Hilberria

Slavenka Drakulic idazle eta kazetaria hil da, 76 urterekin

Jugoslavia zaharraz idatzi zuen batik bat bere liburuetan, ikuspegi feminista batetik, eta aitzindaria izan zen horretan. Haren bi lan irakur daitezke euskaraz: 'Han ez banengo bezala' eta 'Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko'.

Slavenka Drakulic idazlea, 2019an, Donostian. JON URBE / FOKU
Slavenka Drakulic idazlea, 2019an, Donostian. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2026ko ekainaren 23a
17:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunkarietako letra beltzetara inoiz iristen ez ziren kontakizunak eta bizipen txikiak, kontu handien berri ematen dutenak denak; gerraren berri, biolentziaren berri, unean uneko erregimen politikoak jende arruntari ekarritako itzalen berri. Horietan jarri zuen begia Slavenka Drakulic kazetari eta idazleak hasieratik, garai batean non inor gutxik jotzen zuen feminismora historiaren eta botere harremanen geruza ugariez aritzeko. Hala egin zuen berak liburuz liburu, eta Jugoslavia komunistari buruzko lanek eta ondorengo urteetako memoria jasotzen dutenek egin zuten batez ere ezagun, baita nazioartean ere. Larunbatean hil zen, 77 urteak betetzeko aste gutxiren faltan.

Kroaziako Rijeka herrian sortu zen Drakulic, eta Literatura eta Soziologia ikasketak egin zituen, Zagrebeko Unibertsitatean. Kazetari hasi zen lanean, eta 35 urte zituela argitaratu zuen lehen saiakera: Feminismoaren bekatu hilgarriak (1984). Emakumeenganako desberdinkeriak hainbat eremutan hartzen zituen formak azaleratu zituen, eta Balkanetako testuinguruan hala egin zuten lehenetakoa izan zen. Beldurraren hologramak eleberria plazaratu zuen hurrengo, zeinetan, bizipen autobiografiko bat oinarri hartuta, giltzurrunetako transplante bat egiten dioten gazte baten istorioa kontatu zuen. 

Hala jardungo zuen aurrerago ere, nobelak eta ez-fikziozko lanak uztartuz. 1990eko hamarkadan, zenbait hedabidek traidoretzat jo zutenean, Kroaziara erbesteratu zen, eta bizialdi haren arrastotik idatziko zituen urte haietako hainbat lan, Balkan Express (1993) eta Cafe Europa (1996), besteak beste.

Drakulicen obra euskarara ere iritsi da azken urteetan, eta haren lan azpimarragarrienetako bi itzuli ditu Amaia Apalauzak: Han ez banengo bezala (Pasazaite, 2018) eta Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko (Txalaparta, 2021). Aurrenekoan, 1990eko hamarkadan Bosniako gerrak hainbat emakumeren etxeetara eta gorputzetara ekarritako bortizkeria bistaratu zuen, estilo zuzenez. Urteak igaro zituen testigantzak biltzen aurretik, eta pertsonaia bat sortu zuen gero horiekin: S, Bosniako herrixka batean irakasle dabilen emakume gazte bat, ama serbiarra duena eta aita, berriz, musulmana; serbiarrak herrian sartzen direnean, jatorri musulmaneko gainontzeko herritarrekin batera atxilotu egiten dute S, eta emakumeen kontzentrazio esparru batera eraman. Hortik aurrerago hamar hilabeteak kontatzen ditu idazleak nobelan, eta hura da haren lan ezagunenetako bat. Lana euskarara iritsi berritan, Donostiako Literaktum jaialdian izan zen egilea, eta «liburu zaila» dela onartu zuen, hala izan zela idazteko, eta hala dela oraindik ere irakurtzeko. 

Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko liburuak ere Balkanetako gerraren izugarrikerietan egiten du aztarrika. Jugoslaviako Errepublika Sozialista zatitzen hasi eta estatu berriak sortuz joan ahala, milaka izan ziren erailketak, lekualdatzeak eta bestelako bortxak, eta krimen horiengatik akusatutakoei ahotsa jarri zien Drakulicen liburu horretan, Hannah Arendten «gaizkiaren hutsaltasuna» kontzeptuari segituz, eta kasu horretan ere idazkera argi bat baliatuz. 

Bizipen lazgarrien ondorengo bizitzen testigantzetara behin eta berriz itzuli zen Drakulic, eta, liburuak ez ezik, hamaika artikulu ere plazaratu zituen hainbat hizkuntzatako agerkarietan. Aurtengoa du bere azken liburua, hastapenetako posizio feminista beretik ondua: Zergatik ez nuen sukaldean ikasi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA