Musika

Silvio Rodriguez: kantuak inoiz ez baitira erabat amaitzen

Silvio Rodriguez musikari kubatarrak zuzenean jo zuen atzo Bilboko Euskalduna jauregian, eta gaur bigarren kontzertua eskainiko du han. Bost hamarkada baino gehiagoko ibilbideari errepasoa egingo dio gitarra, poesia eta konpromiso politikoa uztartuz.

Silvio Rodriguez kantautorea Bartzelonako Lizeoan irailaren 1ean eskainitako kontzertuaren une batean. QUIQUE GARCIA / EFE
Silvio Rodriguez kantautorea Bartzelonako Lizeoan, irailaren 1ean eskainitako kontzertuaren une batean. QUIQUE GARCIA / EFE
edurne begiristain
2026ko irailaren 13a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Kantuak inoiz ez dira erabat amaitzen». Silvio Rodriguez musikari kubatarrak esana da. Abesti bat ez omen da amaitzen konpositoreak azken akordea jotzen duenean, ezta diskoa kaleratzen duenean ere. Beste zerbait gertatzen da gero: norbaitek entzun, bere egin, eta bere bizitzako zerbaitekin lotzen du. Orduan amaitzen da kanta bat, edo, hobeto esanda, berriro hasi.

Kubako kantautorearekin behin eta berriz gertatu da hori. Batek kasete bat entzutean deskubritu zuen; besteak, gurasoen autoan, oporretatik itzultzeko bidaia luzeetan; bada gitarra eskuan lagunartean ezagutu zuenik, eta bada haren hitzen bila liburuxketan ibili zenik ere. Batzuek Kubako Iraultzarekin lotu zuten lehenik; beste batzuek maitasunarekin, gaztaroarekin, urruneko norbaitekin edo garai jakin bateko zerbaitekin. Batzuek ez dakite ezta abeslaria beren bizitzara noiz iritsi zen ere. Urteek aurrera egin ahala, ordea, kantari kubatarra etxekoa bihurtu da askorentzat. Silvio da, besterik gabe.

Adinari eta denboraren igarotzeari aurre hartzen dion zerbait dauka haren musikak. Ia hirurogei urte pasatu dira lehen aldiz jendaurrean kantatu zuenetik, eta oraindik badira Ojalá, Playa Girón, La maza, Unicornio eta El necio abestiekin ahotsa urratzeko prest dauden milaka lagun. Haren kontzertuetan, hasierako akordeak entzun bezain pronto, publikoak abestiak entzun eta kantatu egiten ditu, eta, hala, artistaren ahotsari beste milaka ahots gehitu. 2016an izan zen azken aldiz Euskal Herrian —zuzenekoa egin zuen Donostiako Anoeta belodromoan—, eta, hamar urte geroago, berriz da gurean: atzo Bilboko Euskalduna jauregian izan zen, eta gaur beste kontzertu bat egingo du han, milaka zaleren aurrean. Sarrerak aspaldi amaitu ziren.

Silvio Rodriguez Dominguez 1946ko azaroaren 29an jaio zen, Kubako San Antonio de los Baños herrian, familia apal batean. Aitak poesia idazten zuen afizioz, eta amak bazuen kanturako zaletasuna. Gaztetan marrazkilaria eta komikigilea izan zen Rodriguez, eta prentsan ere aritu ere zen. Baina gitarra izan zen haren bizitzaren norabidea aldatuko zuena.

1960ko hamarkadaren hasieran hasi zen instrumentu hura jotzen ikasten, eta soldaduska egiten ari zela bilakatu zitzaion afizio. Ezagun batek irakatsi zion; oinarrizko akorde batzuk ikasi, eta, hortik aurrera, bere kabuz garatu zuen teknika. Gauez, soldaduek lo egiten zuten bitartean, kuarteletik ihes egin eta urrutiko leku batera joaten zen, gitarrarekin bakarrik egoteko eta abestiak sortzeko. Urte batzuk geroago azalduko zuen garai hartako motibazioa: gitarra zeukalako, musika gustatzen zitzaiolako eta armadan aspertzen zelako hasi zela kantak egiten.

1967an egin zuen jendaurreko lehen agerraldia telebistan. Handik gutxira, leku bat egin zuen Kubako kultur eszenan, eta Pablo Milanes eta Noel Nicola ezagutu. Hirurek eta beste hainbat musikarik bultzatu zuten gero Kubako troba berria izenez ezagutuko zen mugimendua. Poesia, esperimentazioa eta garaiko eztabaida sozial eta politikoak uztartzeko modu bat izan zen.

Abestia galdera bihurtuta

Rodriguezek abestia ez du sekula mezu baten eroale soiltzat hartu. Haren hitzek, askotan, galderak uzten dituzte airean. Maitasuna, heriotza, desira, utopia, bakardadea, iraultza eta denboraren igarotzea gai politikoekin nahastu ditu. Eta hor dago, preseski, haren poesiaren indarra. Ojalá abestiak, adibidez, maitasunaren eta desiraren inguruko interpretazio ugari onartzen ditu; Unicornio-k, berriz, galdutako zenbaiten bila ibiltzearen metafora dirudi, baina ez du azalpen bakarra; La maza-k galderak egiten ditu artistaren eta gizartearen arteko harremanaz...

Zaila da Rodriguezen obra haren konpromiso politikotik bereiztea. Kubako Iraultzarekin lotutako artista nabarmenetako bat da, eta Fidel Castroren gobernuaren aldeko jarrera argia erakutsi izan zuen urteetan. Baina, aldi berean, sortzaile gisa ez du harreman erosoa izan boterearekin; burokrazia, zentsura eta iraultzaren hutsegiteak kritikatu ditu maiz, eta tentsio hori agerian geratu da haren ibilbidean. Adierazi izan du iraultza babestea eta haren gabeziak kritikatzea ez direla bateraezinak.

Rodriguezen diskografiak, berriz, Kubako troba berriaren historiaren pareko ibilbidea egin du. Días y flores (1975) eta Al final de este viaje (1978) lanetatik abiatuta, kantautore kubatarrak bere egin zuen poesia, herri kanta eta konpromiso politikoa uztartzen dituen molde bat. Rabo de nube (1980), Unicornio (1982) eta Silvio (1992) diskoetan, besteak beste, bere ahots artistikoa sendotu zuen. Geroztik, Rodríguez (1994), Domínguez (1996), Cita con ángeles (2003) eta Érase que se era (2006) etorri ziren, besteak beste; betiere, gitarra soilaren intimitatetik hasi eta orkestra eta moldaketa landuagoetaraino, hitzari erdigunean eutsiz. Azken urteetako diskografian, Segunda cita (2010), Amoríos (2015) eta Para la espera (2020) daude. Gutxi gorabehera estudioko 22 lanez osatutako ibilbide horretan, Rodriguez inoiz ez da formula baten gatibu izan: adinarekin batera aldatu da haren kantagintza, baina ez haren begirada poetikoa eta gizarteari buruzko kezka.

2024an argitaratutako Quería saber lanak, hain zuzen, erakusten du oraindik baduela zer esana. Duela bi urteko disko horrek 11 abesti biltzen ditu, eta gehienak XXI. mendekoak dira; salbuespena Tonada para dos poemas de Rubén Martínez Villena da, 1970eko hamarkadaren hasieran egina. Ziur asko, gaur Euskalduna jauregian bilduko diren zaleek bere egingo dituzte kantu horiek denak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA