Literatura

Simon Gandariasen bertsoak anonimatutik atera ditu Joseba Sarrionandiak

Manuel de la Sotaren paper zaharren artetik erreskatatutako bertsoak ditu abiapuntu 'We are plenty in here. Euzkadin eginak' liburuak. Simon Gandarias AEBetara artzain joandako elantxobetarra da egilea, eta Joseba Sarrionandiak apailatu du.

Joseba Sarrionandia 'We are plenty in here Euskadin eginak' liburuaren apailatzailea, azaroaren 13an, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Joseba Sarrionandia 'We are plenty in here Euskadin eginak' liburuaren apailatzailea, azaroaren 13an, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2025eko abenduaren 24a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Manuel de la Sota politikari eta kultur sustatzaile abertzalearen paper zaharrak sute batean kiskaliko ziratekeen baldin eta haren iloba batek hala-hola salbatu izan ez balitu. Hark Joseba Sarrionandiari eskaini zion salbatutakoa, eta Sarrionandiak euskarazkoei ipini zien interesa. Paper anabasa horretan hainbat lan identifikatu ahal izan zituen idazleak, tartean De la Sotak berak 1938an Jose Antonio Agirre lehendakariaren aginduz Idahora (AEB) egindako bidaiaren egunerokoa. Bertan, bertso mordo bat ageri da; antza, Ontarion taberna baten jabe zen ibarrangelutar-elantxobetar batek, Simon Gandariasek, De la Sotari emanak, Boisen. Horixe du abiapuntua Sarrionandiak apailatu eta Pamiela argitaletxeak kaleratu duen We are plenty in here. Euzkadin eginak liburuak; Gandariasen bertsoak batzeaz ez ezik, sorta bakoitzari testuingurua emateaz eta egilea anonimatutik ateratzeaz ere arduratu dira.

Izatez, Idahoko berriak bertso sortaren lehen puntua da We are plenty in here Euzkadin eginak. 1932an idatziak diren arren, 70eko hamarralditik aurrera egin ziren ezagun, Oskorri taldeak abesti bilakatu, eta errepertorioan sartu zituenean. Sarrionandiak oso gogoan du garai hura: «Giro ultrakorrekto eta puritano hartan, oso deigarria egin zitzaidan, hizkuntzak nahastearekin batera, oso inkorrektoa zelako. Prostituzio etxe batean gertatutakoaren azalpenak ziren, oso dibertigarriak».

Pasarte guztiak ez dira, ordea, Idahoko berriak sortakoak bezalakoak. Denetik omen dago: parranda bertsoak, bertso zirkunstantzialak, bertso sozialak, enkarguz jarriak eta beste. Pamielako editore Lander Majuelok balio handia eman die bertsoei: «Perspektiba oso ona ematen dute AEBetara joandako artzainen bizitza ikertzeko, eta gaur egungo perspektiba asko era osoagoan ulertzeko».

Artzain eta ostalari

Sutetik salbatutako paper mordoa ordenatzea lan gaitza izan bada, are gaitzagoa izan da bertsolariaren biografia osatzea. Sarrionandia: «Idatz eta Mintz aldizkariko artikuluren batean aipatu zen haren izena, baina ez zegoen argi nor zen». Bila hasi, eta halako batean lortu zuten haren senideak lokalizatzea —zehazki, haren hiru bilobak—, baina haiek Gandariasen arrastorik ez. Batetik, Huelvan (Espainia) jaio zirelako, eta, bestetik, oso txikiak zirela umezurtz gelditu zirelako. Gandariasen seme bakarra zen hiru ume horien aita, eta emaztearekin batera hil zen, 1996an, Huelvatik Elantxobera zihoazen batean istripua izanda.

Ikerketan bi urte eman ondoren, Sarrionandiak argi du liburuak zer-nolako garrantzia duen: «Bertsolari umil baten bertsoak dira, literarioki ez dakit zer balio duten, baina niretzat oso interesgarriak dira zenbait gai ukitzeko: esaterako, migrazioa». Sarrionandiarentzat, ikertzea mereziko lukeen «misterio itzel bat» dago gai horren atzean: «1900ean Bilbo hazkunde ekonomiko betean zegoen, eta lan onak aurki zitezkeen. Hortaz, zergatik joaten zen Bermeotik harako landa eremuko jendea Amerikara? Artzain bizimodua oso gogorra zen, eta horretatik ateratzea oso motela eta nekeza zen».

Generoari ere arreta ipini dio Sarrionandiak. Esan du bertsoak —bereziki testimonialak— «matxistak eta zentzu askotan inkorrektoak» direla: «Gizonak bakarrik bizi ziren mendian, eta handik jaisten zirenean, prostituzio etxeetan eta parrandan pasatzen zuten denbora». Ulertu ezin denik ere bada harentzat: «Artzain horietarik asko, herrian ezkondu, eta emaztea bertan utzita joaten ziren Amerikara. Senar-emazteen harreman mota horrek ez du azalpen errazik». Alde horretatik, emazteen egoera ulertzen ere saiatu direla azaldu du idazleak.

«Amerikara joandako horiek euskaldunak ziren, baina ez zen jende politikoa, eta han bihurtzen ziren zentzu nazionalean euskaldun»

JOSEBA SARRIONANDIA Apailatzailea

Bestalde, gai politikoaz mintzatu da: «Amerikara joandako horiek euskaldunak ziren, baina ez zen jende politikoa, eta han bihurtzen ziren zentzu nazionalean euskaldun». Horren inguruan, hainbat gako aipatu ditu: «Harako bidaia egiteko eta erresidentzia eskatzeko, jende honek agiri ikusgarri bat sinatu behar izaten zuen, Espainiari eta Espainiako erregeari arbuioa erakutsita. Nire ustez, ongi ikusten da nola artikulatzen den jende horren identitatea». Gandarias bera «mendigoizale eta abertzale erradikal» bilakatu omen zen AEBetan.

Anonimotasunari heltzeko parada ere ematen du liburuak. Horri lotuta, Sarrionandiak testuen eta egileen arteko lotura okerrak izan ditu hizpide, Estitxu Roblesek kantzen zuen abesti bat adibide gisa jarriz: «'Elantxobetarra naiz, ezin dut ukatu...' dio abestiak, eta himno bihurtu da herri horretan. Gorgonio Renteriaren obra osoa argitaratu zenean, testu hori ere hor sartu zuten, baina Gandasiasena zen argi eta garbi».

Jakingarri gisa, Idahoko berriak bertsoei egin zaizkion zuzenketen eta konponketen berri eman du Sarrionandiak: «Oskorriren kantuak dio 'Euzkaditik eginak', baina hor silaba bat sobran dago, eta 'Euzkadin eginak' bihurtu da». Haren ustez, ordea, «Euzkaditik jinak» beharko luke: «Bertsoetan aipatzen den prostituzio etxeko madama baigorriarra zen, eta horrek esplika dezake komentario guztiak Iparraldeko euskaran eman izana, bertsoak paperean argitaratu zirenean». Peiremans taldeak egindako zuzenketaz ere aritu da Sarrionandia: «'Todayko neskak janzten dira pretty' dio bertsoak, eta Peiremansek 'Todayko gazteak' esaten du bere kantuan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.