Shakespeareren baso magikoan

'Uda gau bateko ametsa' gauero antzeztuko dute Donostiako Kristina Enea parkean udan, hilabetez. Tanttakaren ekoizpenean 80 lagunek jardungo dute lanean 250 ikuslerentzat

Amancay Gaztañaga, Gorka Otxoa, Naiara Arnedo (eserita), Aitziber Garmendia, Itziar Atienza, Joseba Apaolaza eta Aitor Beltran, atzo, Donostian. A. CANELLADA / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko apirilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
William Shakespearek irudikatutako amets, fantasia, amodio eta magiazko unibertsoa Donostiara iritsiko da udarekin batera. Dramaturgo ingelesak ondutako Uda gau bateko ametsa (A Midsummer Night's Dream jatorrizkoan) antzerki lanaren bertsio «berezi» bat ikusteko aukera izango da hirian, gauero, hilabete batez, Donostia 2016 kultur hiriburutzaren eta Tanttaka Teatroa konpainiaren eskutik. Eta hainbat arrazoi daude, antolatzaileek esan bezala, egokitzapen berezia izango dela aurreikusteko: nabarmenena agian, antzoki batean ez, Kristina Enea parkean izango direla ikuskizunak. Obran irudikatutako baso magikoa bilakatuko dute parkea, hortaz, gauero.

Ekainaren 21ean izango da estreinaldia, udako solstizioarekin batera, eta, uztailaren 24ra bitarte, saio bat egingo dute gauero, astelehenetan izan ezik. Horrela, guztira 30 emanaldi eskainiko dituzte, horietatik hamar euskaraz eta hogei gaztelaniaz —obra frantsesez nahiz ingelesez ere jarraitu ahal izateko bitarteko teknikoak jarriko dituztela azaldu dute—. Eta emanaldi bakoitzean 250 ikuslerentzako lekua izango da.

Publikoa, ordea, ez dela ikusle soila izango nabarmendu dute antolatzaileek: antzerkian «aktiboki» parte hartuko du. Izan ere, antzezlanaren barruan, Hermia eta Demetrioren —obrako pertsonaia nagusien— ezkontzako gonbidatuak izango dira ikusleak, eta haien eztei afariaz gozatzeko aukera ere izango dute. Lehen agerraldietan izango da hori, parkearen behealdeko zelaian, baina ez afaria ez ikuskizuna, ez dira leku horretara mugatuko. Hain zuzen ere, bost gune edo agertoki nagusitan banatu dute obra, eta parkean zehar batetik bestera ibiliko da publikoa ere, kriseilu bat eskutan tramari jarraitzen ibilbide zirkular bat osatu arte. Bidean ere izango da zer dastatua, «piknikaren eta ezteietako oturuntzaren arteko» menua prestatu baitute publikoarentzat —Basque Culinary Center-ekin lankidetzan, Luisa Lopez Telleriak diseinatu du afaria—. Gaueko bederatzietan hasiko dira saio guztiak, eta hiru bat ordu iraungo dute.

Denbora horretan, aktoreak ez ezik, dantzariak, musikariak, koruko abeslariak, zerbitzariak eta beste izango dituzte lagun ikusleek ibilbide osoan. Horrela, ikuskizunean hainbat arte diziplina, gastronomia eta natura nahastuko direla azaldu dute.

Dramaturgoaren heriotzaren 400. urteurrenarekin bat eginez ondu du antzezlana Tanttaka Teatroa konpainiak. Fernando Bernues eta Iñaki Rikarte ari dira zuzendari lanetan, Alberto Huizi zuzendari laguntzaile dutela. Bernuesen hitzetan, «pasioa ospatu eta ametsak betetzea posible dela» adierazi nahi du Shakespeareren komediarik «jostari, ero eta apurtzaileenak». Rikarteren esanetan, ametsen eta errealitatearen artean obrak egiten duen jolasean jarri dute fokua zuzendariek.

Haien gidaritzapean, lantalde zabala ariko da gauero jardunean, emanaldia eskaintzeko; 80tik gora lagun, Bernuesen hitzetan, aktoreak, dantzariak, musikariak, koruko abeslariak, teknikariak eta zerbitzariak aintzat hartuta. Horietatik, hemezortzi izango dira antzezleak. Gorka Otxoa ariko da Demetrioren rolean, eta Aitziber Garmendia Hermiarenean. Haiekin batera, pertsonaia errealak nahiz fantasiazkoak antzezten ariko dira Isidoro Fernandez, Ane Gabarain, Josean Bengoetxea, Itziar Atienza, Mikel Laskurain, Sara Cozar, Joseba Apaolaza eta Miren Gaztañaga, besteak beste, baita TAE Donostiako Arte Eszenikoen Tailerreko ikasle talde bat ere.

Halaber, zortzi dantzariko talde batentzat antzerkirako espresuki sortutako koreografia prestatu duJon Maiak. Musikaren arloa zuzentzen, aldiz, Iñaki Salvador dabil: ikuskizuna girotzen hari laukote bat, metalezko haize boskote bat eta Easo abesbatzako kideak ariko direla azaldu du. Eszenografiaren, jantzien eta karakterizazioen ardura Ikerne Jimenezek hartu du, eta jantziak Tutti Thursbergen zuzendaritzapean egingo dira. Argiztapena David Alkortaren eta Xabi Lozanoren lana izango da, eta Mikel Fernandez Krutxagarena, berriz, soinua.

Patxo Telleriak landu ditu Tanttakaren bertsiorako antzezlanaren euskarazko nahiz gaztelerazko moldaketak. Haren hitzetan, antzokirako idatzitako obra parkean antzezteko egokitzea «oso taldeko lana izan da, proiektuak hala eskatzen zuelako». Egilearen dramaturgiarekiko fidel izaten saiatu direla, eta ezinbestekoa zena baizik ez dutela aldatu gaineratu du.

Sarrerak salgai daude jada

Donostia 2016ren programazioaren «mugarri» gisa aurkeztu du proiektua Pablo Berastegi kultur hiriburutzaren zuzendari nagusiak, Bernuesekin, Rikarterekin eta Telleriarekin batera eginiko aurkezpenean. Agerraldi berean hitza hartu dute Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek, Donostiako Kultura zinegotzi Miren Azkaratek, eta proiektua diruz lagundu duten EDP enpresaren nahiz Banco Sabadell-Gipuzcoano-ren ordezkariek ere. Antzezlanean parte hartuko duten hainbat aktore ere izan dira Donostia 2016ren egoitzan egindako aurkezpenean.

Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko. Publiko orokorrarentzat, aurrez erosita, 30 eurokoa da prezioa —bestela 40 euroan izango dira eskuragarri—, eta deskontuak izango dituzte hainbat kolektibok. Euria eginez gero, bertan behera utziko dituzte emanaldiak, eta dirua itzuliko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.