Zinema. Estreinaldiak

Scorsese eta DiCaprio, goi finantzetako ustelkeria giroan

Jordan Belforten igoeraren eta gainbeheraren kronika da 'The Wolf of Wall Street' filma

The Wolf of Wall Street filmeko eszena bat. Eskuinetik hasita hirugarrena da Belfort —DiCaprio—. MARY CYBULSKI.
Gontzal Agote.
2014ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken hamarkadetako zinemagilerik garrantzitsuenetakoa den arren, hainbatetan iragarri du Martin Scorsesek zuzentzeari utzi nahi diola. Nekatuta dago, eta, horrez gain, ez da batere eroso sentitzen gaur egungo Hollywooden. Zailtasun dezente izan ditu azken pelikulak aurrera ateratzeko, eta, aurrekontu handiko proiektu batekin ateren bat jotzen duenean, abizenak eta pilatutako prestigioak ez omen dute askorako balio izaten.

Zorionez, The Wolf of Wall Street egiteko orduan ezinbesteko aliatua izan du zinemagileak: Leonardo DiCaprio laguna. Aktorea hasieratik borrokatu da proiektua aurrera atera zedin. Jatorrizko istorioa kontatzen duen liburuaren eskubideak erosi zituen haren ekoiztetxeak orain dela hainbat urte. Hortik aurrera, etengabeko abentura izan omen da filma finantzatzea; horrek argi erakusten du gisa horretako pelikulek ez dutela lekurik gaur egungo Hollywooden.

Gauzak beltzen zeudenean, DiCapriok Scorsese konbentzitu zuen: bere neurriko istorioa zen Jordan Belfortena, eta proiektua kosta ahala kosta aurrera aterako zuten. Azkenean, behar zen dirua bildu, eta egia bihurtu dute filma. Orain, ikusleek dute azken hitza.

Elkarlan emankorra

DiCaprio eta Scorseseren arteko harreman artistikoa luzea da, eta egungo zinemagintzak ezagutu duen maitemintzerik emankorrenetakoa da bien artekoa. DiCaprio heldutasunera ailegatu da zuzendariaren bultzadari esker, eta haren itzalak aktore serioaren kategoria eman dio. Era berean, Scorsesek aktorearen babesa eta finantzaketa izan ditu hainbat proiektu aurrera atera ahal izateko.

Bien arteko elkarlana 2002an hasi zen, Gangs of New York filmarekin. Ordura arte, Robert De Niro izan zen zinemagilearen aktore kuttuna, baina, 1995eko Casino-ren ondotik, aktorearen eta zuzendariaren bideak banandu egin ziren. De Niroren itzala gainditu behar izatea izan da aurrerantzean DiCaprioren erronka nagusietakoa.

Hortik aurrera, zuzendariaren fikziozko film guztietako protagonista izan da DiCaprio —Hugo-n izan ezik—: The Aviator, The Departed, Shutter Island eta, azkenik, The Wolf of Wall Street. Scorseseren arabera, DiCaprio da gaur egungo aktorerik onena, eta, nonbait, jada ez du imajinatzen pelikularik haren parte hartzerik gabe.

The Wolf of Wall Street Scorsesek mafia eta gaizkiarekin izan dituen erakarpenaren ondorio logikoa da. Kasu honetan, baina, gaizkileek ez dituzte ohiko mafiaren moldeak erabiltzen: gangster modernoak dira, Wall Streeteko brokerrak, eta haien inguruan mugitzen dira korporazio handiak. Kontatzen duen istorioagatik eta Scorsesek erabili dituen baliabide artistikoengatik —off-eko ahotsa, muntatze azeleratua, gainbeheraren erretratua—, filmak parekotasun handia du Goodfellas eta Casino-rekin.

Benetako gertaera batzuetan dago oinarrituta The Wolf of Wall Street-ek kontatzen duen guztia. Jordan Belfort benetan existitu da, eta hark idatzitako liburua da pelikularen lehengaia. Hortik abiatuta, The Sopranos eta Boardwalk Empire-n trebatutako Terence Winterrek idatzi du gidoia.

Wall Streeten lanean hasten denean, Belfort langile prestua da. Broker gisa lanean hasi bezain pronto, ordea, inguruan dagoen ustelkeria giro orokorraz jabetuko da. Legez kanpoko operazioetan parte hartzeko gonbita jaso, eta hasieran ezezkoa emanen du.

Laster, baina, inguruaz kutsatzen hasiko da. Balio etiko guztiak galtzearekin bat, Belforten kontu korrontea loditzen hasiko da. Luxua eta mugagabeko aberastasuna ezagutuko ditu 90eko hamarkadako Wall Streeten; munduko errege sentituko da. Badaki FBI atzetik duela, baina ez zaio inporta, garaiezina dela uste baitu.

'THE WOLF OF WALL STREET'

Zuzendaria: Martin Scorsese.

Aktoreak: Leonardo DiCaprio, Jonah Hill, Matthew McConaughey, Jean Dujardin, Kyle Chandler, Rob Reiner,Jon Bernthal, Jon Favreau.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2013.

Iraupena: 179 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.