Artea

Sei bidaia artistikoren fotogramak

Sei proiektu artistiko ikusgai jarri dituzte Iruñeko Ziudadelako Arma aretoan. Iker Serrano, Idoia Leatxe, Javier Ozkoidi, Ignacio Navas, Marisa Mantxola eta Mikel Usetxi, Oskia Paternain eta Iñigo Zubikoa artistenak dira lanak.

Bi bisitari Marisa Mantxola eta Mikel Usetxi artisten lanetako bati begira. IÑIGO URIZ / FOKU
Bi bisitari Marisa Mantxola eta Mikel Usetxi artisten lanetako bati begira. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko maiatzaren 22a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Emaitzak ez ezik, prozesuak ere izan daitezke erakusleiho batean luzitzeko modukoak; hori utzi du agerian Iruñeko Ziudadelako Arma aretoan ireki berri duten erakusketak. Erakusketa kolektiboa da, sei proiektu dira jasota orotara, eta guztiek dute jatorri bera muinean: arte plastiko eta bisualetarako laguntza programaren 2024ko deialdian aukeratutakoak dira, hau da, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak eta Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Kirol Departamentuak sustatutako programakoak. Zehazki, bakarka aritutako lau artistaren eta bi bikoteren lanak daude jasota, eta irailaren 14ra arte izanen dira ikusgai. Lehenbiziko aldiz, Iruñeko Udalak ere bat egin du egitasmoarekin, eta horrek eman dio bide erakusketa Ziudadelan muntatzeari.

«Artistei bereziki nahi nieke ahalegina eskertu, erlojupean aritu baitira, administrazioaren erritmoetara egokitu beharra zegoelako». Uharteko zentroko zuzendari Oskia Ugarterenak dira hitzok, eta, artistei aitortza egin ez ezik, zenbait zehaztapen ere egin ditu segidan. Sortzaileek «halabeharrez» bizi ohi dituzten zenbait tentsiotan egin du azpimarra. «Laguntza ekonomikoak une konkretu batean ailegatzen dira, eta eskatzen dute une konkretu baterako izan dadila zer erakutsi. Batzuetan, sumatzen dugu artistek zientoka duda izaten dituztela une hori iritsita. Eta guk badakigu prozesu batzuen haziak aspaldikoak direla, eta litekeena dela hemendik aurrera ere segitzea garatzen». Ohartarazpen bat egin du, ideia horri tiraka: «Hemen ikusgai direnak lagin txikiak dira, halako leiho moduko batzuk, askoz ere handiagoak eta sakonagoak diren proiektuak erakusten dizkigutenak». Alegia: sei fotograma dira. «Baina gozagarriak dira, guztiz».

Programan parte hartu duten artistak eta erakundeetako ordezkariak, Arma aretoan. IÑIGO URIZ / FOKU
Programan parte hartu duten artistak eta erakundeetako ordezkariak, Arma aretoan. IÑIGO URIZ / FOKU

Iker Serrano: Latir vegetal

Animalien eta landareen arteko harremanek liluratuta, halako hartu-emanei buruzko hausnarketak beste subjektu batzuetara estrapolatu ditu Iker Serranok Latir Vegetal proiektuan. «Artistak bere obrarekin daukan harremanetan ere ikusten dut halako analogia bat», onartu du artistak. Dena dela, landareen «lengoaia» jo du begiz batez ere, eta pinturan ez ezik —diziplina horretan du esperientzia gehien Serranok—, bideogintzan, argazkigintzan eta eskulturan ere aritu da hari buruzkoak azaleratu nahian. Hala, Maria Luengo EHUko ikertzaileak erakusketarekin lotutako argitalpenean azaldu duenez, «natura hilak ulertzeko beste modu bat» ere bistaratzen du Serranok bere obran. Besteak beste, instalazioko horma batean paratutako argazki seriean ikus daiteke asmo horren adierazpiderik. Argazki horietan guztietan, elementu berbera da protagonista: plastikozko mahai zuri eta tolesgarri bat, gainean lur pieza trinko bat daukana. Eta, kontrastean, argazkietako bakoitzean diferentea dena zera da: hondoa. Basoa eta bestelako paisaia naturalak ikus daitezke atzealdean aldiro.

Idoia Leatxe: Take me on

Idoia Leatxe artista aspaldi ari da ekoizpen industrialetan sortzen diren materialak bere obra artistikoetarako erabiltzen, eta halaxe egin du Take me on izeneko proiekturako ere. Eskulturak egin ditu, batik bat, eta, besteak beste, autoen piezak, trafiko seinaleak, aireztapenerako hodiak antzeman daitezke piezetan. Edonola ere, aipatu material horiek izan dezaketen aire astunak guztiz iraulia dirudi Leatxeren lanetan: ertz leunak dira nagusi, eta forma organikoagoak. Sortzaileak berak nabarmendu duenez, alderdi tematikoari bainoago, materialaren ezaugarriei erreparatu die azkenerako. Eta piezak bistaratuko ziren espazioari begira ere hartu ditu erabakietako asko. «Obrak behin hona ekarrita, gerta baitaiteke tailerrean zenituen arazo batzuk kolpez desagertzea, eta, kontrara beste batzuk sortzea; zirraragarria da, berez». Leatxeren instalazioa berezia da, gainera. Haren obrak eta Javier Ozkoidirenak elkarren ondoan paratu dituzte, biek hala eskatuta. «Tailerrean ere elkarrekin aritu gara; horrela zentzu handiagoa du guztiak».

Javier Ozkoidi: Rushes

Leatxeren lanen kontrastean, pop kulturaren airea dakarte Javier Ozkoidiren proposamen artistikoek. Hark ere soberakinekin egin du lan, baina, zehatzago, aurreko sorkuntza lanen hondakinak izan ditu material gisa. Dioenez, aurreko aldietan sortutako pieza «akastunei» bestelako geruzak erantsita edo haiek iraulita lortu ditu orain ikusgai jarritako obrak. Honako hauek ematen dute atentzioa, batik bat: metalezko kate lodi batekin osatutako hiru dimentsioko izar handi batek, eta lauki formako azpiegitura batek, zeinak pop kulturako aldizkariak baititu azpiko euskarrian —Penelope Cruz eta Britney Spears ikus daitezke azaletan—, eta, haien gainean, koloretako kanika batzuk. Gutxi-asko, prozesuen eta haiek utzitako arrastoen balio estetikoari gorazarre egin izana aitortu diote Ozkoidiri, besteak beste.

Ignacio Navas: Klickflip

Ignacio Navas artistak Tuterako (Nafarroa) skate parkera darama ikuslea Klickflip instalazioaren bitartez, eta nerabezaroari loturiko auziak dakartza azalera hala. «Adibidez, eskola porrota eta substantzia batzuen kontsumoa», zehaztu du Navasek. Egiazko testigantza batzuk izan ditu inspirazio iturri. «Nerabezaroa Tuterako skate parkean eman zuen lagun talde baten lekukotasunak jaso, eta bideojoko bat sortu dut», azaldu du proiektuaren muina. Hain justu, zuri-beltzean eginiko bideojoko horren irudiak dira nagusi arte instalazioan; pantaila handi batean dira ikusgai. Parean, skate parke bateko azpiegiturak —maldak, esaterako— imitatzen dituzten eskultura pieza batzuk ere paratu ditu.

Marisa Mantxola eta Mikel Usetxi: El Atractor. Propaganda luminosa

Marisa Mantxola artista plastikoak eta Mikel Usetxi nekazariak aspaldi ekin zioten elkarlanari. Urteotan, «nekazaritza poetikoa» jorratu dute batik bat, baina, diotenez, orain Arma aretoan paratutako proiektua dute «forma zehatzagoko» lehenbiziko lana. Proiektuaren izenburuak berak iragarri gisan, «propagandarako» lan bat egin dute; baina «zintzoa» da, «manipulaziorik gabea». Hainbat elementu biltzen dituen instalazioa da, kolore biziz blaitutakoa, eta erdigunean paratua dute «elementu nagusia»: 90 bat kutxa txiki biribil dira, eta barruan oihalezko poltsatxo bana eta eguzki destilazioz betetako flasko bana dute. Ikusleei helarazitako erronka honako hau da: nahi dute poltsatxo hori lepotik zintzilikatu dezatela —sokatxo bat ere badakar hari lotuta—, ibil daitezela denbora batez hura soinean izanik, eta itzul dezatela gero. Poltsatxo horrek landare hazi bat dauka barrenean, eta, bueltatutakoan, Usetxik hazia ereinen du, zer sortuko den ikusteko gero.

Oskia Paternain eta Iñigo Zubikoa: (Re)construyendo memorias: segundas vidas y resistencias en torno a una máquina de coser

Oskia Paternain eta Iñigo Zubikoa ere bikote gisa aritu dira proiektua garatzen. Paternain historialaria da, eta Iñigo Zubikoa, artista. Bistaratu berri duten proiektuan, karlistaldietara eta 1936ko gerra garaira begiratu dute, eta, zehazki, orduko errepresioaren biktima izandako emakumeak omendu dituzte, eskultura eta soinuak uztartzen dituen instalazio batean. Baleztena familiaren josteko makina bat da instalazioaren zentroan. Haren gainean zein inguruan —baita azpiko zolan botata ere— balak imitatzen dituzten objektuak daude. Bestetik, kartoizko kaxaz osatutako murru handi batzuk ere eraiki dituzte Paternainek eta Zubikoak: haietako bakoitzean biktimen izen-abizenak daude idatzita. Sentsore bat aktibatu dute haien inguruan, eta, hala, inor hurbiltzen den aldiro, soinuak adituko dira: burrunba bat, nagusiki, eta, tarteka, baita errepresaliatutako emakumeen edo beren senideen testigantzak ere. Memoria historikoari buruzko gogoeta bultzatzea dute asmo.

Argitalpen modalitatearen lau lanak, aurki

Ohi denez, arte plastiko eta bisualetarako laguntza programak bi atal izan zituen 2024an: erakusketara bideratutako adarra eta argitalpen modalitatea. Erakusketari loturikoa da Arma aretoan ikusgai dena, eta argitalpenei buruzkoa datozen asteotan aurkeztuko dute —data zehazteko dago—. Ugarte: «Laster gozatzen ahalko dugu haietaz ere». 

Iaztik da ezagun zer artista aukeratu zituzten programarako, eta garatutako lanen izenak ere jakinarazi dituzte. Honako hauek dira: Gorka Beunzaren Pegasoenea, Paula Eslavaren Una piedra cae en el aliviadero, Katixa Goldarazena Azpirotzen Imagen y hueso tiempo-párpado  eta Lara Molinaren Erraiak__arte_kidetzak_afinidades.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.