguralekuak behar ditugu. Zergatik ez dakigun arren, barruak mugitzen dizkiguten gauzak behar ditugu. Bestela, normaren irudiek bakarrik deituko gaituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.