«Munduak inoiz ezagutu duen argazkilaririk handienetako bat izan zen; ziurrenik, guztietan handiena». Hitz horien bidez deskribatu du Luis Inazio da Silva Lula Brasilgo presidenteak Sebastiao Salgado argazkilaria. Gaur arratsaldean hil da, 81 urte zituela, Parisen, haren senideek jakinarazi dutenez. Brasildarra zen jaiotzez.
Senideen arabera, leuzemia baten ondorioz hil da. Kontatu dutenez, argazkilaria munduko zenbait lekutan izan zen 2010ean, esku artean zuen Genesis proiektuaren harira. Malariaz gaixotu zen urte hartan, Indonesian, eta horren ondoren jaso zuen leuzemiaren diagnostikoa. «Bere kameraren bidez, mundu gizatiarrago eta ekologiko baten alde egin zuen lan», gehitu dute senideek zabaldutako oharrean.
Migrazioa, pobrezia eta klima larrialdia izan ziren Salgadoren argazkien inspirazio iturri eta protagonista. Oso ezagunak egin ziren munduan hark zuri-beltzean hainbat gatazkaren inguruan egindako argazkiak. Nazioartean sona handia izan zuen, kasurako, 1987an egin zuen argazki erreportajeak; Brasilen legez kanpo jarduten zuten urre meatzarien bizi baldintzak landu zituen proiektu hartan.
Mundu osoa zuen begian, baina, brasildarra izanik, Amazonian jarri zuen arreta beste inon baino gehiago, eta 48 alditan jo zuen hango oihanera, betiere ekosistema haren hauskortasuna agerian uzteko asmo irmoaz. Hainbat laguntzailerekin barneratzen zen oihanean, eta, herrixketara iristen zenean, hango herritarrekin harremana egin, zenbait lanetan lagundu eta, argazkiak egin ahal zizkien galdetu ostean, estudio bat muntatzen zuen bertan. «Brasilgo indigenak ez dira inoiz orain bezain mehatxatuak egon, ezta orain bezain antolatuak ere», adierazi zuen, 2022. urtean Sao Paulon Amazonia proiektua aurkeztu zuenean.
Argazkilaritzak egin zuen ezagun Salgado, baina ikasketak beste norabide batetik eraman zituen. 1944an Minas Gerais estatuan jaioa, ekonomia ikasi zuen, lehenengo Brasilen eta ondoren AEBetan, eta 1960ko hamarkadaren amaieran Parisera jo zuen. Doktoregoa egin zuen, eta berehala deskubritu zuen argazkilaritzak izan zezakeen indarra. Segituan hasi zen lanean zenbait agentziarentzat. Gamma izan zuen lehendabizikoa; Magnum bigarrena. Baina fotokazetaritzaz harago ere egin nahi izan zuen, argazkiak gizartea erretratatzeko eta hura eraldatzeko ere balio zuela uste baitzuen.
Egindako lanagatik zenbait sari irabazi zituen: besteak beste, Kazetaritzako Espainiako Erregea saria (1988), Arteen Asturiasko Printzea saria (1998) eta Sony World Photography Awardsen ohorezko saria (2024).
Euskal Herrian ere antolatu izan dira Salgadoren argazkien erakusketak. Hala, 2016an eta 2017an haren Genesis proiektua erakutsi zuten Iruñeko, Bilboko eta Donostiako kaleetan paratutako hiru erakusketak.

Doluminak nonahi
Salgadoren emaztea ere, Lelia Wanick, argazkilaria da, eta harekin batera sortu zuen Salgadok Terra Institutua, zeinak klima larrialdiari aurre egitea eta horren inguruko kontzientzia zabaltzea duen helburu. Hain justu, organismo horrek ere eman du Salgadoren heriotzaren berri, komunikatu baten bidez. Ohar horretan, nabarmendu dute argazkilaria ez zela soilik «gaur egungo argazkilaririk handienetako bat» izan; are, «itxaropena» zabaldu zuela «suntsipena» baino ez zegoen lekuetan.
Frantziako Arte Ederren Akademiako kide zen Salgado, 2014. urtetik. Organismo horrek ere esker hitzak izan ditu argazkilariarentzat, eta doluminak eman dizkie haren senideei eta gertukoei.