Sibelius onena

Marta Garcia
2025eko abuztuaren 30a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

LEIPZIGEKO GEWANDHAUS ORKESTRA

Zuzendaria: Andris Nelsons. Biolina: Isabelle Faust. Egitaraua: A. Pärten Cantus in memory of Benjamin Britten, A. Dvoraken Biolinerako kontzertua op. 53 eta J. Sibeliusen 2. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuaren 28a.

Osteguneko kontzertuak osagarri egokienak zituen gau zirraragarria igaro ahal izateko: munduko orkestrarik onenetarikoa, lehen mailako bakarlaria, instituzio handienek bilatzen duten zuzendaria, eta programa anitz zein sakona.

Arvo Pärtek 1976an idatzitako Cantus in memory of Benjamin Britten obra pausatu eta irekian, lau kanpai-kolpeen ondoren datorren lehen parte-hartzeak azaleratu zituen jada orkestrako harien kolore ederra zein norabidea marrazteko berezko sena, kontzertu osoan zehar tentsioa mantendu eta dinamika zabalak sortzeko ere funtsezkoak izango zirenak. Hala nola Isabelle Faust biolin jotzaile bikaina Antonin Dvorakek konposatutako Biolinerako kontzertua-n, non hark gidatutako gogamen-egoera desberdinetan sostengu ziurra izan ziren. Ez da kontzertu erraza, besteak beste, lehen mugimendutik bigarrenera etenik gabe igarotzea eskatzen duelako, eta ebatzi beharra dago nola pasatu Allegro-aren bizitasunetik Adagio-aren sentiberatasunerantz, lerroa hautsi gabe eta, hala ere, emozionaltasunak desberdinduz. Faustek oso modu naturalean egin zuen hori, eta nahi gabe gidatu gintuen, era berean, azken mugimenduaren dantza sinkopatuen eremura.

Lehen zatiaren maila ikusita, nekez espero genezakeen Jean Sibeliusen 2. sinfonia hain puntu gorenera eraman zitekeenik. Baina egin zuten, eta nola. Nelsonsen batuta zirraragarriari jarraituz, Leipzigeko orkestrak azken urteotan aretoan entzun den interpretaziorik onenetarikoa oparitu zuen. Izaera pastorala duen lehen gaitik hasi eta Sibeliusek presarik gabe eta handitasunez garatzen duen koda zabalera arte, orkestraren sekzio guztiak banan-banan, eta baita tutti-etan ere, orbangabe aritu ziren. Zeinen ederra metalen soinua, betea eta distiratsua, zeinen pizzicato doiak eta fraseatze finak harietan, zein samur gidatzen zituzten gaiak oboeak, txirulak eta fagotak. Sibeliusek iluntasunaren eta argitasunaren jolasean eraikitzen duen paletarekin margotu zitekeen maisulanik ederrena eskaini zuten, zentzumen guztiekin behatu beharrekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.