Saiakera iraultzaileak, eleberri aztoragarriak eta autobiografia xeheak. Bere bizitzan barrena, horiek eta gehiago landu zituen Simone de Beauvoir pentsalari, idazle eta militante feministak (Paris, 1908-1986). Bereziki askatasunari eta emakumezkoen emantzipazioari jarri zien arreta, eta ahoan bilorik gabe mintzatu zen amatasunaz, abortuaz, sexuaz, emakumearen zapalketaz eta haren gorputzaz. Bigarren sexua saiakeraren egile gisa da gogoratua. Tamalez, bertan idatzitako esaldi batek laburbildu eta ordeztu du haren bizi osoko lan eskerga: «Emakume ez da jaiotzen: egin egiten da». Jasotako heziketa ezbaian jartzeak eta emakume kondizioari ezarritako zama kritikatzeak ardaztu zuen haren lan osoa, eta sistematikoki aplikatu zituen bi printzipio horiek.
Beauvoirren pentsamenduak lurrikararen gisan astindu zuen XX. mende erdiko gizarte tradizionala. Bigarren sexua plazaratu zuenean, emakumezkoek, Frantzian bederen, lortu berria zuten botoa emateko eskubidea, eta artean nekez irits zitezkeen goi mailako ikasketetara; rol estu gutxi batzuetara mugatuta zeuden: alaba, ama, emazte eta ezer gutxi gehiago. Emakume kondizioaren hausnarketa maila filosofikora eramanik, askok «naturaltzat» jotzen zuten ordena soziala jarri zuen auzitan Beauvoirrek, eta epelak entzun behar izan zituen horregatik. Sutsuki larrutu zuten garai hartako prentsan.
Familia burges katoliko baten altzoan sortu zen, eta maila bereko gizonezko batekin ezkontzea izango zatekeen gurasoek harentzat aurreikusitako destinoa, Lehen Mundu Gerrak ondasunik gabe utzi izan ez balitu. Familia oneko neskatilei dagokien dotea jasoko ez zuela jakitun, aitak ikasketara eta «ofizio bat hartzera» bideratu zituen haien bi alaba Simone eta Helene. Simonek, alabetan zaharrenak, dohain apartak erakutsi zituen horretan, eta aitak, semerik izan ez zuenaren penaz, «gizonezko baten adimena» zuela esaten zion. Matematika, latina eta beste ziurtagiriren bat eskuratu ostean, Parisko Sorbona unibertsitatera jo zuen de Beauvoirrek, filosofian espezializatutako letren lizentzia eskuratzeko asmoan. Hantxe, hasieran gidari zein bikotekide eta azkenerako bizitzan zein pentsamenduan bidaide izango zuena ezagutu zuen: Jean-Paul Sartre, existentzialismoaren adar marxistaren ikurra.
Sartrerekin bat etorriz, Beauvoirrek ere bere egin zuen existentzialismoa. Hortaz, «esentziaren aurretik existentzia» doala postulatu zuen hark ere, eta norbanako bakoitzak libreki eraikitzen duela bere bizitza, kanpoko indarrek uzten dioten neurrian. Alta, inflexio puntu bat erantsi zion teoria horri: askatasuna denentzat bera litzatekeen arren, emakumezkoek oztopo handiagoak gainditu behar dituzte; zama material, sozial eta kulturala hagitzez astunagoa da haientzat. Gizonezko askori ikusezinak zitzaizkien oztopoez ari zen.
1986an, Simone de Beauvoir hil zenean, haren lau dimentsio nabarmendu zituzten Frantziako prentsako artikulu nekrologikoetan; honako hauek, hurrenez hurren: Bigarren sexua liburuaren egilea, Sartreren bikotekidea, intelektual ezkertiarra, eta, azkenik, idazlea. Kurioski, Beauvoirrek idazkuntza izan zuen bere ekinbide guztien zioa, bere autobiografiari eskainitako sei liburukietatik lehenean esan zuenez. 15 urte zituela, idazle izango zela erabaki zuen, eta ez zen apeta hutsa izan. Bere bizi esperientziak, ideia filosofikoak eta gizartearen behaketatik hartutako ideiak uztartuz, eleberri apurtzaileak eman zituen argitara. Ingrid Galster katedradun eta Simone de Beauvoirren lanean aditu zenak aipatu bezala, «hark literatura bihurtzeko material gisa erabil zezakeen neurrian erreparatzen baitzion errealitateari». Jarraian, irakurraldia merezi duten bere bost liburu, Bigarren sexua barne:
L’Invitée (1943)
Beauvoirren lehen nobela da, Parisen Bigarren Mundu Gerraren bezperetan girotua. Maitasun triangelu baten gorabeherak kontatzen ditu, Pier eta Françoise bikote helduaren eta Xaviere neska gaztearen artekoak. Autofikzio generoko eleberritzat jo izan da, bertan Beauvoir, Sartre eta Sartreren ikasle eta amorante Olga Kosakiewicz-en arteko harremana islatzen baita. Hiru pertsonaien bizipen komunen bidez, idazleak moralaren eta askatasunaren gaineko hausnarketa egiten du bertan. Arrakasta handia erdietsi zuen.
Besteen odola (1945)
Oier Alonsok euskaratu zuen, eta bi bildumatan dago publikatuta: Ibaizabal argitaletxearekin (2001), batetik —Armiarma atarian irakurgai—; eta Elkar argitaletxearen Urrezko Biblioteka bilduman (2021), bestetik.
Bigarren Mundu Gerraren aurreko giroaz, Frantziako erresistentziaz eta nazien okupazioaz mintzo da eleberria. Jean Blomart da pertsonaia nagusia, etxe oneko semea, kontzientziaren ausikiekin bizi dena gaztetandik. Haren bilakaera kontatzen da bertan, hartutako erabaki bakoitzak duten garrantziari eta ondorioei arreta berezia jarriz.
Bigarren sexua (1949)
Irene Arrarats Lizeaga BERRIAko euskara arduradunak itzuli zuen, 2019an, eta Eskafandra bilduman argitaratu zen euskaraz. Biologian, historian, mitologian, kulturan, ohituretan eta eguneroko bizitzako gertaeretan arakatuz, emakumeak gizartean duen tokia eta milaka urtean jasandako zapalketa azaltzen ditu.
Arraratsek liburuaren lan sistematikoa goraipatu du, bai eta ematen dituen argibideak ere: «Zati batzuk oso filosofikoak dira, baina hostoak kentzen badizkiozu, planteatzen dituen galderak oso sinpleak dira. Adibidez. Menperatuta egon diren guztiek izan dute, lehenago edo geroago, askatzeko eta bereizteko grina. Zergatik ez zaie emakumeei halakorik gertatu? Zergatik gelditu dira hor laketuta?».
Aspaldiko liburua izanagatik gaurkotasunik baduela ere esan du: «Horko iturria ez dago agortuta, eta gaur egungo auzi batzuk argitzeko gako batzuk aurki daitezke. Prostituzioaz hitz egiten da, eta amatasunaz, besteak beste. Askatasunaz ari denean ere, badago zer ikasia, oso planteamendu serioa du horri buruz».
Les Mandarins (1954)
Simone de Beauvoirren eleberririk ezagunena da, baita fikziozko azken liburua ere, saiakerak eta sei liburukiz osaturiko autobiografia bat idazteari ekin baitzion haren ondotik. Nelson Algren idazle komunista estatubatuarrari eskainia da. 1947an ezagutu zuten elkar, Chicagon (AEB), eta amoranteak izan ziren hainbat urtez.
Parisko intelektual talde baten hausnarketen, zaputzaldien eta proiektuen bidez, 1944ko giroaz eta gizarteaz mintzo da Beauvoir eleberrian. Bigarren Mundu Gerraren amaiera da, baita Gerra Hotzaren eta Aljeriako Gerraren ataria ere, eta dena dago kolokan. Bi narratzaile ditu: Anne Dubreuilh psikiatra eta idazle engaiatu baten emaztea, eta Henri Perron, L'Espoir egunkari ezkertiarreko zuzendaria eta erresistentzian militatutakoa. Haien ahotsak txandakatuz harilkatzen da eleberria.
La vieillesse (1970)
Zahartzaroari buruzko saiakera mardul eta dokumentatua da. Bigarren sexua liburuaren sistematizazioari eta simetriari jarraitzen die: zahar izateak zer esan nahi duen galderatik abiatuta, zaharrek gizartean duten lekua azaltzen du. Horretarako, gaiaren inguruko arazo politiko, sozial, existentzial, filosofiko eta psikologikoak arakatzen ditu, nola mendebaldeko gizarteetan hala antzinakoetan ere. Bi zati ditu. Lehen liburukian, gizarteak zaharrekin duen «portaera degradantea» erakusten du: «Jaten eman beharreko alfer ahoak balira bezala hartzen dira zaharrak». Bigarrenean, adibide historiko eta literarioak eta zahar egoitzetan egindako azterketak uztartzen ditu, zaharrenganako jokamolde gupidagabeari buelta emate aldera.