Artista bakoitzaren «soinu aniztasuna eta sortzeko askatasuna» bihurtu ditu aldarri nagusi Bilboko BBK Live jaialdiak aurten. Hala, ibilbide artistiko oparoa izan duten eta industrian hasi berriak diren musikariek bat egingo dute Kobetamendin, festibalaren hemeretzigarren aldian.
Pepe musika elektronikoko musikari eta ekoizleak irekiko du jaialdia, gaur, 17:00etan; Basoa eszenatokian joko du, eta Fafi Abdel Nour, CC:DISCO!, Carista, Tiga, b2b eta Cora Novoa tekno musikako artistek hartuko dute ondoren oholtza. Lasai eszenatokiarekin batera, hain justu, musika elektronikoaz gozatzeko gunea izango da beste behin ere Basoa. Gainera, festibalaren aurreko aldietan bezala, askotariko erritmoak entzuteko beste lau eremu izango dira Kobetamendin: Nagusia, San Miguel, Johnnie Walker eta Repsol. Larunbata bitarte, ehun artista baino gehiago igoko dira eszenatoki horietara; izen nagusien artean daude Pulp, Raye, Bad Gyal, Kneecap, Kylie Minogue eta Nathy Peluso. Kontzertu nagusiez gain, beste hainbat tailer eta kontzertu berezi prestatu dituzte festibalaren antolatzaileek.
Pulp taldeak, esaterako, gaur emango du kontzertua, 22:50ean. 1978an sortu zen taldea, baina 90eko hamarkadan izan zuen arrakasta handiena. 2004an banandu ziren, eta bost urte igaro ondoren eszenatokietara bueltatu ziren. Ordutik, ez diote musika jotzeari utzi. Britpop estiloa jorratzen du, eta aurten lehen aldiz igoko da BBK Live jaialdiko oholtzara.
Raye eta Bad Gyal dira biharko izen handietako bi. Agertoki gainean boterea transmititzen dute bi abeslariek, bakoitzak bere estiloan. Rayek pop, soul, jazz eta gospel erritmoak landu izan ditu musikan hasi zenetik; Bad Gyal, berriz, reggaeton musikako erreferente handienetako bat da. 23:20an abestuko du Rayek, eta gero, 01:40an, Bad Gyalek. Orbital bikote britainiarrak ere bihar joko du, 03:00etan. Punk-rockean oinarritutako acid house estiloa landu du gehienbat Orbitalek; 1989an sortu zen, eta zuzenekoetan inprobisatzeko ohiturak ospe handia eman die taldeko musikariei.
Biharkoan, gainera, Irlandako Kneecap taldea igoko da oholtzara, 20:00etan. Rich Peppiatt zinemagile ingelesak taldearen jatorriari eta ospeari buruzko film bat ondu zuen 2024an, eta horrek sona ekarri die nazioartean. Irlandan gaelikoaren ofizialtasuna aldarrikatzen duen mugimenduaren irudi bilakatu dira, eta mezu politikoz beteriko kantak abesten dituzte, gaelikoz.
Kylie Minogue pop ikonoa izango da, zalantzarik gabe, larunbateko izarra. 38 urte daramatza oholtza gainean, eta Can't Get You Out of My Head da haren abestirik ezagunena. 22:35ean eskainiko du emanaldia. Haren ostean Nathy Pelusok joko du, 00:15ean. Argentinako kantariak nazioarteko ospea eskuratu zuen 2020an, Bizarrap ekoizlearekin ateratako kantuari esker: Bzrp Music Sessions, Vol.36. Hip-hopa eta Latinoamerikako erritmoak nahasten ditu bere musikan.
Ibilbide laburragoa duten artistei dagokienez, Mirua, Wunderhorse, Judeline eta Malko dira aipagarrienetarikoak. Miruak, zehazki, disko berria kaleratu du aurten: Miruenea. Hyperpopa eta euskal folklorea bateratu ditu lan hori osatzen duten zortzi kantetan, eta gaur interpretatuko ditu BBK Liveko oholtzan, 17:45ean. Wunderhorsek, Judelinek eta Malkok disko bana kaleratu zuten iaz: lehenak Midas, bigarrenak Bodhiria eta hirugarrenak Esan ez direnak. Rock introspektiboa eta energiaz beteriko abestiak bateratzen ditu Wunderhorsen lan berriak, eta musika urbanoko soinuen eta flamenkoaren arteko nahasketa da Judelineren azken lana. Gaur eskainiko dituzte kontzertuak, 19:15ean eta 23:15ean. Malkok, bestalde, esanahiz eta emozioz beteriko rock diskoa sortu du, eta larunbatean aurkeztuko du, 17:30ean.

Aurtengo BBK Live bizipen kolektibo bihurtu nahi dute antolatzaileek, eta, horretarako, askotariko musika erritmoak eskaini nahi izan dituzte. «Esperientzia paregabe bat» ziurtatzeko asmoz, gainera, ikusleen eta ingurune naturalaren arteko harremana sustatzeko kartela osatzen saiatu dira.
Kobetamenditik harago
Hemeretzigarren aldiaren harira, hainbat berrikuntza izan ditu Bilboko BBK Live jaialdiak. Arraiz mendian, jaialdiko kanpina jartzen duten eremuaren eta sarrera nagusiaren artean, Akelarre topagunea izango da. Gaur irekiko dute, eta musika elektronikoaz gozatzeko aukera eskainiko du. DJ GAZZI izango da aurten gune horretako arduraduna, eta besteak beste Piolinda Marcela, Clock Poets, Manuel B2B Uve eta Karne Kulture artistekin kolaboratuko du jaialdiak iraun bitartean. Besterik ere izango da kanpinean; Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, antolatzaileek Helburu Soinuak tailer multzoa prestatu dute lehen aldiz. Tailer multzo horretan, txalaparta eta euskal dantzak ikasteko aukera emango diete parte hartzaileei, hizkuntzen eta kulturen aniztasuna erritmoaren eta mugimenduaren bitartez arakatuz. Gaur, etzi eta larunbatean egingo dituzte tailerrak, 11:30etik 13:30era. Doakoak izango dira.
Jaialdiaren mugak hedatzeko eta herritar guztien partaidetza bermatzeko helburuz, gainera, Bereziak proiektua antolatu du BBK Live jaialdiak. Festibalak iraun bitartean, doako hainbat kontzertu izango dira Bilbon. Lau eszenatoki jarriko dituzte: BBK eszenatokia, BBK aretoaren parean; San Miguel eszenatokia, Areatza pasalekuan; Johnnie Walker, Pedro Ibarretxe kalean; eta Vueling, Uribitarte pasealekuan. Javier Calvoren Raya Diplomatica taldeak emango dio hasiera Bereziak proiektuaren programazioari, gaur, 13:00etan, BBK eszenatokian. Eguneko emanaldi bakarra izango da, baina bihar beste musikari batzuek joko dute; La Plata, Grande Amore, Azuleja, Dano, Puño Dragon eta Sr. Chinarro artistek, zehazki. Kobetamendiko eremuan bezala, Bilbo erdiguneko azken emanaldiak ere larunbatean izango dira. La Prohibida, Putochinomaricon, Luz de Santa, Girl Ultra, Sanguijuelas del Guadiana eta Ultraligera artistek hartuko dute oholtza.
Urtea amaitu baino lehen, beste sei musika emanaldi eskainiko ditu BBK Live jaialdiak. Sirimiri izena jarri diote kontzertu multzo horri, eta hurrengo urteko festibalaren aurrerapena izango da. Irailaren 12tik azaroaren 20ra bitartean, Albany, Samantha Hudson, Robert Finley, Juicy BAE, Queralt Lahoz, Amore eta Mirua ariko dira oholtza gainean. Sarrerak salgai daude jaialdiko webgunean.