Sei hamarkadaz egindako ibilbide bihurgunetsua gogoratuko du aurten Durangoko Azokak

Abenduaren 5etik 8ra egingo dute 60. Durangoko Azoka, eta 760.000 euro izango ditu horretarako. Iratxe Reparaz sortzaileak diseinatu du aurtengo iruditeria, eta Palestinako herria «oso presente» izango dutela ere aurreratu dute.

Durangoko Azokaren aurkezpena, Landako gunean. IÑIGO ASTIZ
Durangoko Azokaren aurkezpena, Landako gunean. IÑIGO ASTIZ
Inigo Astiz
Durango
2025eko urriaren 16a
13:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nobedade «esanguratsuak» izango direla iragarri dute oraingoz, baina zehaztapen gehiago eman gabe. Durangoko Azokak 60. aldia izango du aurtengoa, eta «egokitzen» eta «hobetzen jarraitzeko» hainbat aldaketa izango direla adierazi du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak. Betiere proiektuaren funtsari eutsita. «Urteurren seinalatu honetan ere, ospakizun handietan indarra galdu ordez, honaino ekarri gaituen egiteko moduari eutsi eta berrikuntza batzuk txertatuko dizkiogu Azokari». Hurrengo hilabetean emango dute haien berri zehatzago, baina, oraingoz, «lehenengo zertzeladak» aurreratu dituzte: azoka noiz egingo duten —abenduaren 5etik 8ra—, horretarako zer aurrekontu izango duten —760.000 euro inguru—, eta aurtengo azokak zer irudi izango duen.

«60» zenbakiaren forma bihurgunetsua oinarri hartuta, Durangoko Azokak eta euskal kulturak azken hamarkadetan egindako ibilbidea irudikatzen duten hainbat irudi sortu ditu Iratxe Reparaz sortzaileak. Gerediagakoen enkargua jaso bezain pronto zenbakia irudikatzen hasi zela kontatu du artistak, eta berehala ikusi zuela zer bide hartu. «Ez zen zenbaki soil bat: ibilbide bat zuen forma bat zen, mugimendu bat, egin dugun bidea eta oraindik egiteko duguna irudikatzen zuena».

«Urteurren seinalatu honetan ere, ospakizun handietan indarra galdu ordez, honaino ekarri gaituen egiteko moduari eutsi eta berrikuntza batzuk txertatuko dizkiogu Azokari»

BEÑAT GAZTELURRUTIA Gerediaga elkarteko kudeatzailea

Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi zituen EHUn, eta Arte Zuzendaritza masterra ere egin zuen ondoren, Bartzelonan. Egun Madrilen bizi da, eta nazioarteko hainbat markaren publizitate kanpainen zuzendari izan da. Euskal Herrian, nagusiki, Zetak eta ETS taldeekin egindako lanengatik da ezagun. Oraingoan ere, irudi bakar bat sortu beharrean, «60» zenbakiaren hamaika bariazio biltzen dituzten «infinitu» irudi sortu ditu Reparazek. Kolore bizikoak guztiak, eta denak ibilbide bihurri eta kiribiltsuak irudikatzen dituztenak. Haietako bost baino ez dituzte erakutsi oraingoz, baina, sortzaileak azaldu duenez, egindako lan osoaren «%10» besterik ez da hori. «Hizkuntza bera bezala, azoka ere mugimenduan dago, aldatu egiten da, eta forma berriak hartzen ditu. Horregatik ospatzen dugu infinitutasuna: kartel infinituak, etengabe berrasmatzen den kultura baterako».

Palestina eta euskara

Beste iragarpen bat ere egin dute. Aurtengo azokan Palestinako herria ere «oso presente» izango dela aurreratu du Gerediaga elkarteko kudeatzaileak. Gaztelurrutia: «Ez da erraza jaialdi bat antolatzea mundua samina zabaltzen ari den sasoi honetan». Baina Gerediaga elkarteko kideak sinetsita daude kulturak ere mundu justuago bat eraikitzearen alde egin dezakeela, eta horregatik erabaki dute aldarrikapen hori lehen lerrora eramatea. «Bai prestaketan eta bai azokako egun guztietan genozidioa behin betiko gelditzeko deia egingo dugu».

«Hizkuntza bera bezala, azoka ere mugimenduan dago, aldatu egiten da, eta forma berriak hartzen ditu. Horregatik ospatzen dugu infinitutasuna: kartel infinituak, etengabe berrasmatzen den kultura baterako»

IRATXE REPARAZ Sortzailea

Euskarak bizi duen une «larria» ere izan du gogoan Gaztelurrutiak. «Iazko azokan nabarmendu genuen sorkuntza aberatsa dugula gure herrian, baina hartzaileak behar dituela duintasunez aurrera egin dezan. Gure deiari erantzun bikaina eman zioten azokara etorri ziren milaka bisitarik, kulturari arnasa emanez. Baina kulturak bezala, hiztunen arnasa behar du». Horregatik, euskararen alde egiteko deia ere egin du. «Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua moteldu eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan den honetan, euskararen pizkunde berri baterako adostasun soziala landu dezagun. Orain 60 urte piztutako sua eskurik esku ekarri du Durangoko Azokak gaur arte, eta balio dezala su horren beroak haren inguruan batu gaitezen, eta alda dezagun, guztion artean, euskarak bizi duen larrialdi egoera».

Gaztelurrutiak gogoratu duenez, justu duela hamar urte aldatu zuen izena Durangoko Azokak. Ordura arte, Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka zuen izen ofiziala, eta orduan bihurtu zen Durangoko Azoka. Geroztik, urtero lelo bat izan du azokak, baina aurrerantzean beti lerroburu bera baliatuko dutela erabaki dute orain: Kulturaren jaialdia.

«Durangoko Azoka kulturaren jaialdia da kultur topaketa profesionala eta herrikoia delako; biak aldi berean eta maila berean uztartuta»

BEÑAT GAZTELURRUTIA Gerediaga elkarteko kudeatzailea

Aldaketak aldaketa, funtsean, orain arteko ereduari eutsiko dio Durangoko Azokak, halere. «Durangoko Azoka kulturaren jaialdia da, kultur topaketa profesionala eta herrikoia delako; biak aldi berean eta maila berean uztartuta. Eta Euskal herritar guztiei euren nortasun kulturala bizitzeko, ospatzeko eta garatzeko aukera ematen dielako. Hori guztia, gainera, kultur eredu herritarrarekin egiten dugu. Kultur eragileek antolatuta, sektoreko profesionalekin elkarlanean, eta erakunde publikoen laguntzarekin».

Aurten ere, lehen egunean (abenduak 5) Ikasle Eguna egingo dutela iragarri du Gerediaga Elkarteak. Eskari asko izan dituztela aurreratu dute oraingoz, eta azokaren lehen egun horretan «milaka eta milaka» ikasle hartuko dituztela.

Argazki ofiziala

Iaz 735.000 euro ingurukoa izan zen Durangoko Azoka antolatzeko aurrekontua, eta, harekin alderatuta, «koska bat» igo da aurtengoa. Gaztelurrutiak zehaztu duenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena handitu delako gertatu da hori. Ez da ekarpena hazi delako izan, ordea. Gerediaga elkarteko kideak aipatu duenez, bizi kostuak gora egiten duen neurrian, erakundeek ere hainbatean behin eguneratzen dituzte laguntzen diru sailak, eta horren ondorio da igoera hori ere.

Argazki ofiziala ateratzeko ere baliatu dute aurtengo azokaren lehen aurkezpena. Gerediaga elkarteko kideak eta Durangoko Azoka osatzen duten guneetako ordezkariak ez ezik, Landako gunean izan dira proiektua babesten duten erakunde publikoetako eta enpresa pribatuetako ordezkariak ere. 

IZASKUN ELLAKURIAGA OROITU DUTE

«Hutsune handi bat nabari dugu». Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak hasieratik izan du gogoan Izaskun Ellakuriaga. Uztailean hil zen, 53 urterekin, eta nabarmena izan da haren absentzia Durangoko Azokaren aurkezpenean. Omenaldi kutsua ere hartu du prentsaurrekoak tarteka. Izan ere, Ellakuriaga izan da Durangoko Azokaren bihotz nagusietako bat azken bi hamarkada beteetan, eta komunikazio arduradunaren lanetan ez ezik, antolakuntza lanetan ere hartu izan du parte. Landako gunean hitza hartu duten guztiek izan dute gogoan, horregatik, eta Gerediaga elkarteko kideek bereziki. «Hogei urtean egin duzun lana gogoratu eta aitortuko dizugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.