2019. urte hasieratik hona, Scotland Goes Basque programaren eskutik, euskal kultura garaikidea erakusgai izan da Eskoziako kultur programa nagusietako batzuetan: musika Celtic Connections jaialdian; zinema CinemaAttic plataformaren programazioan eta Edinburgh International Film Festival zinema jaialdian; arte eszenikoak Fringe jaialdian, eta literatura Edinburgh International Book Festival-en.
Udazken honetan berriz zinema dokumentalean eta unibertsitatearen alorrean jarriko du fokua programak.
Gaur hasi eta 20ra bitartean, Europa Transit dokumental bildumako hiru izenburu izango dira ikusgai Eskozian: Kaleko dantzariak, Mugaminak eta Erresilientzia-soinuak. Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzaren barruan, Europan barrena hamar hiritan (Ceuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Sarajevo, Mosku, Pafos, Plovdiv, Pristina eta Tesalonika) abiatu zen kultura enbaxada ibiltari bat izan zen Europa Transit; horren helburua zen elkarbizitzarako trantsizioaren kultura sustatzea. Egitasmoaren aitorpen gisa, Xuban Intxausti zinemagileak zuzendutako hamar dokumentaletako hiru emango dituzte Edinburgon eta Glasgown.
'Kaleko dantzariak'
Urriaren 12an, Edinburgoko Scottish Documentary Instituten aurkeztuko den Kaleko dantzariak filmak Sra. Polaroiskak, hau da, Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxek osatutako talde artistikoak Bulgariako Plovdiv hirian erromaniar etniako hainbat gazterekin ikuskizun bat prestatzeko egindako egonaldia jasotzen du. Proiekzioaren aurkezpena Ibarretxek eta Arenzanak egingo dute, eta proiekzio horren osagarri, bezperan, Lur away performancea taularatuko dute Lauriston Hall aretoan.
'Mugaminak'
Urriaren 17an, Amets Arzallus bertsolari eta kazetariak Zipren greko-zipretar eta turkiar-zipretar komunitateen arteko gatazkaren ondorioen berri jaso eta bere bizipen propioekin alderatuz grabatutako Mugaminak dokumentala aurkeztuko du Edinburgoko St Cecilia’s Hall aretoan. Gainera, bertsolaritzaren inguruko hitzaldia emango du.
'Erresilientzia-soinuak'
Zikloa bukatzeko, urriaren 20an, Glasgowko Arte Garaikideko Zentroan, Erresilientzia-soinuak dokumentala aurkeztuko da. Maite Arroitajauregi Mursego eta Vedran Smailovic Sarajevoko biolontxelo jotzailea protagonista ditu film horrek, eta musikaren bidez trauma gainditzeko gaitasunaz jarduten du, Bosnia Herzegovinako gerraren ostean gaur egun duten egoeratik abiatuta. Jarraian, Mursegoren zuzeneko emanaldia izango da, areto berean.
Nazioarteko kongresua Eskozian
Etxepare Euskal Institutuak eta Edinburgoko Unibertsitateak nazioarteko kongresu bat antolatu dute, urriaren 16an eta 17an Edinburgoko Unibertsitateko The Informatics Forum eraikinean egingo dena. 30etik gora aditu bilduko dituen kongresu horren xedea da hizkuntza gutxituetako hedabideen inguruan eztabaida akademikoa eta profesionala sustatzea eta, aldi berean, unibertsitateko ikertzaileen eta hizkuntza horiek lanabes dituzten komunikabideetako profesionalen artean elkarlana bultzatzea.
Besteak beste, gai hauek landuko dituzte: komunikazio eta kultura politikak; hedabideen ekonomia eta eremu digitala; telebistak eta Interneteko bideo plataforma berriak; audientzia, genero eta eduki azterketak; programazio estrategiak eta edukien kontratazioa; produkzio baldintzak eta distribuzio aukerak; edukien komertzializazioa; hedabideak eta hezkuntza; lurraldetasuna, hizkuntza eta nortasuna; eta hedabideak eta genero ikuspegia. Eta hizkuntza hauek izango dira hizpide: akaniera, bosniera, Eskoziako gaelikoa, eskoziera, euskara, frisiera, irlandera, jorubera, kornubiera, kroaziera, kymruera, nederlandera, sardiniera, serbiera eta zuluera.
Hau izango da egitaraua
Urriak 16
09:45
Euskarazko hedabideak lau hamarkadaren ondoren: begirada kritiko bat. Josu Amezaga, UPV/EHU
11:00
Komunikazioa eta kultura politikak
Eskozia eta Sardinia: hizkuntza politiken analisi konparatiboa. Robert Beveridge, FRSA (University of Sassari)
Komunikazioa hizkuntza indigenetan Ghanan: jasangarritasuna jomuga. Ufuoma Akpojivi (University of the Witwatersrand)
Gutxiengoen hizkuntza eskubideak eta hedabide publikoak Bosnia-Herzegovinan. Kristina Cendric (SHARE Foundation)
… eta kitto! tokiko egunkarien irakurleak hamar urtean zehar: tokiko egunkari paperezko baten sendotasunen eta erronken azterketa. Enara Eizagirre (Aztiker)
14:00
Ikusle kuotak handiagotzea ala hizkuntza salbatzea da jomuga? TG4 Ireland-en kasua. Alan Elessmont (TG4)
15:00
Hizkuntzaren erabilera eta nortasuna
Dragoi Bola euskal telebista publikoan: eragina ikusleen hizkuntza-jarreran eta erabileran. Beñat Muguruza, Garbiñe Bereziartua (UPV/EHU)
Hedabideak euskaraz, paperetik Internetera: zenbat gara eta zer egiten dugu? Libe Mimenza (Behategia)
Euskararen ezagutza eta erabilera eta ikus-entzunezko hedabideen kontsumoa Euskal Herriko unibertsitate-ikasleen artean. Edorta Arana, Beatriz Narbaiza (UPV/EHU)
Euskaldun gazte eta helduen komunitateak Twitterren: euskararen egokitzapena XXI. mendeko komunikazio-moldeetara. Joseba Fernandez de Landa, Rodrigo Agerri, Iñaki Alegria (UPV/EHU)
Gu ere euskaldunak gara, Boisekoak: nortasunaren eraikuntzaren eta kulturen arteko egokitzapenaren inguruko ikuspegi bikoitza Boiseko euskaldunen komunitatearen bidez. Jaione Diaz (University of Maryland)
Raidió na Life-en 25 urte: irlandar hiztun komunitate baten garapen konplexua irratiaren bidez. John Walsh (National University of Ireland), Rosemary Day (University of Limerick)
Diejen is iejl prikkelboar: audientzien diseinua eta nortasuna animazio filmak nederlanderara bikoizterakoan hizkuntza barneko aldaeren bidez. Christophe Declercq (UCL, London’s Global University)
Urriak 17
09:00
Ikus-entzunezko edukiak euskaraz: telebista kontuak aro digitalean. Itziar Azpeitia (ETB)
10:00
Produkzio baldintzak, programazio estrategiak eta distribuzio aukerak (I)
Kazetaritza digitalean jardutea hainbat afrikar hizkuntzatako egunkarietan: Alaroye eta Isolezwe egunkarien kasu-azterketak. Abiodun Salawu (North West University)
Kornubieraren aferari erantzunez: gure etorkizun digitalerako zerbitzu publikorako hedabideak diseinatzen, datuek bultzatutakoak, ez-linealak eta askotarikoak, bloke-katean oinarrituak. Denzil Monk (Falmouth University)
13:00
Produkzio baldintzak, programazio estrategiak eta distribuzio aukerak (II)
To the Max: murgilketa bultzatzeko transmedia kontakizuna frisieraz. Nola eraiki gazteen xede-talde batekin epe luzerako harremana interakzioa erabiliz. Halbe-Piter Claus (Omrop Fryslân), Bart Kingma (Omrop Fryslân), Mirjam Vellinga (Afûk), Fokke Jagersma (Afûk)
Zinema jaialdiak Euskal Herrian: euskarazko filmen zirkulaziorako aukerak eta mugak. Aida Vallejo, Amaia Nerekan (UPV/EHU)
Itzulpenaren erronkak hizkuntza aniztun filmetan: Handia-ren kasua. Elizabete Manterola, Ana Tamayo (UPV/EHU)
Atzerriko fikzioa hizkuntza gutxituetan. Urtzi Urrutikoetxea (ikerlari independentea)
15:15
Mahai ingurua: Mugarik gabeko ala mugatutako esparrua? Hizkuntza gutxituetako hedabideak aro digitalean. Alan Esslemont (TG4), moderatzailea
Elin Haf-Jones (The University of Wales Trinity Saint David)
Rob Dunbar (University of Edinburgh)
Margaret Mary Murray (BBC Alba)