Aitortu duenez, mugan ibili da Sebastian Gartzia Trujillo idazlea (Lutxana, Bizkaia, 1944); jakitearen eta ez jakitearen arteko mugan, hain zuzen. Horrek hainbat buruhauste eta zalantza sortu dizkio, eta olerkitan bildu ditu Sasi arteko sugarrak libururako; Balea Zuria argitaletxearekin kaleratu du lana orain.
Aurrez bi saiakera eman ditu argitara egileak. Bitoriano Gandiaga poetaren lana aztertu zuen, esaterako, Herri maitea, herri dorpea liburuan (Euskaltzaindia-BBK, 2007), eta hamaika euskal idazleren jainkoari buruzko iritzi eta jarrerak bilduz osatu zuen Hamaika euskal literato eta Jainkoa lana (EHU, 2016). Ordea, idazleak oraingoa du lehen poesia liburua, nahiz eta, Juan Ramon Makuso Balea Zuria argitaletxeko editorearen ustetan, egileak aurretik ere erakutsi izan duen poesiarako grina: «Sen poetikoa du, eta horren erakusle da liburua».
«Liburu honetako poemetan, gizakion oinarrizkoentzat jotzen ditugun erantzun ziurrik gabeko zenbait arduraz aritu naiz», azaldu du egileak. Eta, haren hitzetan, hauek dira ardura horietako batzuk: erlijioa, maitasuna, euskaltasuna, bai eta beste zenbait «giza kezka» ere. Gai horien ondorioz ibili da, hark azaldutakoaren arabera, jakitearen eta ez jakitearen arteko mugan, eta irakurlea bera ere muga horretan egotea nahiko lukeela esan du. Baina tirabira horrek galdera berriak ere sorrarazi dizkiola ere gaineratu du.
Lau ataletan banatuta daude poemak. Lehenak, Ur gainean oinez izenekoak, erlijioari egiten dio erreferentzia, eta fedearen inguruko hainbat hausnarketa jasotzen ditu. De amore (in) sano da bigarren atalaren izenburua; bertan, maitasuna izan du ardatz Gartzia Trujillok. Makusoren ustez, irakurleak ez ditu maitasun ezti baten inguruko olerkiak irakurriko atal horretan, bi gizakik elkarri egiten dioten aitortza baizik. Euskararen oinazeen eta irriken inguruan hitz egiten du Euskal minak atalak. Eta, azkenik, egilearen hitzetan, «transzendentziarako bideak» irekitzen ditu Iniziatikoena izenarekin bildutako poema sortak.
«Liburu honetako poemetan, gizakion oinarrizkoentzat jotzen ditugun erantzun ziurrik gabeko zenbait arduraz aritu naiz»
SEBASTIAN GARTZIA TRUJILLO Idazlea
«Oharzaleak»
Gartzia Trujillok hainbat egile izan ditu erreferentziatzat Sasi arteko sugarrak idazterako orduan. «Oharzale askoz baliatu naiz: agnostiko zein sinestunez, ortodoxo zein heterodoxoez, Euskal Herrikoez zein hangoak ez direnez». Eta izendatu ere egin ditu liburua idazteko kide izan dituen egile horietako batzuk: Bitoriano Gandiaga, Juan Mari Lekuona, Xabier Lete, Joan Gurutzekoa... Eragin horietako batzuei esker, Makusoren ustetan, XX. mendean Euskal Herrian garatu zen kultur mugimenduaren erakusle da liburua. Gainera, horrek ibilbide intelektual bat eskainiko dio irakurleari, eta zera gaineratu du Makusok: «Biografia intelektual bat da, eta hori gaur egun ez dugu aurkitzen».
Balea Zuriko editorearentzat liburu «kultua eta jasoa» da Gartzia Trujillorena. Hizkuntzari dagokionez, ongi jasoa dela azaldu du, eta eskertu egin du idazlearen ahalegina, liburuko gaiek horixe eskatzen dutela iritzita. «Idazkera poetikoan ez dago tranparik; poesia zuzena da»; hori dela eta, egileak bere kezkak modu zintzoan azaltzen ditu barnetik.
Amaia Iturribidek idatzi du liburuaren hitzaurrea, eta idazleak esker hitzak besterik ez du izan harentzat: «Nik bezain ondo ezagutzen ditu nire olerkigintzaren zirrikituak, eta nik baino hobeto azaltzen ditu». Bestalde, azala Imanol Artegak egin du.