Literatura

Sarraskiei, gerrari eta bortxari eskainitako euskal kantagintza aztertu du Unai Elorriaga idazleak

‘Bereterretxen khantoria’-tik hasi, eta gaur egunerainoko ahozko literatura tradizio odoltsuari erreparatu dio autoreak ‘Odola kantari’ saiakeran. Umorez eta gogoetaz zipriztindu du ikerketa lana.

Unai Elorriaga idazlea, 'Odola kantari' liburua aurkezten. IÑIGO ASTIZ
Unai Elorriaga idazlea, 'Odola kantari' liburua aurkezten. IÑIGO ASTIZ
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko abenduaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hiru gai daude: maitasuna, heriotza eta euliak». Eta, noski, maitasuna eta heriotza lantzeko ardura beste batzuei uzteko asmoa adierazi ostean, euliei buruz idatzitako kontakizun bat abiatzeko baliatu zuen aurkezpen hori Augusto Monterroso idazle guatemalarrak bere testuetako batean. Eta, hain zuzen ere, aipu hori hartu du abiapuntutzat Unai Elorriaga idazleak Odola kantari saiakera idazteko. Alde batetik, heriotzak, sarraskiek, gerrak eta, orokorrean, bortxak euskal ahozko tradizioan izan duen presentzia aztertu duelako bertan, eta, beste alde batetik, Monterrosok proposatutako jolasa onartuta, euskal literaturan zein nazioarteko literaturako lanetan harrapatu dituen eulien antologia bat ere osatu duelako.

Hala laburbildu du lana idazleak berak: «Euskal poesiagintzan eta, gehienbat, kantagintzara pasatu den euskal poesiagintzan kontatu diren heriotzak, eta, batez ere, heriotza bortitzak, gerrak, urkamendiak eta halako izugarrikeriak dira liburu honen haria». Bereterretxen khantoria-rekin hasten da liburua horregatik, eta Erdi Aroko baladak, karlistaldietan zabaldutako bertsoak eta gaur egungo kantagintzako hainbat ale ere aztertzen ditu gero. Baina zergatik hautatu ditu zehazki kantagintzara pasatu diren poemak? «Testu horiek direlako gure iruditeriara pasatu direnak, eta gure buruan hobekien txertatzen direnak», azaldu du Elorriagak.

«Kantagintzara pasatu diren euskal poesiagintzan kontatu diren heriotzak, eta, batez ere, heriotza bortitzak, gerrak, urkamendiak eta halako izugarrikeriak dira liburu honen haria»

UNAI ELORRIAGAIdazlea

Eta, liburuak frogatzen duenez, bortxaz beteta dago ahozko tradizio hori guztia. Horren zergatia ere azaldu du idazleak: «Erakarri egiten gaituelako, tripak mugitzen dizkigulako. Horregatik biltzen zen hainbeste jende urkamendietara, fusilatzeetara, gillotinara, edozein motako exekuzioetara, horregatik hainbeste pelikula eta telesail gai beraren inguruan, horregatik hainbeste albiste egunkarietan, sarean...».

Elorriagak eta Josu Aurrekoetxea musikariak elkarrekin sortutako izen bereko zuzeneko emanaldia izan da liburua sortzeko abiapuntua: Odola kantari. Euskal kantagintzaren tragipedia. Liburuan bezala, emanaldian ere euskal ahozko literatur tradizioa aztertzen zuten bi sortzaileek, kantu, azalpen eta testu artean. Baina, idazleak esan duenez, saioa amaitzen zen aldiro gerturatzen zitzaien norbait poema hau edo balada hura aipatu gabe utzi zutela esatera. Eta orduan erabaki zuen liburua idaztea. «Ordubetean, eta musikarekin, ez nuen dena sartzerik, eta orduan erabaki nuen emanaldi hartan falta ziren baina nire iruditerian dauden beste bertso, balada eta kopla horiek guztiak liburu batean sartzea».

Thriller bat bezala

Idazlearen ibilbidea ekarri du gogora Lander Majuelo Pamielako editoreak. Orain artean, eleberrien artean sailka daitezkeen zazpi liburu ez ezik, antzerki lan bat eta hezkuntzari begira idatzitako saiakera bat ere eman ditu argitara, baina oraingoa du lehen liburua argitaletxearekin. Eta, gainera, Elorriagaren saiakerak «sorpresa nazional bat» ere badakarrela gehitu du: Muñagorriren bertsoak deitutakoen egilearen izen-abizenena, hain zuzen ere.

Elorriaga: «Muñagorriren bertsoak niretzat beti izan dira oso erakargarriak. Benito Lertxundik jarri zien musika, oso musika iluna, eta beti erakarri naute horregatik ere. Banekien bertso haiek anonimoak zirela, karlistaldietako bertso gehienak bezala, baina haiek ikertzen hasi, eta hala jakin genuen autorea nor zen. Liburu hasieran jakinarazten da hori, baina liburu amaierara arte ez da zehazten nor den».

«Banekien 'Muñagorriren bertsoak' anonimoak zirela, karlistaldietako bertso gehienak bezala, baina haiek ikertzen hasi, eta hala jakin dugu autorea nor den»

UNAI ELORRIAGAIdazlea

Eta zehaztu gabe utzi nahi izan dute datua liburu aurkezpenean ere hala idazleak nola editoreak ere, azaldu dutenez, thriller bat balitz bezala, misterio horrek gurutzatzen duelako lan osoa.

Elorriagak gehitu duenez, bi ahotsetara idatzita dago saiakera osoa. «Irakurri ditudan saiakera gehienetan ahots bat egoten da, zeina normalean egilearen ahotsetik oso gertu dagoen, eta bere autoritatearekin bere bertsioa ematen duen. Hemen bigarren ahots bat ere ateratzen da, egileari, alegia niri, Unai Elorriagari kontra egiten diona». Hyeronimus deitu du bigarren ahots hori, eta, azaldu duenez, etengabe ari zaio narratzaileari kontra egiten.

Umorea sartzeko baliatu du bigarren ahots hori idazleak, baita orain artean baliatu izan ez dituen hizkuntza baliabide batzuk erabiltzeko ere. «Eta nire unibertsoan beste nobedade bat da hori», azaldu du idazleak. «Normalean, nire nobelak idazten ditut urak dakarren moduko prosa batekin. Lotura korapilatsurik egin gabe, elementuak justaposizioz jarrita; baina oraingoan beste estilo batera eraman nau beste ahots horrek. Lotura hitz askorekin idatzi dudalako: alabaina, aitzitik eta halakoekin; nik neuk inoiz erabiltzen ez ditudanak, baina bigarren ahots horrek ekarri dizkidanak».

Eulien antologia

Eta, horrez gainera, hor daude euliak ere. Liburuko atal bakoitza euliei buruzko aipamena egiten duen idazleren baten aipuarekin hasi duelako Elorriagak, baina, horrez gainera, liburu amaieran antologia bat ere osatu duelako han eta hemen topatutako intsektuen aipamenekin. «Antologia baten hasiera», behintzat, idazleak esan duenez, Monterrosok bere testuan iragarritakoa baieztatu duelako Elorriagak saiakerarekin. «Euliak hartuta daude literatura guztiak», idatzi zuen guatemalarrak, «eta, noski, begia non jarri, han topatzen da eulia. Ez dago poema bat, orri bat, paragrafo bat edo lerro bat eskaini ez dion benetako idazlerik; eta idazlea bazara, eta oraindik egin ez baduzu, nik egin bezala, korri egin, eta lehenbailehen egin dezazun aholkatzen dizut».

Besteak beste, Xabier Amurizarenak, Ahmadou Kouroumarenak, Julian Barnesenak, Emilia Pardo Bazanenak, Ariana Harwiczenak, Uxue Alberdirenak, Jon Bilbaorenak, Pello Lizarralderenak, Pilar Adonenak, Zadie Smithenak, Adania Shiblirenak eta Anjel Lertxundirenak dira Elorriagak azken kapitulu horretan bildutako euliak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.