«Gustatzen zaizkit arkitekturaren historiarekin inolako zerikusirik ez duten eraikin hauskorrak; izan errepide bazterretako fruitu postuetako aterpeak, zirku ibiltarien karpak edota jendeak eskura dituen materialekin osatzen dituen aterpeak». Smiljan Radic Clarke arkitekto txiletarrak maite du materialekin eta formekin esperimentatzea. Horren froga dira bai 2014an Londresko Serpentine Galleryrako sortu zuen behin-behineko oskol erdi gardeneko pabiloia, bai eta hura esplikatzeko emandako azalpenak ere. Ezagun zen haren izena arkitektura zaleen artean, eta are ezagunagoa izango da aurrerantzean. Munduko arkitektura saririk entzutetsuena jaso berri du: Pritzker saria.
Haren lanen «originaltasun erradikala» nabarmendu du epaimahaiak, eta adierazi originaltasun hori lotuta dagoela «materialen esperimentazioarekin eta memoria kulturalarekin».

Radicek Txilen egin zituen arkitektura ikasketak, eta bertan daude haren lanik esanguratsu gehienak. Arkitektura aldizkari espezializatuek behin baino gehiagotan aztertu izan dute haren obra, eta 2013an Txileko Vilches hirirako sortutako Casa del Poema del Angulo Recto da nabarmendu izan dioten eraikinetako bat, esate baterako. Baso batean kokatutako babesleku moduko bat da lana, eta hormigoiz eta zurez eginda dago. Eta obra horixe nabarmendu du Pritzker saria eman dion epaimahaiak ere.
Giroaren garrantzia
Londresko galeriarentzat sortutako pieza ere aipatu dute sariaren berri ematean. Eta hura aurkeztu zuenekoak dira Radicen azalpen hauek ere: «Uste dut arkitektura garaikideak arreta handiegia jartzen duela gainazalean eta eraikinen sentsazio bisualean. Niri gehiago interesatzen zait giroak sortzeko arkitekturak duen gaitasuna, nola ematen dion aireari ezaugarri bat, soinuarekin, argiarekin, airean dabilen hautsarekin edo ezohiko tenperatura batekin».
Txileko Concepcion hirirako egindako antzokia ere txalotu dio Pritzker sariaren epaimahaiak. Eraikinak egunez argia nola filtratzen duen nabarmendu dute, esaterako, eta gauez nola argitzen duen ingurua. Eta, epaimahaiaren hitzetan, nabarmenkeriarik gabe egiten du hori eraikinak, monumentalitaterik edota gehiegizko egiturarik gabe.
Santiagoko Kolon aurreko artearen museo handitzeko 2013an egindako lanaren kalitatea ere aipatu dute adituek. Kasu horretan, lurpera jo zuelako arkitektoak espazio bila. Eta, horrez gainera, Viña Vik upategirako sortutako eraikina ere txalotu dute, Andeen magalean dagoen eraikin horrek inguruarekin bat egiteko duen modua azpimarratuta.