Bihartik hasi eta maiatzaren 24ra bitarte, zinema munduko aktore eta zuzendari ugarik egingo du agerraldia Cannesko Zinemaldiko alfonbra gorrian. Emma Stone, Pedro Pascal, Wagner Moura, Tom Cruise, Vanessa Kirby, Jodie Foster, Dakota Johnson, Adria Arjona, Scarlett Johansson, Kristen Stewart, Paul Mescal edota Josh O’Connor izango dira han, besteak beste. Nazioarteko 22 film lehiatuko dira sail nagusian, Urrezko Palma zeinek eskuratuko. Scarlett Johansson eta Kristen Stewart aktoreek zuzendari gisa ondutako filmak ikusteko aukera ere izango da. Johanssonen Eleanor the Great filmean June Squibb 95 urteko aktoreak jokatuko du rol nagusia. Stewartek, berriz, Lidia Yuknavitch idazlearen memoriak eraman ditu pantaila handira The Chronology of Water pelikulan.
Emakume zuzendarien parte hartzea ia bikoiztu egin da iazkoaren aldean; halere, ezin parekatu gizonezkoekin. Zazpi emakume zuzendari izango dira guztira —aurreko aldian baino hiru gehiago— Cannesko 78. Zinemaldian: Carla Simon espainiarrak Romería filma erakutsiko du, Chie Hayakawa japoniarrak Renoir, Hafsia Herzi frantziarrak La petite dernière, Lynne Ramsay britainiarrak Die my Love, Kelly Reichhardt estatubatuarrak The Mastermind, Mascha Schilinski alemaniarrak Sound of Falling eta Julia Ducornau frantziarrak Alpha. Azken zuzendari horrek badu lehendik Urrezko Palma bat; 2021ean eskuratu zuen, Titane filmagatik.
Produkzio handiak, lehiaz kanpo
Bestelakorik ere iragarri dute antolatzaileek lehiaz harago: esate baterako, produkzio handien proiekzioak. Tartean da Mission: Impossible sagaren film berria: The Final Reckoning. Sagako lehen filma plazaratu eta 30 urtera, Tom Cruise aktore eta zuzendariak adierazi du The Final Reckoning «azkena» dela eta «Ethan Hunt protagonistari agur esateko garaia» iritsi dela. Egun 62 urte ditu Cruisek.
Ethan Coen zuzendari estatubatuarrak Joel anaia gabe ondu duen filma ere proiektatuko da lehiaz kanpo: Honey Don’t. Baita Rebecca Zlotowski frantziarrak Jodie Foster aktorearekin egin duena ere: Vie Privée.
Bestalde, urteurrenei erreparatu diete zinema klasikoari eskainitako sailean, eta Charles Chaplinen The Gold Rush (1925) eta Milos Formanen One few over the Cuckoo’s Nest (1975) proiektatuko dituzte. Dokumentalen artean David Lynch, une énigme à Hollywood edota Bono: Stories of Surrender proiektatuko dituzte.