Sasoi baten azken bizi puskak

Sherwood Andersonen 'Winesburg, Ohio' itzuli du Joannes Jauregik, Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Desagertzear den landa eremuan girotutako 21 istorio biltzen ditu lanak

Lander Majuelo, Manu Lopez Gaseni, Joannes Jauregi eta Aitziber Atorrasagasti, Donostian, Winesburg, Ohio lanaren aurkezpen egunean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Zenbat balio dute asmaturiko herrixka bateko nekazari eta langileen ametsek? EIZIE, Erein eta Igelak sustatzen duten Literatura Unibertsala bildumako lan berriaren kontrazalean dator galdera —186. zenbakia da—. Azalean, berriz, etxe ondoko zuhaitzak bizitokia eta bizimoldea apurka irenstera doazela dirudi —Alain Urrutiak egin du—. Hori baita Sherwood Andersonen Winesburg, Ohio lanaren ardatzean dagoen garaia eta gatazka: XIX. mendearen amaiera da Ameriketako Estatu Batuetan, eta industrializazioaren hedapenak berekin eramango du landa aldeko ordura arteko bizitza. Desagertu aurretik, baina, hango jendeak bizitako ametsak, joan-etorriak eta horiek izendatzeko ezinak harrapatu zituen Andersonek bere lanik ezagunena den horretan.

Joannes Jauregi itzultzaile eta BERRIAko literatur kritikari ohiak ekarri du lana euskarara, eta Lander Majuelo Igelako editoreak aipatu du ez dela maiz gertatzen «hain duinki» argitaratzea klasiko bat. «Bazeukan eleberri honek gauza bat zaila: tonua harrapatzea, pertsonaiak eta haien barne munduak direlako eleberriaren mamia». Behin hori harrapatuta, baina, osterako lana «erraza» izatea ospatu du, eta idazleak detaileak eta keinuak lantzeko zuen modua goratu: «Nahiz eta Far Westean kokatu, ez dago guk pelikula eta nobeletatik ezagutzen dugun mundu biolentoa, baizik eta nekazari munduan dabiltzanen eta herriko denda txikietan mugitzen direnen egunerokoa. Oso eleberri humanista da alde horretatik; oso lotua gertakariari, hitzari, ez hainbeste metaforari».

Eleberri deitu du Majuelok, baina lana eleberriaren eta ipuin bildumaren artean dabilela zehaztu du Jauregik. 21 kontakizun laburrek osatzen dute liburua; modu soltean irakur daitezke, baina elementu komunak dituzte. Nabarmenena, kokalekua: guztiak gertatzen dira liburuari izenburua ematen dion Ohioko Winesburg herrixka asmatuan (AEB). Mapa bat ere badator hasieran, baina pertsonaiak dira zentroan daudenak liburuan. Bat ipuineko, izenburuek aurreratzen dutenez: Esnatze bat. Belle Carpenterren hizpidean; edo Edana. Tom Fosterren hizpidean. Bada, ordea, pertsonaia guztien artean gailentzen den bat: George Wilard, «ezinegon intelektualak dituen kazetari gazte bat», itzultzailearen hitzetan. «Besteek beren miseriak, istorioak, kezkak... kontatzen dizkiote; nolabait, harengan bat egiten dute guztiek. Normalean, bigarren mailan gelditzen da, besteren batean protagonista da, baina figura zentrala da».

Hain justu, Wilardek idazlearen «ukitu autobiografikoa» izan dezakeela aipatu du itzultzaileak. Izan ere, Anderson ere Ohioko herrixka txiki batean jaio zen, 1876an, Camdenen —hango oroitzapenekin sortuko zuen gero Winesburg—, eta, etxeko estuasun ekonomikoek behartuta, 14 urterekin eskola utzi eta askotariko lanak egitea tokatu zitzaion, tartean kazetaritzakoak. Jauregiren esanetan, hortik tiraka osatu zuen, hain justu, idazletzarako bidea. «Idazle autodidakta izan zen. Oso behatzaile fina, baina irudimen handikoa».

Modernismoa urratzen

Landa giroko bere jaioterritik atera, eta 20 urterekin heldu zen Anderson Chicagora, industrializazioa zela medio; «munduko hiriburuetako bat» bihurtzen ari zen orduan hiri hori. Haren biografiari loturiko pasadizo bat oroitarazi du itzultzaileak: «1912an nerbio krisi bat izan zuen, eta lau bat egunez desagertuta egon zen. Inguruko herrixka batean azaldu zen gero, nor zen eta non zegoen jakin gabe. Oso debatitua izan da ea benetan amnesia zuen edo itxurak egin zituen, baina argi dago ondoren esan zuen lehen gauza izan zela gertatutakoari buruz idatzi behar zuela; hortik hasi zen nobelak, ipuinak eta orotariko lanak idazten». Harik eta errealismoaren eta modernismoaren arteko zubigilerik behinenetako bat bihurtu zen arte.

1919an eman zuen Winesburg, Ohio, eta, jada «idazle gisa finkatuta», Chicagoko zirkulu literarioen parte bihurtu zen. Bitxia da kasua, ordea; lan horren ondoren, bai irakurleek eta bai kritikak albo batera utzi baitzuten, hein batean. Jauregi: «Kuriosoa da. Halako lan puska argitaratu eta figura literario gisa halako garrantzia izan duen norbaitek benetan idazle txikitzat zeukan bere burua; aldiz, garaiko zirkulu literarioetan mentore izan zen; Hemingway eta Faulknerrena, besteak beste».

Literatur buelta hartako beste idazle bat ere aipatu du itzultzaileak: Edgar Lee Masters. «Hainbat kritikarik esan izan dute haren Spoon River Anthology [Spoon Riverreko antologia] poema liburua prosara ekarrita litzatekeela Winesburg, Ohio». Iragarri du, gainera, aurki helduko dela euskarara hura ere.

Mututasuna agerian

Kontaerari dagokionez, «berezia» eta lehen irakurraldian «sartzen zaila» izan daitekeela aurreratu du itzultzaileak. Elkarrizketak, paseoak, topaketak... kontatzen dira maiz, eta, tartean, denbora jauziak egiten ditu idazleak, pertsonaien iraganaz zein geroaz aritzeko. «Istorioaren erdian bukaera konta dezake. 'Hil egin zen'. Eta, hala ere, ipuina ez da hor bukatzen».

Estiloa ahozkotasunetik gertu dagoela ere aipatu du Jauregik—«badirudi norbait benetako herri batean gertatutako zerbait kontatzen ari zaizula»—, eta «erregistro apala» darabilela herriko giro hertsia islatzeko. Elkarrizketarik egiaz ere ez dagoela ohartarazi du, «bakarrizketak» baizik, azkenean narratzailearen diskurtsoan txertatu dituenak.

Izan ere, bizilagunen arteko inkomunikazioa da lanaren ardatzetako bat, eta horren zerbitzura ageri da idazkera. Jauregi: «Agian irakurleari irudituko zaio oso trakets adierazita dagoela pertsonaien barne mundua. Esan dezake 'barruan zerbait zeukan', zehaztu gabe. Baina, hain justu, hori da inportantea: pertsonaien mututasuna eta ezintasun emozionala; agerian geratzen da forman, edukian. Hori da liburuaren bertuterik handienetako bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.