«Satanizatuaren defentsa» egin dutenak eskertu ditu Sarrionandiak

'Moroak gara behelaino artean?' saiakerak irabazitako Euskadi literatura saria jaso du haren arrebak, Kultura sailburuaren eskutikUrgellek esan du literatura sariek erakusten dutela Euskadi «ñabarduraz» beteta dagoela

Blanca Urgell, Ur Apalategi, Miren Agur Meabe, Marije Sarrionandia, Iñaki Uriarte, Jon Bilbao, Karlos Zabala eta Iban Barrenetxea. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
«Gure etxean ume ginela, lan handia hartu zuen gure amak barkatzen jakitea irakasteko. Eskua ematen. Gaur ere, urte batzuk geroago, horretara gatoz». Marije Sarrionandiak hitz horiek esanez jaso zuen atzo Joseba nebak Moroak gara behelaino artean? liburuarekin irabazitako Euskadi literatura saria, Gasteizen. Eusko Jaurlaritzak Joseba Sarrionandia Iurretako (Bizkaia) idazleari duela hilabete eta erdi emandako sariak atzetik ekarri duen soka luzeari amaiera eman nahi izan zion haren sendiak.

Blanca Urgell Kultura sailburuak banatu zituen Euskadi literatura sariak, Europa jauregian. Haren eskutik saria jaso ondoren, Sarrionandiaren arrebak aitortu zuen albistea jaso zutenetik hilabete eta erdiko «ibilbide zaila» izan dutela.Ondoren esker oneko hitzak izan zituen, epaimahaikideentzat lehenik eta denbora honetan guztian babesa adierazi dietenentzat ondoren. Bereziki herritar soilen elkartasuna eskertuzuen: «Hiritarrek emandako indarrari esker gaude hemen».

Espainiako Auzitegi Nazionalak idazlearen aurkako auzirik ez dagoela esan ostean, Sarrionandiari sariaren dirua emango diola jakinarazi zuen herenegun Eusko Jaurlaritzak. Hasierako erabakian atzera egin ondotik, sari banaketara joatea erabaki zuen idazlearen familiak.

Atzo, Garaikur Jose Ibarrolak egindako eskultura jasotzera igo zen idazlearen arreba. Eta, han zela,Sarrionandiak berak sari banaketarako propio idatzitako gutuna irakurri zien bildutakoei. Idazleak eskerrak eman zizkienEuskadi literatura sariaren epaimahaikoei erakutsitako «ausardiagatik», hartutako erabakiak erreakzioak izango zituela jakin arren aurrera egin zutelako. Eskerrak eman zizkien, halaber, «Espainiako prentsan batez ere, satanizatuaren defentsa egin dutenei, non euskaldunok hainbat alorretan arerioen lurrean bezala ibili behar izaten dugun». Esker onezgogoratu nahi izan zituen, bestalde, aurten irakurri dituen lau saiakera «eder»: Koldo Izagirreren Autopsiarako frogak, Ignazio Aiestaranen Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik, Patziku Perurenaren Goizuetan bada gizon bat eta Kepa Altonagaren Darwin gurean.

Baina, eskerrak ez ezik, «gauza eskergabe batzuk» ere aipatu nahi izan zituen Sarrionandiak idatziaren bitartez:«Prentsan esan da ez dudala gure herriko politikari buruz idazten, neure defentsan bezala. Baina Moroak gara behelaino artean liburuko orrialde guziak politikari buruzkoak dira». Batez ere azken hirurehun orrialde «geure gatazka eta aukerei buruzko hausnarketak» direla adierazi zuen Iurretako idazleak.

Bere saiakera saritu izanak sortutako «iskanbilari» buruz paperean heldu zaion bakarra «Don Celesen egunkaria» izan dela azaldu zuen, baita EHUko irakasle baten artikulu bat ere, non esaten duen «edozein gobernuk bere sokako literatura bultzatzeko obligazioa duela». Sarrionandiaren ustez, artikulu horretatik ondoriozta daiteke literaturak berak egiten duela «sasoian sasoiko gobernuaren promozio lana, eta ez alderantziz». Eta amaitu zuen esanez literaturak «naturalago» azaltzen dituela arazoak: «Nik uste egia zuzenetsiak eta instituzioak promozionatzea besterik da».

Zazpikoa osatuta

Zazpi lan saritu zituen atzoko ekitaldian Eusko Jaurlaritzak. Ur Apalategiidazle eta euskaltzain urgazleak euskarazko literaturako saria jaso zuen, Fikzioaren izterrak (Susa) ipuin bildumagatik. Apalategik gogoanizan zituen familia, lagun eta literaturaren abenturan «bidaide» izan dituen pertsonak oro, etaepaimahaiari eskerrak eman zizkion, haren erabakiak «ohoratzen eta pozez betetzen» duelako.

Miren Agur Meabek, berriz, euskarazko haur eta gazte literaturaren arloko saria jaso zuen, Errepidea gazteentzako narrazioarengatik. Meabek azaldu zuen liburuak «askatasunari» buruz jarduten duela, «txoriei eta izarrei buruz» alegia, eta horiek ere beharrezkoak direla «gure bizitzan eta gure herrian».

Iñaki Uriartek gaztelaniazko saiakerako saria jaso zuen, Diarios lanarengatik; Jon Bilbao gaztelaniazko literaturako saria, Bajo el influjo del cometa liburuagatik; Karlos Zabalari euskarazko literatura itzulpeneko saria eman zioten, Zubi bat Drinaren gainean lanarengatik, eta Iban Barrenetxeak literatur lanaren ilustrazioko saria eskuratu zuen, Bombastica Naturalis lanarekin.

Zazpi lan horiekin Euskadi literatura sariaren zazpikoa osatuta, Urgellek azaldu zuen sariek erakusten dutela Euskadi «ñabarduraz» beteta dagoela, «plurala» dela, «sentsibilitate askotarikoa eta erritmo diferenteduna». Euskadi literatura sariek bi eginkizun nagusi dituztela azpimarratu zuen Kultura sailburuak: batetik, saritutako lanen merezimendua eta balioa aitortzea, eta, bestetik, komunikazio lana egitea, literaturaren bitartez munduari erakusteko «gure izaeraren» beste zati bat. «Zorteko gara, kultura aberats eta plurala dugulako. Zorteko gara, pertsona eta ideia anitzez beteriko toki batean bizi garelako». Literatura sarien izateabat eta bakarra dela gaineratu zuen Kultura sailburuak, azkenik: «Soil-soilik literaturarako jaio eta bizi dira sari hauek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.