Literatura

Amaia Telleriak sare sozialetako «edertasunaren diktadura» aztertu du 'Aurpegiak' nobelan

Alberdania argitaletxearekin kaleratu du Telleriak 'Aurpegiak' haur eta gazteentzako eleberria. Egileak kritika egin nahi izan die sare sozialek sortzen dituzten kanon eta espektatibei, besteak beste.

Amaia Telleria idazlea, gaur, Donostiako udal liburutegian. JON URBE / FOKU
Amaia Telleria idazlea, gaur, Donostiako udal liburutegian. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2025eko urriaren 14a
16:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur egun etengabe konektatua egoteko beharra dute askok eta askok; sakelako telefonoa eskuan etengabe, sare sozialei adi. Munduko ia edozein txokotako milaka pertsonaren bizitzaren inguruan jakiteko aukera dago hatz kolpe bakarrean. Opor amaigabeak, plan izugarriak, gorputz kanonikoak, bizitza perfektuak... denak atsegin dut-ez josiak. Baina sare sozialetako bizitza ustez perfektu horiek, sarritan, ez dira hain perfektuak. Eta, plazaratu orduko, sortua dute kaltea: espektatibak eta kanon faltsuak sortu dituzte. Horren inguruko gogoeta egin du Amaia Telleriak Aurpegiak bere lan berrian. Nerabeentzako eleberri bat da, eta Alberdania argitaletxearekin kaleratu du. Gaur aurkeztu dute, Donostian.

Lili da istorioko protagonista, eta Izkiberri izeneko herri batera doa bere familiarekin bizitzera. Behin han dela, bertako biztanleak perfektuak direla konturatuko da —ezarrita dauden kanonei jarraitzen dietelako—. Perfekzio hori lortzeko, jendeak appegiak izeneko betaurreko batzuk jartzen ditu. Betaurreko horiei esker, norberak dituen konplexuak ezabatu, eta gorputza filtro batzuen bidez moldatzeko aukera dago. Lili hasieran beldurtu egingo da, baina azkenean, berak ere appegiak jarriko ditu, Izkiberrira hobeto egokitzeko.

Kezka batek piztu zion ideia: «Ikusten nuen sare sozialetan gure alderik perfektuena eta alaiena erakusten genuela, nahiz eta jakin banekien hori itxurakeria besterik ez zela». Eraikitako irudi horrek hari begira dagoen pertsonarengan sortzen duen eragina ikusita —«edertasunaren diktadura» gisa izendatu du—, zerbait egitea erabaki zuen; «esperimentu gisa». Telleria: «Appegiak sare sozialen iragazkien isla dira, baina muturrera eramanda».

Ezin koherente izan

Hausnarketarako tarterik ere izan du Aurpegiak-en sortzaileak; «erantzunak baino gehiago, galderak bota ditut», adierazi du. Hainbat kontraesan plazaratu nahi izan ditu; esaterako, protagonistaren bitartez. Liliri hasieran arrotza egiten zaio appegien mundua, baina azkenean erabiltzea erabakitzen du, horrek sortzen dizkion barne gatazkekin. «Denok izan dezakegu etika bat, baina guri ere gustatzen zaigu sare sozialetan gauzak konpartitzea». Ez du uste gizakia erabat koherentea denik, eta hori erakutsi nahi izan du.

«'Appegiak' sare sozialen filtroen isla dira, baina muturrera eramanda»

AMAIA TELLERIA Idazlea

Miren Mujikak egin ditu eleberriaren editore lanak —BERRIAko kazetaria ere bada—. Haren esanetan, Aurpegiak-ek gizarteari kritika zuzena egiten dio; bai sare sozialei, bai bertako iragazkiei, bai eta jarraitu beharreko kanonei ere: «Sare sozialetan erakusten dugun mundu perfektu horrek ere azpi lohitsuak ditu». Egileak ahizpatasunari ere egin nahi izan dio keinua eleberrian. Lili nerabea da, eta institutu garaian lagunek duten garrantziari erreferentzia egin dio, horrek protagonistaren bilakaera elikatzen duela sinistuta. 

Nahiz eta appegiak erabat fikziozkoak diren, Mujikaren ustez tresna horri «sinesgarritasun handia» ematea lortu du Telleriak. Bestalde, pertsonaiei dagokienez, egileak horiek eraikitzeko izan duen gaitasuna nabarmendu du: «Deskribapenez kargatu gabe, irakurleari irakurtzen ari dena imajinatzen laguntzen dio». Izkiberri ere asmatutako herri bat da, eta idazlearen esanetan zientzia fikziozko ukitu batzuk txertatu nahi izan ditu hura sortzeko orduan.

Oier Etxebeste Alberdaniako kideak ere hartu du hitza aurkezpenean. Haren esanetan, gazteak identifikatuta sentitzeko modukoa da Aurpegiak eleberria. Idazleak zabaldu egin du zirkulua, ordea. Haren ustez, gaiak gazteei ez ezik haurrei eta helduei ere eragiten die, eta horregatik uste dut haientzat ere interesgarria izan daitekeela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.