Jurgi Ekizak (Baiona, 1980) argiaren eta itzalaren arteko nahasketaz bete du Argitzala diskoa. Hainbat natura elementuren artean, itsasoa behin eta berriz ageri da diskoko kantuetan. Kasualitatea tarteko, Paxkal Irigoienekin belaontziz egin bira finitzekotan zela eman dio elkarrizketa BERRIAri. Uhin handien kolpeez babesteko, itsasontziko zubian jarri da telefono sarea ez mozteko esperantzarekin. «Harrabots anitz bada, barkatu, bela aldez aldatzen ari da, eta espero dut ez dela deia moztuko». Bertzalde, kazetariari irriz segurtatu dio bere argazkia ez dela hoberena izanen, itsasoko gorabeherek eragin zorabialdiez gain, bizarra «aspaldidanik» ez duelako moztu.
Argia eta itzala ez dira zuretzat elkarren aurkako elementuak diskoan.
Ez ditut elkarren aurkako elementutzat jotzen. Nahas daitezkeen bi elementu dira niretzat. Azkenean ez dakizu argia non bukatzen den eta itzala non hasten den. Ideia zen azpimarratzea kasik gauza guzietan ez dela alde zuri bat eta alde beltz bat. Usu gauzak gehiegi sinplifikatzen ditugu, eta ohartzen zara gauzak lausoagoak direla, ez direla alde batean ala bestean kokatzen.
Orokorki behatzen badiogu diskoari, ez duzu hari orokorrik landu, gauza anitz aipatu baitituzu.
Ez nuen gauza bakar bat aipatu nahi, baina bukatzean ohartu nintzen nork bere emozioekin dituen loturak aipatzen ditudala nagusiki. Horrez gain, naturaren elementuak biziki presente dira. Biziaren kontenplazioarekin zerikusia du diskoak; ez dakit ea adin kontua den, baina halako zerbait gertatzen zait ene bizian. Erakutsi nahi izan dut garrantzitsua dela emozioak kontatzea eta onartzea ondotik borrokatu edo libratu nahi badituzu.
«Gorputzak ez du gezur hitza ezagutzen». Norberaren gorputzaren onarpena ere emozioekin lotzen duzu?
Alde emozionalaz gain, alde fisikoa ere nabarmendu nahi nuen. Irudipena dut gure bizian gehiegi mentalizatzen ditugula gauzak. Bere gorputzarekin hobeki konektatzen duenak badaki zer behar duen hobeki sentitzeko. Anitzetan, alde mentala tronpatzen da, eta ongi da gorputzari konfiantza egitea. Horretarako, gorputzari kasu eman behar zaio: entzun eta onartu behar da duguna, gorputzarekin lagun izanez.
«Biziaren kontenplazioarekin zerikusia du diskoak; ez dakit ea adin kontua den, baina halako zerbait gertatzen zait ene bizian. Erakutsi nahi izan dut garrantzitsua dela emozioak kontatzea eta onartzea ondotik borrokatu edo libratu nahi badituzu»
Bide batez, gizartea dikotomikoa dela salatu nahi izan duzu Argitzala kantuan?
Iruditzen zait kantu horretan gai gehiegi sartu ditudala. Gizarte arras binario batean bizi gara, gizonen eta emazteen arteko genero sistema hertsia baita, eta horri erreferentzia egin nahi izan diot. Gogoeta horri biziki berant heldu diot, baina ohartu nintzen gai sakona eta garrantzitsua zela. Gizarte dikotomikoa hausten dutenei esker, ohartzen zara sistema binarioaz gaindi munduan izateko orotariko manerak ere badirela. Dikotomiaren ideiaz gain, Euskal Herrian borrokatzeko manerak aldatu diren arren, adierazi nahi nuen segitzen dugula jende eta herri bera izaten, eta, ondorioz, manera batez gure herriaren alde borrokatzen. Segur aski gauza sobera nahasi ditut kantuan, baina orokorki hori da ideia.
Itsasoa, haizea, mendia eta natura; elementu anitz agertzen dira diskoan barna. Zer adierazi nahi izan duzu?
Ene bizian leku gehiago hartu du naturak, sinpleki. Polinesian egon izan naiz urtearen zati handi batean: badut konexio berezia itsasoarekin. Mendiarekin ere geroz eta gehiago konektatzen dut, Pirinioetan anitz ibili naizelako. Egia da euskal kulturan betidanik bereziki presente izan direla itsasoa, mendia eta txoriak. Manera batez edo beste batez agertzen dira ene kantuetan, eta uste dut garrantzitsua dela gure inguruko elementu horiek kantugintzan mantentzea.
«Zaila da musikalki ene diskoa leku jakin batean kokatzea. Hainbat musika tresna baliatu ditut; ukelelea jotzen has naiteke, eta, lotsarik gabe, sintetizadorea erabili gero»
Beraz, barneko bizipenak jorratu dituzu diskoa konposatzeko.
Ideia ez da gauzak indibidualki konpontzen direla erratea. Nire ustez, bakoitzak bere burua ezagutuz eta bere burua onartuz besteak hobeki onartuko ditu. Besteen ikuspuntuak ulertzeko balio izaten du norbere burua ongi ezagutzeak, baita ideia bat edo konbikzio bat borrokatzeko edo aitzinera eramateko ere: gizarte gisa erantzukizun hori dugu.
Musikaren aldetik ere, ez duzu estilo jakinik aurkeztu.
Zaila da musikalki ene diskoa leku jakin batean kokatzea. Hainbat musika tresna baliatu ditut; ukelelea jotzen has naiteke, eta, lotsarik gabe, sintetizadorea erabili gero. Bestalde, giro akustikotik erritmo elektronikora noa, edo grunge estiloko gitarra baten soinuak sartzen ditut. Musikaren eta hitzen bidez, sentitu dudan guzia asumitu eta kanporatu dut, horretaz gozatzeko edo libratzeko.
Moda da Euskal Herrian adin batetik aitzina bakarkako proiektuak aurkeztea? Gorka Urbizu bezala, adibidez?
Kar-kar. Gorka Urbizuk sekulako diskoa egin du, eta arras ongi konektatzen du euskal gizartearekin eta oro har jendearekin. Nire diskoak ezin du lehiatu harenarekin. Diskoa egiten hasi nintzelarik, ez nuen hark zuen helburua, ez naiz sekula konparatzen ahal Urbizuri. Hala ere, jende anitzentzat erreferentzia denez, ez nintzateke harrituko estilo bereko diskoak aterako balira heldu diren urteetan.
BIRA
- Irailak 18. Bilbo.
- Irailak 19. Elizondo (Nafarroa).
- Irailak 20. Azkoitia (Gipuzkoa).
- Irailak 21. Mutriku (Gipuzkoa).
- Irailak 23. Oñati (Gipuzkoa).
- Irailak 25. Maule.
- Irailak 26. Gasteiz (Araba).
- Irailak 27. Laudio (Araba).
- Irailak 28. Larhun (Lapurdi).
- Urriak 2. Ugao (Bizkaia).
- Urriak 3. Orexa (Gipuzkoa).
- Urriak 9. Abadiño (Bizkaia).
- Urriak 10. Segura (Gipuzkoa).
- Urriak 11. Larzabale (Nafarroa Beherea)
- Urriak 12. Tolosa (Gipuzkoa).
- Urriak 14. Lazkao (Gipuzkoa).
- Urriak 16. Iruñea.
- Urriak 17. Lizarra (Nafarroa).
- Urriak 18. Donostia.
- Urriak 19. Irurtzun (Nafarroa).
- Urriak 28. Baiona.