Sarako Idazleen Biltzarra historiak ardaztuko du aurten

Sarako Idazleen Biltzarrak bere 41. aldia ospatuko du apirilaren lehenean eta 2an. Egitarau zabala pentsatu du antolakuntzak, zenbait berrikuntzarekin, gainera.

41. edizioa du Sarako Idazleen Biltzarrak. GUILLAUME FAUVEAU
41. edizioa du Sarako Idazleen Biltzarrak. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
SARA
2024ko martxoaren 19a
18:05
Entzun

Zahartzeak berritzearekin bat egin baitezake, horren apustua egin du Sarako Idazleen Biltzarrak aurten: 41. aldia izanen du biltzarrak, eta zenbait proposamen berriz jositako egitaraua aurkeztu dute, Sarako (Lapurdi) herriko etxean. Liburu aurkezpenez eta mintzaldiez beste, Ixabe taldea kontzertua ematera gomitatu dute; lehen aldia da biltzarrean kontzertu bat joko dena. Eta, biltzarraren bigarren egunean —egun profesionalean, hots—, zenbait animazio proposatuko dituzte Sarako leize zuloetan.

Berrikuntzak alde batera utzirik, badira urteroko ohiturak ere, aurtengo aldirako ere atxiki dituztenak: hain zuzen, horietako bat da Biltzar Sariaren banaketa, eta, 2024 Biltzar Saria Amets Arzallusi eta Jean Duverdieri eskainiko diete lehen egunean, 12:15ean. Orotara, 120 idazlek, hamazortzi argitaletxek eta hamahiru elkartek parte hartuko dute apirilaren lehenetik 2ra bitarte iraganen den liburu azokan. Lehen egunean, eta betiko gisan, argitaletxeak, idazleak eta elkarteak 76 mahaitan banatuak izanen dira publikoaren bisiten zain; eta haurren xokoa ere irekia izanen da 10:30etik 16:30era.

Egun profesionala

Urtero-urtero, biltzarraren egun profesionaleko ildoa bideratzen duen gai nagusi bat hautatzen da. Usu literaturari hertsiki loturik da, baina, aurten, angelua amiñi bat ireki eta zabalago begiratu diote aukera sortari: Ipar Euskal Herriko historia izanen du ardatz bigarren egunak. Marie Andree Houret antolatzaileetarik batek azaldu du ideia nondik jin zaien: «Historia aipatzen duten argitalpenak anitz badira azokan aurten, orduan pentsatu dugu baietz, hondarrean gai hori zentrala zela». 

Euskal Herriaren historia aipatzen duten liburu anitz baldin badira ere, hain zuzen horri buruz idazteko baliabide eskasa zenbait aldiz baden azpimarratu dute. «Dibulgazioa» hitza jin zaie ezpainetara. Maia Etxandi EKEko langilearen arabera, Sarako Idazleen Biltzarreko «ikus-entzuleak, usaian, liburuzainak dira», eta horien lanari buruz galdezkatzeko ohitura dute: «Zer dira haien beharrak? Zer ezagutza behar dute beren lana eramateko?». Galdera horiei ematen zaizkien erantzunen artean, historia agertzen da.

Hala, apirilaren 2ko egun profesionalean bi mintzaldi eta mahai inguru bat antolatuak dira: Ipar Euskal Herriaren historiaz egin diren argitalpenei buruz, Euskal Herriko historialari nagusiez, eta, «Ipar Euskal Herriaren historia idazten ahal ote da?» galderaren inguruan, hurrenez hurren, 11:45ean, 14:15ean, eta 16:00etan.

Egun horretara liburu munduan dabilen jende profesional oro joaten ahalko da, edo tokiko historian interesa duen oro. Parte hartzeko, izena eman behar da.

Leize zuloak lekuko

Euskal Herriaren historia aipatzeko leku egokiagorik ez dago Sarako herria baino. Ezagunak dira bertako leizeak, eta aurten, lehen aldikoz, biltzarreko zenbait animazioren habia izanen dira. Etxandik desmartxa iturria azaldu du: «Gure lurraldeko historia gureganatzea da. [Leizeak] anitz ikusiak dira toki turistiko gisa, baina gune horretan gure herriaren historia agertzen da». Egun profesionalerako gaia ez ezik, ingurumena ukaitea ere lortu dute.

Fabrice Iparragirrek leizeetan berean lan egiten du, eta leize zuloek eskain dezaketen giro berezia deskribatu du: «Eremua zinez partikularra da, eta, ikuskizunak antolatzen direlarik honen baitan, emozionalki bestelako gauzak azaleratzeko indarra badu; artistentzat ere aukera da emozio berri eta berezi horiekin jostatzeko». Izan ere, Asisko Urmenetak eta Dom Campistronek izanen dute esperientziaren entseatzeko aukera. Egun profesionalean, 10:30ean, performance saio bat eginen dute Gora euskal (h)errientsak saiakera grafikoaren inguruan (Herrima, 2023).

Iparragirreren ustez, leize zuloak leku oso egokiak dira hautatu gaiari begira, «historia ez ezik historiaurrearen zenbait atal ere» gordetzen baitituzte. Eguna hasteko, lehenik, leize zuloen bisita eskainiko zaie etortzen direnei.

apirilaren 1a

  • 10:00:  Historia XIX. mendean (Ikas), Maite Urmeneta; Intza eta Tomas, Laminaren Iturria (Ikas), Elise Dilet eta Antton Harinordoki.
  • 10:45:  Haizea lezean (Elkar), Elise Dilet eta Antton

    Harinordoki; Oihenartea ez hunki (Elkar), Bea Salaberri.

  • 11:15:  Margarita, Nafarroako Erregina (Euskaltzaindia),

    Ixabel Etxeberria; 

    Zortzi Pastoral berri (Euskaltzaindia), Battittu Coyos.

  • 11:45:  2024ko literatur 

    irteera (Maiatz).

  • 14:00:  Face à l’incertitude eta Études de sociolinguistique au Pays Basque (Harmattan), Eguzki Urteaga.

  • 14:30:  L’histoire de «Embata», Manu Arretz.

  • 14:45:  Euskal Herria koloretan (Kilika), Jaques Batttesti.

  • 15:00:  Xan (Elkar), Emma eta Maialen Arestegi; 

    Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar), Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larretxe.

  • 15:30:  Gora euskal

    (h)errientsak (Herrima), 

    Asisko Urmeneta eta 

    kolektiboa. 

  • 16:00:  Mahai ingurua, Sorkuntza editorialaren egoera Euskal Herrian, Euskal Herriko artistekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.