Zinema

Sebastien Lifshitzek jasoko du Zinegoak jaialdiaren ohorezko saria

Zuzendari frantziarrak 'Petite Fille' bere azken filmaren emanaldi berezi batean parte hartuko du Bilbon. Jaialdia martxoaren 1etik 14ra egingo da.

Sebastien Lifshitz. BERRIA
mikel lizarralde
2021eko otsailaren 03a
16:59
Entzun

Sebastien Lifshitz gidoilari eta zuzendari frantziarrak (Paris, 1968) jasoko du Bilboko Zinegoak jaialdiaren ohorezko saria.

Zinemagilearen konpromiso sozial eta emozionala nabarmendu nahi izan du jaialdiak. Pau Guillen Zinegoak-eko zuzendariaren hitzetan, «Lifshitzek gaitasun handia du kontakizun filmikoa modu organiko eta gizatiarrean eraikitzeko. Gainera, formatu dokumentalaren aldeko apustua egin du beti, gizartea eraldatzeko erreminta modura ulertzen duelako. Horregatik guztiagatik erabaki dugu Zinegoak-en dugun saririk gorenena berari ematea».

Lifshitzek sexu, identitate eta genero aniztasuna landu du bere ibilbide profesionalean, eta Zinegoak-en hainbat aldiz parte hartu du, baita sariak jaso ere. Wild Side lanarekin, Film Onenaren Saria lortu zuen Zinegoak-eko lehenengo edizioan, 2004an. Bambi filmarekin, ostera, Lesbianismo eta Generoa saria jaso zuen 2014. urtean, eta Les vies de Thérèse dokumentala 2016ko inaugurazio filma izan zen.

Nazioartean ere sari ugari jaso ditu Lifshitzek: Jean Vigo saria, Berlinaleko Teddya eta Epaimahaiaren Sari Nagusia Gijongo Zinema Jaialdian (Espainia).

Hilaren 28an jasoko du Zinegoak-en saria —jaialdia bera ofizialki hasi aurretik—, eta orduan emango du bere azken filma, Petite Fille. Proiekzioa Azkuna zentroko auditorumean izango da, 12:00etan, doako sarrerarekin —gonbidapenak jaso daitezke gaurtik aurrera AZ Infoan—.

Gainera, jaialdiak zinemagilearen atzera begirakoa antolatuko du. Aurrez aurre, Bilbo Arte aretoan gozatu ahal izan da, doan, eta online,  Filmin plataforman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.