Artea

So egiteko eta egoteko artelanak

Mikel Diez Alabak 'Denboraren uneak' erakusketa osatu du bere ibilbidean zehar egindako hainbat artelanekin. Donostiako Ekain arte galerian egongo da ikusgai urriaren 11ra arte.

Mikel Diez Alaba, Ekain galeriako bere 'Denboraren uneak' erakusketan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Mikel Diez Alaba, Ekain galeriako bere 'Denboraren uneak' erakusketan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Donostia
2025eko irailaren 18a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru hamarkada baino gehiagoren ostean, Mikel Diez Alabak (Bilbo, 1947) berriro erakutsiko ditu bere artelanak Donostian, zehazki Parte Zaharreko Ekain galerian. Bere ibilbide luzean zehar egindako hemezortzi lan ikus daitezke bertan. Diez Alaba: «Horko horrek [atzealdean duen koadroari keinua luzatuz], adibidez, 40 urte beteko ditu datorren urtean».

Bilbon jaio zen, eta gazte gaztetatik kanpora joan zen arte ikasketak egitera: Valentziako (Herrialde Katalanak) San Carlos eta Madrilgo San Fernando arte eskoletara. 1970eko hamarkadan, beka batekin, Parisera joan zen bere artea garatzera. Garai hartako bere lanek gizakiaren kezkak eta ezinegonak zituzten ardatz, eta horren erakusle da Francis Baconen eragin nabaria.

1981ean Menorcara (Herrialde Katalanak) joan zen, eta ordutik han bizi da. Azaldu duenez, irlara joan zenean XVI. mendeko dorretxe batean bizi zen, eta azkenengo solairuan marrazketarako tailer bat antolatu zuen. Gelatxo hartan eskailera bat zegoen, goiko terrazarako sarbidea zena. «Terraza hartatik irla erdia ikus zitekeen; ekialdean itsasoa genuen, eta inork baino lehenago ikusten genuen egunsentia», adierazi du.

Gehienbat horixe da haren koadroetan ikus daitekeena: terraza hartatik ikusten zituen zeruak. Diez Alaba: «Oroitzen dut koadro hori noiz margotu nuen. Kotxean nindoan etxerantz, eta zeruan halako gertakari bat izan zen, non kotxea gelditu egin behar izan nuen zeruari begira ipintzeko. Ziztu bizian dorretxera iritsi, eta tailerrera igo nintzen. Koadro hori da gertaera horren emaitza». Agian bere garairik espiritualena izan zela aitortu du.

Urdina gainontzeko koloreen gainetik

Obren gehienak zeruen islak badira ere, ezberdinak dira, egilearen pertzepzioa ere ezberdina baitzen beti. «Lana egiteko orduan, inguratzen nauen munduan oinarritzen naiz», azaldu du margolariak, eta gauzen itxurakeria albo batera uzten saiatzen dela gaineratu du.

Inspirazioa bat edo bestea izan, artistaren lan gehienetan tonu urdinak nabarmentzen dira. Margolariak azaldu du betidanik erakarri duela urdinak, batez ere urdin anilak: «Urdinek beti dute zerbait, emozio eta sentipen bereziak transmititzeko gai dira». Koadro guztiek dute urdin ukituren bat, baina denak urdin ezberdinak direla jabetuko da ikuslea.

Mikel Diez Alabaren Ekain galeriako 'Denboraren uneak' erakusketaren lagin bat
Mikel Diez Alabaren Ekain galeriako 'Denboraren uneak' erakusketaren lagin bat. MAIALEN ANDRES / FOKU

Prozesu fisiko eta mentala

Artelanen sorkuntza nola gauzatzen duen azaldu du, eta argi utzi du «fisikoa eta mentala» izaten dela. Hasteko, beharrezkoak izango dituen material guztiak prestatzen ditu, eta isiltasunaren bila abiatzen da. Lortzen duenean, kontrolatzen ez duen zerbaitek barrutik zerbait atera dakion itxaroten du. Batzuetan, keinuetan oinarritzen da, eta bat-batean, zerbaitek marrazten hastera eramaten du: «Ez dago kontzientziarik, ni exekutatzaile hutsa naiz», azaldu du. 

Margolariak aipatu du koadro bat margotzea mihisearen eta egilearen arteko elkarrizketa bat dela. «Beharrezkoa bada, gelditu egiten naiz, koadroak atseden har dezan. Gelditu, margolana esku artean hartu, altxatu eta zer gertatzen ari den begiratzen dut, bertan berriro barneratu ahal izateko».

Diez Alabak esan du Donostiako galerian zintzilik dauden koadroak «so egiteko eta so egoteko» koadroak direla. Pintzelkada bakoitzak «bizi propioa» duela ere aipatu du: «Egun batean deskubritu nuen zerbait irudikatzeko ez nituela pintzelkadak pilatu behar, zertzelada bakoitzak bere balioa zuela ikasi nuen. Bakoitza independentea izango balitz bezala da».

«Egun batean deskubritu nuen zerbait irudikatzeko ez nituela pintzelkadak pilatu behar, zertzelada bakoitzak bere balioa zuela ikusi nuen»

MIKEL DIEZ ALABA Artista

Egilearen esanetan garrantzitsua da, so egiteaz gain, so egotea: denbora batez begira egonez gero, hasierako irudipena galdu, eta beste bat iradoki dezaketelako. Izan ere, egileak argi azaldu du gizarte ohiturek erabat baldintzatzen dutela artearen esperientzia: «Inguratzen gaituen munduaren misterioa zera da, ohitu egin garela lehen begirada definitzailea izan dadin. Eta badira gauza asko lehen begiradatik at geratzen direnak, ezin daitezkeenak ikus. Niri neroni ere gertatu zait duela urte asko marraztutako koadro bat begiratzean gauza berriak ikustea eta 'ai ama!' esatea». Eta aldi berean, kontrajarria dirudien arren, esan du koadroak margotu zituenean haietatik jasotzen zuenak oraindik irauten duela.

Atenporalitatea funtsezko

Margolariak freskura, askatasuna eta bat-batekotasuna nabarmentzen ditu bere lanetan: «Action painting-aren antzekoak dira, baina lanaren barnean bidaiatzen uzten dute», azaldu du. Hiru ezaugarri horiek aipatu ostean, berari funtsezkoa iruditzen zaion beste kontzeptu bat azaldu du: atenporalitatea. Diez Alabak esan du bere koadroak denboraren ikuspegitik zehaztugabeak direla, ez direlako testuinguru historiko eta sozial bati lotuak egon —bere zenbait belaunaldikiderenak ez bezalaxe—. «Hemen dauden lanak atzo goizean margotu nituela esango banizu, sinistu egingo zenidake», adierazi du, irribarrez.

Denboraren ziurgabetasun horrek ikusleari bere interpretazioa eraikitzeko modua ematen diola azaldu du. Norberak bere espazio propioa eraikitzen omen du, eta hori ere momentuaren araberakoa dela gaineratu du. «Niri koadroren batek aurretik iradokitzen ez zidan zerbait transmititu izan dit, nire egoera pertsonala bestelakoa zelako. Eta jendeak galdetzen didanean zer esan nahi ote dudan margolan jakin batekin, 'zuk ulertzen duzuna' erantzuten diot». Margolariak askatasun osoa ematen du norberak bere interpretazioa egin dezan.

Edonork bere interpretazioa egin dezan nahi du, baina beti onura bat izan dezala. Kalte egiteko diren lanak arbuiatu egin izan dituela azpimarratu du: «Azken urteetan koadro batek muturreko biolentzia transmititzen duela ikusi badut, estali egin izan dut. Ez dut erakutsi nahi izan, ez diolako inori laguntzen».

Bilbon jaioa izanagatik ere, bere lanak Donostian erakustearekin oso kontent dagoela esan du, Gipuzkoan «lagun min asko» izan zituelako. Izan ere, belaunaldikideak izan zituen Bixente Ameztoi, Juan Luis Goenaga, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta, besteak beste. Hala ere, guztien artetik Jorge Oteiza nabarmendu du, hark «norabide eta zentzu bat» eman zielakoan gainontzeko guztiei.

Egileak Ekain galeriako Rita Unzurrunzagarekin batera hautatu dituen lanak urriaren 11ra arte egongo dira ikusgai Gipuzkoako hiriburuko arte galerian. Bertako arduradunaren esanetan, «bizigiro ederrean» hartuko dituzte bisitariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.