Musika

Birsortze bat, esentzia galdu gabe

Ezta Ilen taldeak bigarren diskoa atera du: 'Oroituko gara, biharko egunez'. Doinu melodikoagoekin jolastu dira, eta soinu berriak sartu dituzte, baina taldearen izaera aldatu gabe. Udako azken kontzertua gaur izango da, Gasteizko jaietan.

Ezta Ilen musika taldearen argazkia. EZTA ILEN
Ezta Ilen musika taldearen argazkia. EZTA ILEN
2026ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aldaketa eta garapena izakiaren berezko ezaugarriak dira. Aldaketarik ez badago, ez dago hobekuntzarik. Lehen eskutik ikasi du hori Ezta Ilen musika taldeak. 1990eko hamarkadako Erresuma Batuko rock alternatibotik hasi, eta egungo Fontaines D.C. taldearen inspirazioen zantzuak nabari dira disko berrian. Erroak punk eta post-punk estiloan izan arren, musika lasaiago eta melodikoago batera igaro da Zaldibarko (Bizkaia) taldea Oroituko gara, biharko egunez diskoan. Udan duten azken kontzertua Gasteizko festetan izango da, gaur 22:00etan, txosnagunean.

Ezta Ilen taldea Aritz Aranburuk, ezizenez Terran, eta Ander San Martinek hasi zuten. Pandemian buruari bueltak ematen hasi, eta abesti akustikoak egiteari ekin zioten: «Gauza txukunak atera ziren, eta talde moduan geure buruari aukera bat ematea erabaki genuen». Bateria bat falta zuten, ordea. Orduantxe agertu zen Sergio Devesaren izena. «Musikak elkartu gintuen hirurok», laburbildu du bateria jotzaileak. Abestiei forma eman, eta 2023an atera zuten lehen diskoa.

Hasiera batean «inprobisaziotik asko edan» zutela adierazi du Devesa bateria jotzaileak. Oroituko gara, biharko egunez, berriz, «lanketa prozesu luzeago baten emaitza» dela diote.

Diskoan denetariko abestiak aurkitu daitezke, baina, taldekideek adierazi dutenaren arabera, denek dute helburu bera: «Melodikoki politak izatea». 2023an argitaratu zuten lehen diskoa: Ezta Ilen. «Aurrenengoz entzutea kosta egiten zela esaten zigun jendeak, nahiz eta gero asko gustatu», azaldu du San Martinek. Lehen entzunaldi horretako esperientzia aldatu du oraingoan taldeak, nahiz eta ez izan nahita egindako zerbait.

Aldaketa garaia

«Entzulea erakartzeko helburuz», euskal publikoan ohikoak ez diren soinuak sartzen saiatu dira. Hori horrela, abestietan 80ko eta 90eko hamarkadetako shoegaze eta britpop estiloen zantzuak ikus daitezke. Baita egungo Fortaines D.C. eta English Teacher taldeetatik hartutako inspirazioa ere.

Entzulea harrapatzea ez da lan xamurra izaten. Penaz komentatu du Aranburuk gaur egun jendeak ez duela «tarte lasai bat» hartzen musika entzuteko. «Gustatuko litzaidake entzuleek disfrutatzeko momentu batean entzutea diskoa», zehaztu du musikariak. San Martinek zera gehitu du: «Lehenengo bueltan ez dira diskoaren xehetasun guztiak ulertzen, eta behin baino gehiagotan entzun behar da». Hala ere, nork bere entzute prozesua duela azpimarratu du Devesak.

Oroituko gara, biharko egunez diskoan «heldutasuna» nabari dela nabarmendu dute. Taldekideen arabera, lehen diskoak taldearen izaera aurkitzeko bidea ireki zuen, eta bigarrenean, ikasitakoa aplikatu zuten. Musika lasaiagoaren eta melodikoagoaren alde egin nahi dute orain, eta horren emaitza da 43 minutuko lan hau. «Gitarraren soinu landuagoak, erritmo errepikatuak eta tentsio uneak sortu nahi genituen», esan du San Martinek. Doinuak ez ezik, ahotsaren trataera ere desberdina izan da.

Heldutasun hori lortzea erronka izan dute hasieratik. Devesak adierazi duenez, «oso garrantzitsua» zen diskoko hamar abestietan taldearen esentziari eustea, soinu berriak sartu izanagatik ere. Hirurek, pozik, helburua lortu dutela adierazi dute: «Jendeak nabaritu eta ulertu du heldutasun puntu hori, eta taldearen esentziak hor jarraitzen duela esan digute».

Heldutasunetik harago

Aranbururen ustez, Bihotzez naiz abestia konposatzerakoan hasi zen aldaketa: «Abesti lasaiago bat zen, eta ausartak izan ginen aldaera hori egiterakoan». Hala ere, San Martinek azpimarratu du aldaketak egiteko beharra zutela onartzeak «barne lanketa» bat ere ekarri zuela. Hori horrela, taldearen izaera garatzen segitu nahi dute. «Oso pozik gaude lortu dugun emaitzarekin, baina beti gorantz joan nahi dugu», azpimarratu du Devesak.

Diskoa uztailean argitaratu zen arren, aurrerapen txiki bat eman zuten joan den urrian Bihotzez naiz eta Ahanztura eta adio abestiak kaleratuta. «Musika egiteko berriro elkartzeak ilusioa piztu zigun», azaldu du Terranek. San Martin ados dago horrekin: «Talde moduan oraindik indar handia dugula ikusi genuen momentu horretan». Devesen ustez, taldekide guztiek bete-betean egon behar dute musika ateratzeko; «baina oso zaila da hori».

Udan egin dituzten emanaldietan jendeak abestien hitzak ozen kantatzen zituela azaldu du Aranburuk hunkituta, eta horrek «bultzada handia» ematen diela aitortu du. Gaur emango dute udako azken kontzertua, Gasteizko festetan. 

Devesarentzat, «izugarria» da oholtzara igotzea. Aranburuk, berriz, grabaketetan bizi izandako une kutunak azpimarratu ditu: «Ahaztu egiten zaigu grabaketa bat dela, entsegu moduan hartzen dugu, eta barrez amaitzen dugu denok». Aldiz, San Martinenentzat konposizioa da alderdirik gogokoena; «oso aberasgarria» dela dio: «Inprobisaziotik bat-batean zerbait ona ateratzen deneko momentuak gogobetetzen nau».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA