Sormena Eskoziako gaelikoan

Arrisku gorrian badirau ere, gaelikoak sormen bizia du Eskozian. Horren adibide dira, besteak beste, Marcas Mac an Tuairneir eta Padraig MacAoidh poetak.

'MARRAM'
Aktore gisa ere egin du lan Marcas Mac an Tuairneir poetak, Robbie Jonesen eta Elspeth Turnerren Marram film laburrean. Irudian, filmeko fotograma bat. 'MARRAM'
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Hiru hizkuntza dira nagusi Eskozian: gaelikoa, ingelesa eta eskoziera. Bi dira koofizial: hiztun kopuru handiena duena, ingelesa; eta txikiena duena, gaelikoa. Alabaina, eskozierak gaelikoak baino prestigio handiagoa du literatur historiografian. Ondo aztertu eta zabaldu da, esaterako, Robert Burnsen poesia (Allmhaigh, Eskozia, 1759-Dun Phris, Eskozia, 1796), eta orain arteko makar guztiek —hau da, Eskoziako poeta ofiziala; makar poeta da eskozieraz— ingelesez edota eskozieraz idatzi dute. Poeta ofizialak Eskozian 15.000 liberako soldata jasotzen du, irakurketetan eta ekitaldi ofizialetan parte hartzearen truke.

Gaelikoak badu antzekotasunik euskarak Ipar Euskal Herrian pairatzen duen egoerarekin. Eskala ñimiñoa da, eta hiztun dentsitatea uharteetan bakarrik aurkitzen da; hirietan gaelikoak ez du ikusgaitasunik. Jakina da gaelikoa oso egoera zaurgarrian dagoela, eta Unescok dio arriskuan dela; 2011ko datu soziolinguistikoen arabera, %0,5ek bakarrik hitz egiten dute gaelikoz etxean. Paradoxikoki, agian hizkuntza globalaren alboan diglosia bikoitzak sortzen duen disfuntzionaltasuna dela medio, handiagoa den eskoziera gaelikoarekin lehian izan da koofizialtasuna eskuratzearren. Konplexua da Eskoziako gatazka linguistikoa.

Horri beste paradoxa bat gehitu behar zaio: arrisku gorrian badirau ere, gaelikoak sormen bizia du Eskozian. Liburugintza sustatzen duen erakunde ofizialak, hots Comhairle nan Leabhraichean edo The Gaelic Books Council delakoak, hizkuntzari lotutako testuliburuez gain, orotariko uzta oparoa eskaintzen du, zientzia fikzioa barne. Nobela da genero berantiarra, eta, neurri handi batean, goitik behera sustatu dena. Poesia, aldiz, tradizioaren euskarriarekin indartsuen den literatur generoa du gaelikoak; lehenago aipaturiko erakundearen webgunean (www.gaelicbooks.org) ikus dezakegu poesia garaikidean 86 liburu daudela. Gaelikoz argitaratzen diren poema liburu gehienak elebidunak dira; idazleak gaelikoz argitaratzeko jaso dezake diru laguntza ofiziala, eta ingelesezko itzulpena egitea bere kontu edota argitaletxearen esku geratzen da. 32.000 hiztun inguruko komunitate alfabetatua izanik, ezin da bideratu elebakartasuna poesia argitalpenetan.

Marcas Mac an Tuairneirrek Erresuma Batuko nazioen irakurketa postkoloniala lantzen du ‘Polaris’ lanean

Kontrako muturretan dauden zaurgarritasunaren eta sormenaren arteko korapiloa askatzeko, aski da Marcas Mac an Tuairneir poetarekin hitz egitea. Milurteko berriarekin loratu zen poesia boom txikian argitaratzen hasi ziren poeten artean dago Mac an Tuairneir. Poeta horietariko gehienak hiztun berriak dira. Berak badu horretan berezitasun bat: ingelesa da, Yorken jaioa 1984an, eta Obar Dheathaineko Unibertsitatean (Eskozia) ikasi zuen gaelikoa, duela hogei urte.

Mac an Tuairneirrek bardoaren performance eraberritua gorpuzten du; bardo gaelikoa bertsolariaren eta poetaren erdibidean dago, bat-batekotasuna izan ezik, figura horretan musika eta poesia uztartzen baititu, hainbat ekitaldi publikotan parte hartuz.

Musika —baita musikariekin elkarlana ere— oso garrantzitsua da bere lan egiteko moduan. Haren ustez, musikak ehuntzen du komunitate gaelikoa hirietan. Irletako eta Highlands eskualdeko hiztunak sakabanatuta daude hiri testuinguruetan, euren egunerokotasunean ama hizkuntzan hitz egiteko aukerarik gabe, baina abesbatzek gaelikoz hitz egiteko aukera ematen diete. Mac an Tuairneirrek dio Eskoziako hirietan abesbatzak gaelikoaren inkubagailuak direla. Pandemia garaian, bere abesbatza Zoom bidez elkartzen zen komunitate lotura babesteko eta gaelikoz hitz egiteko aukera ez galtzeko. Hizkuntza gutxitu oro pandemia garaian askoz ere zaurgarriago bilakatu zen.

Bere azken poema bilduma, 2022ko Polaris, anbizio handiko lana da, Erresuma Batuko nazioen irakurketa postkoloniala lantzea baitu xede. Aldi berean, hizkuntzen eta itzulpengintzaren gorazarre bat da; izenburuak hizkuntzak esan nahi du polari hizkuntzan, zeina legalizazioa baino lehen gay komunitatean ezkutuko hizkuntza izan zen Erresuma Batuan. Bilduma horretako Salbagailua poema-kantan —Padraig Morrisonen musikarekin Ainsley Hamille abeslariak egin du bere—, sormenaren beharraz idazten du. Pandemiak sorturiko krisialdian idazketan babesteko ez ezik, gobernu kontserbadoreak sustatuko propagandaren aurka egiteko idatzi zuen poema hori, zehazki pandemia garaian zabaldu zuten posterrean emakumezko ballet dantzari gazte bati beste ogibide bat aukeratzeko eskatzen zitzaiola eta —hori bai, teknologiarekin zerikusia zuen lanbide bat—.

Mapek eta Eskoziako Lewis uharteko nortasunak garrantzi handia dute Padraig MacAoidh poetaren lanean

Zailtasunak zailtasun, sorkuntza lanetatik bizi da Mac an Tuairneir. Berak dioenez, patchwork moduko zerbait da bere lan praktika: itzulpen lanak —Lawrence Schimelen haur literatura itzuli du gaelikora—, musika —Speactram, gaelikoz plazaratutako aurrenengo pop diskoa berea da—, dibulgazio lana —esate baterako, ondu dituen poema-bideoak— eta poesia landu izan ditu.

Aktore gisa ere egin du lan, Robbie Jones eta Elspeth Turnerrek zuzendutako Marram film laburrean (2023) parte hartuz, non amaren etxean elkarren artean oso bestelakoak diren bi seme ditugun; bata tradizioari atxikia, bestea modernitateari. Filmean amak dio garai batean irla ez zegoela periferian, komertzioaren erdigunean zegoela. Erresistentzia pieza ederra da filma: museoan bizi nahi ez duten hiztun gaelikoak irudikatzen ditu.

Kartografia propioak

Mac an Tuairneirren garaikidea da Padraig MacAoidh (Lewis uhartea, Eskozia, 1979). Haren lau poema daude euskaraz irakurgai, Armiarma atarian. Mapek eta Lewis uharteko nortasunak garrantzia dute bere lanean. Kartografia giltzarri da arte eta literatura garaikidean, zeinak esanahi sakonagoak dituen hizkuntza gutxituetan. Joseba Sarriondiaren eta Aurelia Arkotxaren kartografiaren antzeko lurraldeak ditugu MacAoidhen poemetan; azken finean, zaurgarritasunaren kartografia baita. Bere poemak basatiak eta desiraz blai daudenak izan daitezke, herioaren patua saihesteko.

Nàdar de bilduman (2020), Punctum poema finean, Lewisko komunitatea irudikatzen du irlari buruzko dokumental bat ikusten. Filma bukatu ondoren, aulkiak jasotzen ari dela, bere ama da poemaren punctum-a —Barthesen arabera, argazki batean ikuslea ukitzen duen osagaia—. Poema zirraragarri horretan, hiztuna ez da dokumentalaren objektu, subjektu baizik; sormena gaelikoz erresistentzia baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.